Antton Larrandaburu

Antton Larrandaburu

"Musika niretzat, arima eta bihotzaren arteko topagune hori da"

  • LaukitikAt
  • 2020/10/13
  • Hizkuntza: Euskara

Antton Larrandaburuk (Donibane Lohizune, 1994) burasoen diskografia entzunez garatu du musikazaletasuna ttipitatik. Familia melomanoaren topaketetan ere kantatzeko aukerak soberan eduki ditu Bitxiloreak taldeko sortzaileak. Euskara irakasle izateko ikasketak eginik, ikasleen artean ez dagoenean, musika sortzen eta entzuten pasatzen du denbora, bizitza alai igarotzeko leloa aldarrikatzen duen Hazpandar gazteak.

Zure izena agertu berri da euskal musikagintzan. Kontaiguzu zure ibilbidea.

Xiberotar kantari familia bateko seme naiz eta betidanik izan dut kantu tradizionala belarrietan; ber momentuan ttipitatik entzuten nituen etxean aitaren gustuko musikak, rocka bereziki, ondorioz rock mundua ere betidanik ezagutu dut, Boston edo Led Zeppelin bezalako musika taldeak besteak beste. Hamabost urtetan gitarran hasi nintzen eta urte bat beranduago lehen taldea sortu genuen Hazparneko lagun batzuekin. Talde ezberdinen bertsio batzuk egiten genituen eta pixkanaka konposaketa batzuk hasi ginen sartzen. Bi urte beranduago Tumatx izeneko taldea sortu genuen, Ximun, Bastien eta Adrien lagunekin eta hor hasi ginen kontzertuak ematen. Hegoaldean ere talde ospetsu baten lehen partea egin genuen eta sartu genituen gure konposaketak. Gero Adrien laguna Zeelanda Berrira joan zen lan egitera eta taldea bertan utzi genuen. Orain dela bizpahiru urte sortu genuen Antton Larrandaburu eta Bitxiloreak proiektua Antton, Benjamin eta Miguelekin, eta hor gure konposaketak baizik ez ditugu egiten. Grabatu ditugu bi disko 2018an eta 2019an eta geroztik ari gira eskuin eta ezker partekatzen. Folk-rock moduko kantak ematen ditugu batez ere eta plazera hartzen dugu.

Elkarrizketaren bideoa

Taldean hobeto bakarka baino?

Ongi ezagutzen dut Niko Etxart, eta behin erran zidan: « Antton ni bezalakoa zira zu, gitarra hartu eta kantuz hasten bazara, jendea aspertzen hasten da bost minutuen buruan, horregatik nik Hapa-Hapa taldea sortu nuen eta zuk Bitxiloreak ». Egia da nik talde lana gustuko dudala. Bitxiloreekin nik konposaketak edo oinarriak ekartzen ditut eta gero elkarrekin muntatzen ditugu kantuak. Bestalde, plazer bat da errepikatzea elkarrekin eta gero afari baten inguruan mintzatzea, musikan aritzea lagun artean, zinez nahiago dut taldean aritzea, gauza sakonagoak egiten dituzu taldean, bakoitza dator bere influentziekin eta gauza politagoak sortzen dira nire ustez.

Zein dira zure inspirazio iturriak?

Ibilbide Terapeutikoa diskoko kantu guztiak pentsatu edo idatzi ditut mendian ibiliz.

Uste dut ez dudala gauza asko sortzen, bakarrik entzuten dudana berriz ematen dut nire maneran. Gero egia da egun osoa pasatzen dudala musika entzuten, eta nire gustuko gauzekin osatzen dut puzzle musikala, nik horrela funtzionatzen dut. Hitzentzat, irakurtzea maite dut; ez dakit Bashungek edo agian Thiéfaine kantariak zioen: « Liburu bat hartzen duzu eta bertatik hitz bat aukeratzen duzu, gero beste liburu batean beste hitz bat eta gero hitzak eta ideiak kolatzen dituzu... Horrela sortzen dira kantuak ». Nik behintzat horrela sortzen ditut kantuak; gauza xumeak sinpleak azaltzen ditut nire kantuetan. Gauza sinpleak erraitea gustuko dut. Musika niretzat, arima eta bihotzaren arteko topagune hori da eta nik maite dut gauza sinpleak erratea sinpleki.

