Piarres Larzabal, idazle emankorrena

1945-1970 garaiko idazleen zerrendaren punta-puntan ezarriko dugu Piarres Larzabal.

Piarres Larzabal (1915-1988) © DR
Piarres Larzabal (1915-1988) © DR
1915ean Azkainen sortua zen. Apeztu orduko, apezpikuak 1939an bikario igorri zuen Hazparnera.

Baina laster Frantziak Alemaniari gerla deklaratu baitzion, Larzabal, erizain gisa deitua izan zen.
Alemaniako mugan, Alemanek setiatu zuten eta preso altxatu.
Hilzorian zegoela, Gurutze Gorriak librarazi zuen.

Hazparnera itzuli zen 1942an. Erresistentzian parte hartu zuen Komandante karguarekin. Lan handia egin zuen Hazparneko laborari eta langile gazteen argitzeko, sindikato bat ere sortuz.

Denbora berean komediak barra-barra idazten zituen.
Garai hartakoak dira: Kontrabandistak, Dendarietan, Manez ohoretan, Ferrando, Lau donadoak, eta beste.

Gero, 1951n, Apezpikuak Zokoako erretore izendatu zuen Larzabal, baina lotura sendoak atxiki zituen Hazpandarrekin, Etxahun (1952an) eta Bordaxuri (1953an) haren bi obrak Hazparneko taldeak estreinatu baitzituen.

Larzabal, iturri paregabea…

Etxahun obrarekin, Larzabalen omena hedatu zen Lapurdin, Baxenabarren, baita Gipuzkoan ere.
Eta gero, bere talentua baieztatu zuen, kasik urtero beti zerbait berri idatziz, haren antzerkiak Hazpandarrek bezala beste talde batzuek ere estreinatzen zituztela.

Herriko botzak

Larzabalekin egoiteko, goza dezagun Herriko botzak antzerkitik hartu zatitxoa. Obra horrek «Xuriak» eta «Gorriak» aipatzen dizkigu, erran nahi baita «Sabel Xuriak» zirela Erregetiarrak eta «Sabel Gorriak» Errepublikatiarrak. XIX. mendean hasirik, kasik herri guzietan, biziki luzaz iraun zuen bi zerrenden arteko borrokak.

Piarres Larzabal (1915-1988) eta Daniel Landart © Daniel Velez
Piarres Larzabal (1915-1988) eta Daniel Landart © Daniel Velez
Pako (mozkortia)
Ha, nun ditiat paperak?
Hemen daukat Zuriena eta hemen Gorriena.
Hauek gauza pollitak! Hauek badutela gero errespetu…
Ni, bozaren emaitera beti azken mementoan etortzen nauk…
Hauek eskutan ditudano, alabainan, NORBAIT nauk…
Zeren-eta, aitor-azue, denek zuen baitan mesprexatzen nauzue…
Bainan denak isilik zaudete,
paper pollit hau nahi duzuelakotz zuenganatu!
Paper hau ontzian ezarri ordutik, deus ez diat balioko zuentzat.
Deus, zuen ostikoentzat ere ez nauk on izanen!
Hortakotz ditiat paper hauek, ahal bezain luzaz eskuetan beiratzen…

Hau, zuena Xuriak!… Eta hau zuena, Gorriak… Sofri hor !
Biba Gorriak ! (eta edaten du arno gorritik).

Haatik, ez uste izan, zuek Xuriak,
baitezpada gorrieri eman gogo dudala ene boza.
Berdin Xurieri eman zezakeat…
To, nahi baduzue ariko gaituk tratuan: ean nork eskainiko dautan gehienik…
Mintza zaitezte…