Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Jimmy Arrabit
Jimmy Arrabit

Jimmy Arrabit

''Maite dut gauza berriak egitea''

  • EKE
  • 2009-11-11
  • Hizkuntza: Euskara

Jimmy Arrabit (1954, Donaixti) gazterik hasi da bateria jotzen herriko bestetan eta ezkontzetan. Musika munduan osoki sartu da 16 urtetan, besteak beste Itoiz, Niko Etxart edo Anje Duhalde bezalako artista eta talde ospetsuekin arituz. Diska bat kaleratu du 2009ko irailean Jimmy Arrabit Trio taldearekin.

Jimmy Arrabit 12 urterekin hasi zen bateria jotzen talde batean. Niko Etxartekin batera Tinka lehen euskal rock taldea muntatu zuenak, Jimmy Arrabit Trio talde berriarekin plazaratu duen diskan, Xiberotar kantu herrikoiak, jazz, elektro-dub eta afro-beat estiloetan jantzi ditu. 2009ko irailean eskaini zigun elkarrizketaren pasarte batzu hautatu ditugu.

 

Gazterik hasi

12 urterekin hasi nintzen. Ene aita, Frantxoa Arrabit, musikaria zen, akordeoi joilea. Famatua zen, jotzen zuen herriko bestetan eta ezteietan Garazi aldean, Xiberoan, Baxe-Nafarroan. Bere bateria joilea Ttinttin goitizena zuen hazpandar bat zen. Bere tresna gure etxean uzten zuen eta ni hartan hasi nintzen jotzen. Ttinttin eritu zen eta hil. Egun batez, aitak erran zidan : "Heldu den larunbatean, enekin heldu zira, eztei bat badugu Baigorrin". Hola hasi naiz. Bateria tresna guti ziren baina baziren. Orduko bateria jazza deitzen zen, animale larruz egina. 1970 hamarkadan agertu ziren orai ezagutzen ditugunak, larru plastikoz eginak.

 

Miles Davis eta Coltrane irratian

Frangotan, astelehen goizetan lo egiten nuen eskolan. Irabazi lehen sosarekin, radiocassette tresna bat erosi nuen Donapaleun. Irratia entzuten hasi nintzen, gauaz. Hor ezagutu ditut lehen rock taldeak (ingelesak, amerikanoak) eta jazz musika, Miles Davis, Coltrane... Egunaz, eskolan, zaila zen : nahi dizut erran eskola nahi nuela utzi ahal bezain fite. Eta utzi dut 16 urte bete orduko.

 

Niko Etxartekin Tinka taldea

Oroit naiz, garai hartan, bazen Maulen Fandango deitu sala bat. Han, gazte taldeek eta musikariek jotzen zuten. Guk taldeko Beñat Davant eta Pier-Pol Berzaitz orduan hasi ziren, bat pianoan, bestea gitarrarekin. Ni ere hara joaiten nintzen eta han dut Niko Etxart ezagutu. Tinka, lehen euskal rock taldea muntatu ginuen.

Musika lanbideari alde bat lotu naiz, ez nuen beste gogorik, bakarrik musika. Hamar aldiz hilabetean, edo berdin gehiago, jotzen genuen, bestetan, lehen kantaldietan, alde guzietan. Niko Etxartekin lehen kantaldiak ezagutu ditut. Tinka taldearen ondotik, Minxoriak taldea muntatu ginuen. Lehenak izan gira kantu abertzaleak emaiten herriko bestetan.

 

Musika formakuntza

Aitarekin hasi nintzelarik, hasi ginen fama ukaiten : "aita-semeak" deituak ginen. Jo Maris, Donibane Garaziko orkestrako zuzendaria zen. Aitari erran zion : "Zure semeak jin behar du asteazken arratsaldetan musika ikastera". Solfeoa harekin ikasi dut. Beti Jo Marisen medioz, Itsasun ibili nintzen saxolari jazzero baten etxean errepetizionetan.