Orain proiektu berri bat duzu esku artean.

Uste dut ez dudala gauza asko sortzen, bakarrik entzuten dudana berriz ematen dut nire maneran.

Egia erran, Antton Larrandaburu eta Bitxiloreak, emeki emeki Bitxiloreak eta Antton Larrandaburu bihurtu da, talde lan bat zen eta bakoitzak ekartzen zuen bere estilo berezia. Denborarekin ohartu naiz zaila bilakatzen ari zela zeren hastapenean, izenak dioen bezala, taldeko liderra izan behar nuen eta azkenean ohartu naiz nire izaerarekin, zaila zaidala liderraren alde hori asumitzea. Batzuetan talde kideei uzten nien posibilitatea edo libertate gehiegi eta gero emaitzarekin ez nintzen sobera eroso, edo emaitza gehiegi urruntzen zen hastapeneko nire ideiatik. Orduan talde berri bat abiatzeko erabaki dut, ni liderra izanik, baina aldi honetan lagunei argiki erran diet orain badakidala noraino eraman nahi dudan nire musika, beraz ez dut inor bortxatzen baina enekin ibiliko dena nik nahi dudana segitzeko izanen da. Hor nik ditut sortzen musika tresna bakoitzeko partizioak, ene buruan den guztia proposatzen diet musikariei eta horrela ez dut gehiago frustraziorik pairatuko, nire proiektuaren jabe izanen naiz. Berriz joanen naiz musika sinpleago eta zuzenago batera, indie-rock edo post-punk kantuak, gauza xumeak erran nahi ditut post-punk musikaren gainean, duela hogei urte egiten zen musika hura alegia, gauza sinpleak eta zuzenagoak.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Musikaz aparte, lanean ari zara.

Nik nahiago dut lan bat eduki ondoan eta libre izan sortzeko.

Euskarazko irakasle naiz denbora erdiz eta beste denbora erdia zaindari gisa ari naiz Donibane Garaziko lizeoko barnetegian. Egia erran bi lan horiek biziki gustuko ditut eta gainera denbora libre anitz uzten didate musikan aritzeko, zinez lan egokienak dira niretzat. Nik maite dut lana eta musika uztartzea. Egia da musika joz bizitzen ahal bazara, hainbat hobe, baina zinez zaila da hori lortzea. Behar bada zure kantuek ez dute oihartzun handirik ukanen eta nik nahi dudan musikan sortu nahi dut orduan nahiago dut lan bat eduki ondoan eta libre izan sortzeko, publiko zehatz bati zuzendu behar izan gabe, prestakuntza berezirik gabe, baldintzarik gabe.

Bideoklipak eta oro har irudia zaintzen duzu, inportantea da?

Nire lagun batek liburu batean irakurri zuen musikari baten lanean, kantuak egiteak berez, ez zuela laurden bat ere okupatzen; orain irudia lantzea, sare sozialetan ibiltzea eta horrelakoak ezinbestekoak dira. Ni ez naiz bortxaz sare sozialetan dabilen horietakoa, bideoak ere ez dira nire lehentasunetan. Gainera sare sozialak beti elikatu behar dira, ez da nire gauza. Nik sare sozialak erabiltzen ditut berriak, kontzertuak aipatzeko eta kitto. Zaila da, nire ustez hori ez da musikari baten lana. Klipak egitea halere, beste zerbait da, hor egiazki talde lan bat da, zinez egun erosoa eta polita pasa dugu aldiro, hori ez dut sartzen komunikazio lanetan.

Musikarien lanaren biderketa ikusirik, gaur egun diskoetxeen lana inportantea da?

Lehen bi diskoak auto-produkzioan egin ditugu, horrek baldintzarik gabe, modu askean nahi genuen musika eta nahi genuen maneran egiteko aukera eman digu. Grabatzeko ere askatasun osoz lan egin dugu Jérémy Garatekin, presiorik gabe. Agian diskoetxe batekin lan egiteak laguntzen du alde batetik, baina epeak edo grabatzeko baldintzak ekartzen dizkizu eta zinez nik maite dut gauza lasai eta alai egiten direnean.

