"HEZHI" proiektuaren bigarren edizioa: transmisio artistikoa gazte eleaniztunentzat
Euskal kultur erakundeak bigarren urtez jarraian berritu du Dijitalidadea agentziarekin duen partaidegoa, "HEZHI" mugaz gaindiko hezkuntza-proiektu eleanitzaren esparruan. Ekinbide honek ikerketa akademikoak, formakuntza, mugikortasunak eta irakaskuntza eleanitzerako pedagogia-tresnen sorkuntza sustatzen segitzen du. Bigarren edizio honen bidez, EKEren xedea da Ipar eta Hego Euskal Herriko lizeoko ikasleei Odei Barroso raplari eta musikagilearen unibertsoa ezagutaraztea, musika-sorkuntzarako gogoa piztea eta mugaz bi aldeetako loturak azkartzea.

Euskal kultur erakundeak tokiko eragileekin batera eraikitako eta ikasgaiekin estuki uztartutako ibilbide artistiko eta kulturala eskaintzen du. Hezkuntza-proiektu oso honek irakasmateriala eskaintzen die ikasleei artista baten mundua ezagutzeko, sorkuntza-ibilbide berezi bat eta ikastetxeen arteko truke-egun bat.
HEZHI proiektuari hasiera eman zitzaion 2026ko urriaren 29an, Baionako Maurice Ravel Kontserbatorioan. Okasio horretan, lankidetzan ari diren lizeoetako irakasleak, bereziki Zarauzko (Gipuzkoa) Lizardi institutuak eta Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) Nafarroako lizeokoak, Odei Barroso artistaren inguruan bildu ziren.
Lehen topaketa honek helburu bikoitza zuen:
- Irakasmateriala eta lanabesak irakasleei ezagutaraztea.
- Sorkuntza-ibilbidea pentsatzea, artistekin zuzeneko elkarlanean.

"Euskal musika bizi ezak/ezan!" ekimenaren bidez euskal musika ezagutarazi eta biziarazi nahi diegu ipar Euskal Herriko kolegioko eta lizeoko ikasleei, haren sustraiak (kulturalak, politikoak, sozialak) eta eraginak hobeki ulertzeko bidea emanez.
Gure beste helburu nagusia euskararen erabilerari zentzua ematea da, euskal musikari batekin elkarrekintzak sortuz eta euskara ideien eta emozioen bektore gisa erabiliz.

Xede horiek gogoan, euskal kantari eta musikari batzuen ibilbidea ezagutzea proposatuko zaie ikasleei, topaketa baten karietara haiekin bildu aitzin. Atal honetan biltzen ditugu, zenbait musikarirendako, deskubritze fase horretan erabiltzen ahal diren baliabideak.
Xehetasunak
HEZHI proiektuak lurraldeko hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntza sustatzen ditu, hizkuntza-oztopoak murriztuz eta mugaz gaindiko lankidetza, mugikortasuna eta integrazioa errazteko.
Proiektua ideia batetik abiatzen da: lurraldeko hizkuntza-aniztasuna aberastasuna da, baina erronka ere izan daiteke hizkuntzen ikasteko aukera-berdintasunari dagokionez. Euskara, frantsesa eta gaztelera ez dira modu homogeneo batean irakasten ez erabiltzen Euroeskualdean, eta horrek irakaskuntza-eremu koherente baten eraikuntza mugatzen du.
HEZHIk hezkuntza-eredu eleaniztunei buruzko ikerketa eta hedapena sustatzen du, hizkuntza formakuntza programa berrien baita hizkuntza eta kultura edukietan oinarritzen diren eskola eta eskolaz kanpoko trukaketa programa berrien sortzea ere.
Proiektu berritzaile honek lau ekintza nagusi ditu :
- Jardunbide egokiak identifikatuz eta bisiten bitartez mugako lurraldeetako hezkuntza eleaniztuneko marko teoriko-praktikoa sortzea.
- Irakasleen eta hezkuntzako profesionalen formakuntza eleaniztuna garatzea.
- Baliabide pedagogikoak eta komunikazio-baliabideak sortzea.
- Hezkuntza-mugikortasuneko dispositiboak garatzea eta sustatzea.
Partaideak eta kooperazio sarea
HEZHI proiektua, Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak koordinatzen du eta lurraldeko gobernuek (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua), goi-mailako irakaskuntzako erakundeek (Euskal Herriko Unibertsitatea – UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea – HUHEZI, Bordeaux Montagne Unibertsitatea) eta tokian tokiko heziketa-erakundeek eta erakunde kulturalek (Euskal Herriko Ikastolak, Seaska, Euskal Kultur Elkartea – EKE) parte hartzen dute.
Proiektua hezkuntza eta hizkuntza politiketan adituak diren kideen sare batean oinarritzen da ere : Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilua (CD64), Gipuzkoako Foru Aldundia, IKAS-BI elkartea, Larrun Eskola ikastetxea eta Bordeleko Errektoretza.
Partzuergo orekatu horri esker, mugaz gaindiko espazioan eleaniztasunak dituen erronken aurrean ikuspegi transbertsala eta kolaboratiboa garatu daiteke.
Anbizio handiko ekimen hori koordinatuz, Euroeskualdeak mugaz gaindiko lankidetza indartzeko eta hezkuntzaren kohesio eta berrikuntzaren onerako eleaniztasuna sustatzeko duen eginkizun nagusia berresten du.
Kofinantzaketa europarra
HEZHI proiektuaren (EFA158-04) % 65 Europar Batasunaren laguntzarekin finantzatu da Interreg VI-A España-Francia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programako AFOMEF POCTEFA deialdiaren bitartez. POCTEFAren helburua mugaz gaindiko Espainia-Frantzia-Andorra eremuan integrazio ekonomiko eta soziala sendotzea da.
HEZHIk lau urteko iraupena izango du, hiru ikasturte, 2025eko irailetik aurrera, eta guztira 3.099.609,35 €-ko aurrekontua du, horietarik 2.014.746,08 € Europar Batasunak eskainiak.
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)