 

Itoiz taldean

1981ean sartu nintzen Itoiz taldean. Minxoriak taldea utzi nuen, eztabaida baten ondotik : nahi nuen disko bat gure kantuekin ateratu, lagunek aldiz nahi zuten besteetan ibiltzen segitu. Jakin nuen, lagun baten bitartez, Itoiz taldeak bateria joile bat bilatzen zuela. Audizionea pasatu eta hartua izan naiz. Ordu hartan, Hendaian bizi nintzen. Errepetizione garaietan, Bilbon egoten nintzen musikari baten etxean. Hiru hilabete segidan errepikatu eta gero diska grabatzen genuen. Ainitz ibili gira eta ainitz diska saldu dugu. Beste garai bat zen. Nola erran! Laupabost urtez beti kanpoan ibili naiz, etxean ez nuen bizirik, ez familia bizirik. Bistan dena, horrek prezio bat badu.

 

Esperientzia ezberdin frango

Itoizen bidez, ETBko hasieran parte hartu zuten Mutrikuar batzuen ezagutza egin nuen. Telebista musika batzu konposatu genituen. Lan berezia zen : etxean, bakarrik, konposatu behar zen. Ikusi nuen laster ez zela enetako egina : nik, nahiago dut besteekin, lagunekin musika egin, ez eta estudioan bakarrik. Azkenean ez nuen hortan segitu, baina, egia da, oroitzen naiz, Iglesia deitu musikari bat ezagutu nuela, filmen musika egiten hasten zena, orai Almodovar eta holakoekin ari dena. Elgarrekin grabatu ginuen IZT estudioan. Gero, Anje Duhaldekin aritu nintzen : hiru diska grabatu ditugu. Ondotik, Oio taldearekin; esperientzia interesantea izan zen, musika elektronikoa sartu baiginuen.

 

King Mafrundi, euskal reggaea

Sortu nuen King Mafrundi, lehen euskal reggae taldea, hiruzpalau urtez iraun zuena. Oroitzen naiz hasieran, joaiten nintzelarik irratietara, jende frangok esaten zuten : "Baina, musika honek ez du tokirik hemen, ez da sartzen hemen". Azkenean, hiru urtez arizan gira gelditu gabe : izan gira Italian, Espainian, Suizan, alde guzietan. Ikusten duzu ez dela sobera entzun behar ! Musika sartu da. Sartzen bada, jendeak entzuten du eta ez da problemarik.

 

Gauza berriak maite

Badakit, ene disko berriarekin, erraiten dutela : "Ba, baina ez da jazza, jazzeroek ez dute maite, folk mundukoek ez dute maitatuko ez baita folka". Baina hori berdin zait. Nik maite dut gauza berriak egitea.

 

Jimmy Arrabit Trio: lehen diska

Xibero aldean herriko bestetan jotzen nuelarik, entzuten nintuen ostatuetan gizonak goizetik orroaz kantuz ari. Gogoan nuen beti hortaz zerbeit egitea. Ukan ditut lagunak Parisera edo Madrilera joan direnak posibilitate gehiago baitzutelako han musika egiteko. Eta denbora hartan, Benito Lertxundik "Xuberoa" diska ateratu du. Biziki musika ederra egin du kantu tradizionalekin (nahiz kritikatua izan den Xiberoan), Mikel Laboa eta beste batzu bezala. Horra zertako, guk musikariek, segitzen dugun musika egiten Euskal Herrian. Diska hunentzat, Xiberutar kantu herrikoi batzu hartu ditut, adibidez "Ahaide delizious huntan", "Bortian Ahüzki", "Urtxapal", eta jazz, elektro-dub, afro-beat estiloetan konposatu. Badakit puristek ez dutela gostukoa izanen baina egia erran, musika denena da, kantuak denenak. Hemengo kantua eta musika bizi da : ez da frigo baten barnean bezala, hunkitu behar ez dena.

Fred Feugas pianista eta Xabi Hayet kontrabaxu joilea juntatu zaizkit Jimmy Arrabit Trio egiteko. Erakutsi diotet bateriarekin kantu horietarik abiatuz zer nahi nuen eta landu ditugu. Joan den abenduan grabatu dugu diska eta iraila huntan atera da Gaztelupeko Hotsak disketxean. Hasiak gira ibiltzen eta jadanik azaroan baditugu lau emanaldi programatuak, Bizkaian, kultur etxeetan.