Diskoak banatzeko edo saltzeko ere, ez naiz batere ona. Maiz kontzertutik landa egiten da lan hori baina anitzetan bazoaz trago baten edatera edo lagunekin egotera eta ez duzu bakar bat saltzen. Zaila da diskoaren merkatua apaltzen edo desagertzen ari baita.

Agian diskoetxe batekin lan egiteak laguntzen du baina epeak edo grabatzeko baldintzak ekartzen dizkizu.

Diskoetxeek ere kontzertu gehiago egiteko edo leku berezietan eskaintzeko bilatze lana egiten dute, gaurkoan guk egin behar dugu lan guzti hori datak bilatu, diskoak saldu, banatu. Beharrik gaztetxe eta ostatu batzuk izan ditugun diskoak saltzeko. Zaila da niretzat, nik maite dudana da kantuak sortzea, gitarra hartzea eta bi akordio botatzea. Musikaren inguruan den lan guztia ez da nire gauza, ez naiz horrentzat egina, baina beti hobe daiteke. Agian noizbait diskoetxe batekin lan egin beharko dut, zendako ez.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Musika terapeutikoa da?

Izan daiteke. Egia errateko Ibilbide Terapeutikoa diskoko kantu guztiak pentsatu edo idatzi ditut mendian ibiliz, eta pentsatu dut zinez on egiten duela mendian ibiltzeak; hamar metro egin eta ideia bat bururatzen zaizu, beste hamar metro eta beste ideia bat heldu da. Hori erakutsi nahi nuen disko horretan, gauza ezberdinak pentsatzea terapeutikoa izan daitekeela. Badira musika estilo asko bi diskoetan, gai oso desberdinak ere, gustatzen zait nire gogoetek bidaiatzen dutelarik; horregatik Ibilbide Terapeutikoa izenburua, musika terapeutikoa baita niretzat.

Zer pentsatzen duzu ondare immaterialaz? Garrantzitsua da zuretzat?

Pantaila baten aitzinean, kulturak galtzen du bere arima, kultura bizi behar da.

Bai bistan da, jakin behar da Euskal Herrian idatzia biziki berant agertu dela, beraz beharrik egon dela ondare immaterialaren transmisioa, guk ere nolazpait segitzen dugun lan hori. Nik artearekin maite dudana da bizitzaren gauza bat dela, beti bada horretaz zerbait kritikatzeko edo errateko, horrela ere gauzak transmititzen dira. Beharrik gure arbasoak egon diren eta gu ere musikari gisa saiatzen gira guk jasotako guztia orain bestei transmititzen, ondoko belaunaldiei. Nik horretan sinisten dut, nire modu xumean uste dut parte hartzen dudala ondare horren transmisioan. Bilaka dantza taldeak sortu zuen Saio zero ikusgarrian; « Iturri beretik, beti ur berria » ideia dago, etengabeko ziklo horren ideia gustatzen zait.

Euskaraz kantatzen duzu. Hautu bat da, naturala da?

Euskara ez da nire ama hizkuntza baina bai musika hizkuntza.

Egia errateko nire ama hizkuntza frantsesa da, gurasoekin beti frantsesez mintzatu izan naiz eta ondorioz, frantses giro batean hazi naiz neurri batean, baina beti argi izan dut musika euskaraz egin behar zela. Aipatu dizut Led Zeppelin eta antzeko taldeak entzuten genituela etxean aitarekin baina horrez gain Errobi, Niko Etxart, Hertzainak eta Negu Gorriak bezalako taldeak entzunarazi dizkit. Ondorioz gitarra esku artean edukitzean naturalki etorri zait euskaraz kantatzeko joera. Agian euskara ez da nire ama hizkuntza baina bai musika hizkuntza.

Gero euskaraz kantatzeak ateak hesten dituela agian bai baina ez bortxaz, Willis Drumond, nire momentu honetako idoloa den taldea bezalako ibilbidea ikustean. Egia da nazioartean zure burua ezagutaraztea euskaraz kantatuz zaila dela baina gure identitatea da eta horrek musikak bere baitan duen gauza bat da, alegia euskara zabaltzea, euskara biziaraztea eta euskaraz bizi gaitezkeela erakustea. Nik uste dut euskaraz kantatuko dudala beti. Gero batzuetan hitz batzuk frantsesez edo ingelesez sartzen ditut, ez naiz hetsia, nire ustez euskal taldea izan zaitezke eta ingelesez kantatu tarteka... Bakoitzak egin dezala nahi duena.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Nola dago euskal musikagintza?

