Musika bizirik ikastetxeetan

2026/03/31

Zer da musikari izatea? Bakarrik soinu tresna bat jotzea, talde bateko kide izatea, edo norbere zaletasunetik bizitzea? Eta nola erabakitzen da bizia musikari eskaintzea, are gehiago euskara bezalako hizkuntza batean idaztea eta sortzea? Artisten eta ikasleen arteko trukaketak ahalbidetzen dituen Musikariak ikastetxeetan dispositiboa galdera guzi horien inguruan antolatua da.

Musika bizirik ikastetxeetan
Habia taldea CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

Musikariak ikastetxeetan dispositiboak, artistarekilako topaketa baten karietara, ikasleei euskal musika garaikideak (pop, rock, folk, rap...) ezagutzeko, eta haien sustraiak (kulturalak, sozialak, politikoak) eta eraginak (eskualdekoak eta nazioartekoak) ulertzeko aukera ematen die. Topaketa hauek, gazteei musikaren praktikaz bizi diren pertsonen lekukotasunak entzuteko parada eskaintzen die, eta orokorkiago, gazteen eta euskal kulturaren arteko lotura indartzen dute. Halaber, ikasleei euskarazko adierazpen eta hausnarketa gune bat proposatzeko parada ezinhobea da. 

Dispositiboan parte har dezaten proposatzea, euskal musikarien profesionalizazioaren sustengatzeko modu bat da, baita topaketek eskatzen duten prestakuntza eta pedagogia lana onartzea ere. Aurten, ikastetxeek "Pass Culture" kredituak baliatzen ahal zituzten kultura-eskaintza honen diruztatzeko.

Habia taldea Hazparneko Elhuyar kolegioan - EKE - CC-BY-SA Lorentxa Saragueta
Habia taldea Hazparneko Elhuyar kolegioan - EKE - CC-BY-SA Lorentxa Saragueta

2025-2026 ikasturtean zehar, Baionatik Xiberora, 13 musikari joan dira Iparraldeko ikasleengana (4.etik Terminalera). 20 topaketa gauzatu dira, 11 ikastetxetan, 500 ikaslerekin. Musikari bakoitzak bere metodoa badu, baina oinarriak berdinak dira: oren bat eta erdiz, bere ibilbidea kontatu, musika zati batzuk jo, ikasleak kantarazi edo musika tresnak probatzera gomitatu, orokorki musikarekin eta bereziki euskal musikarekin nolako harremana duten galdezkatu...

Aurten gonbidatuak izan diren musikariak hauek dira: Aguxtin Alkhat, Odei Barroso, La Basu, Pantxix Bidart, Thierry Biscary, Jurgi Ekiza, Maia Iribarne eta Elena Haira, Paxkal Irigoien, Iker Lauroba, Tristtan Mourguy, Miren Narbaiza eta Ibai Osinaga.

Ibai Osinaga (Ibil Bedi taldea) Baionako Etxepare lizeoan - EKE - CC-BY-SA - Lucie Lohier
Ibai Osinaga (Ibil Bedi taldea) Baionako Etxepare lizeoan - EKE - CC-BY-SA - Lucie Lohier

Gehiago jakin

  • Partaideak: Gotzon Barandiaran (Dijitalidadea elkartea) eta ikastetxeak.
  • Kontaktua: Lucie Lohier Fanchini - lucie.lohier@eke.eus / 05 59 93 38 72

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)