Musikaz elikatzeko manera aldatu da azken belaunaldietan.

Badok atarian, zeinean gaurko eta aspaldiko taldeak ikusten diren, hemengoak zein hegoaldekoak, ikus dezakezu hemengo taldeen kopurua zein dibertsifikazioa eta ohartzen zara benetan musikagintza bizirik dagoela eta estilo ezberdinekoa dela, berritzen dela etengabean, gure musika ez dela hila. Iparraldean ere zinez gauza onak egiten dira, berriz aipatuko dut Willis Drumond taldea baina Euskal Herri osoan eta hemendik kanpo duen arrakasta ikusteak benetan on egiten du, frogatzen du gauzak egiten ahal direla euskaraz. Euskal Herria osoan zinez gauza onak egiten dira. Adibidez Alpeetan egon naiz udan eta hango biztanle batekin hitz egitean, Berri Txarrak taldea ezagutzen zuela erran dit. Hor ere ohartzen zara, nahiz eta hizkuntza gutxitua izan, hemengo musikak kilometro asko egiten dituela Alpeetako jendearen belarritaraino iristeko, musikak badu podere hori.

Eta zuzeneko emanaldiak? Dj saioek lekua kendu diete kontzertuei?

Musikaz elikatzeko manera aldatu da azken belaunaldietan. Ni Hazparneko besta komitean ari naiz eta talde zinez onak ekarrarazi ditugu bestetan, eta ez zen inor aitzinean. Jendeak agian nahiago du Spotify bezalakoetan ibili eta nahi duten musika entzun. Kontzertu batean ez duzu kontrolagailurik musika hautatzeko. Gazteria usatu da dena menperatzera, nahi duten guztia, nahi duten momentuan egitera. Halere oraindik bada kontzertuak gustuko dituen publikorik. Berri Txarraken Iruñeko kontzertuan egon nintzen eta bertako giroa ikusteak eta areto hori bizpahiru aldiz bete zutela jakiteak on egiten du. Musikari bezala ere zuzenekoak maite ditut, ez da gauza bera bakarrik jotzea edo publiko aitzinean egotea, jendea kantarazteko, begiradak trukatzeko, maite dut giro hori. Galtzen bada ere, oraindik bada gaztetxeetan ibiltzeko parada, sekulako lana egiten dute eta zinez eskertzekoa da. Ni beti egonen naiz kontzertuak egiteko motibatua.

Hegoaldean ari zara maiz?

Euskal Herrian, muga artifiziala izanik ere, eragina badu musikagintzan.

Zaila da Hegoaldeko merkatua hunkitzea. Agian ez dut modu egokian egin baina bidali ditut mezuak areto ezberdinetara eta zinez ez bazara diskoetxe batekoa edo « managerik » gabe ibiltzen bazara, zaila da merkatura iristea. Guk bizpahiru kontzertu eskaini ditugu Tumatx taldearekin bi urtez. Zaila da zure musika entzunaraztea, Euskal Herrian, muga artifiziala izanik ere, eragina badu. Nire ustez Iparraldean hango musika gehiago entzuten dugu hegoaldekoak gurea baino, Willis Drumond bezalako salbuespena ez bada. Alta artista onak badira. Baina egun batez, muga hori desagertuko da musikagintzatik eta eginen ditugu bira erraldoiak denetan.

2020 urte berezia da dudarik gabe. Nola bizi duzu Covid krisiaren eragina?

Nik xantza dut ez bainaiz intermitente, baina lagun anitz ditut horretaz bizi direnak eta horientzat garai zaila da. Nik musikak sortzen pasa dut itxialdia, proiektu berria abiatzen ari naiz beraz banuen zeregin gitarra soinu ezberdinak probatzeko, soinuak atzemateko. Konfinamendua horren egiten baliatu dut. Egia da ere jendea ohartu dela kontzertuak behar direla, bizi behar direla. Egia da Kanaldude bezalako hedabide batzuek lana egin dutela kultura hedatzeko baina pantaila baten aitzinean, kulturak galtzen du bere arima, kultura bizi behar da. Garai gogorra izan da euskal kulturarentzat baina hori guztia pasatu eta gero, berriz abiatuko da, agian azkarrago ere!

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Artista anitzek egin duten moduan, sare sozialetan zerbait eskaini duzu garai horietan?

Saio bat egin dut Deabruak Teilatuetan taldearen Zuentzat kantuaren bertsio bat emanez, konfinamendu garaian, egiazko konfinatuak presondegian badirela gogoratzeko. Euskal presoei eskaini diet kantu hori, gure egoera ez bazen eroso ere, gu baino okerrago badirela gogoratzeko. Baliatu dut itxialdia gogoeta bat ukan dezagun gure lagunen egoeraz, egiazko konfinatuak.

Beste ondoriorik atera duzu ezohiko garai honetatik?

Musika niretzat, arima eta bihotzaren arteko topagune hori da.

Nire ustez konfinamenduan ohartu gara gaitasun batzuk badirela lekuan berean. Adibidez, Hazparnen hurbileko komertzioa berpiztu da, adibide bat baizik ez da baina jendea orokorrean ohartu da tokiko gauzekin gauza politak egiten ahal direla, tokiko musikarekin, tokiko kulturarekin biziarekin zerbait egin daitekeela.

Gero ere ohartu gira hemen bizitzea egiazko pribilegio bat dela. Izan ere jendea ezagutzen dut Parisen eta heientzat konfinamendua izan ala ez, arratoiak bezala ateratzen dira beti. Uste dut hemen dugun libertateaz gehiago profitatuko dugula zeren sekulako herrian bizi gara.

Gitarra gabe, zertan pasatzen duzu denbora?

Irakurriz, arantzara joanez, saskibaloian arituz, Hazparnen, pilotan, ibilaldiak eginez, lagunak ikusiz, besta eginez. Zinez bizi lasaia dut eta lagunekin erraiten dugun bezala, bizi alaia dugu. Lagunekin badugu ohitura bat gauza harrigarri edo plater izugarri baten aitzinean « Alaiii » deitzen diogu. Garaziko libertimenduan ere hori azpimarratuz egin didate begi kliska bat, nire alde alai horri buruz trufatzen. Gero erran nahi dut nire hitzak ez badira sakonak edo sozialak, horrek ez du erran nahi ni horrela ez naizenik. Beti prest izanen naiz kontzertu militanteak egiteko edo ideia batzuk sustengatzeko nire manera xumean eta manera inozoan, izan ere nire bizia da inozoa.

Amesten duzun kolaborazio bat?

Agian Kevin Morby, The babies taldekoarekin. Hiru aldiz ikusi dut zuzenean, iaz Biarritzen egon zen tronpeta jole batekin bakarrik, biziki lasaia da eta polita litzateke zinez. Bestela Niko Etxartekin, baina harekin jotzeko pribilegioa eduki dut jada. Niko Etxart nire idoloa da betidanik.

Amets bat?

Egia erran gogoa nuke kantu batzuk orkestra batekin emateko. Izan liteke gauza efimero bat, adibidez zazpi probintzietan, zinema gela edo antzeko areto xumeetan, orkestrak kontzertua ematea nire kantuak emanez, ber momentuan dantzari batzuekin edo margolari batzuekin ari direla. Hori izan daiteke nire ametsetako proiektua.

Azkenik, egin ez dudan galdera bati erantzuteko gogorik bazenuke?

Ez, itzulia egin dugula uste dut.

Elkarrizketa gehiago

Thierry Biscary

Thierry Biscary

"Sortzen dudanak mila erreferentzia ditu, orduan ez da sortzea, irakurketa bat dela errango nuke"

Marina Beheretxe

Marina Beheretxe

"Segur naiz Vivaldi hemen egon dela eta dantzatu duela ere!"

Kristof Hiriart

Kristof Hiriart

"Transmisioan gustatzen zaidana aldakuntza da"

Elkarrizketa gehiago