Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Eñaut Etxamendi
Eñaut Etxamendi

Eñaut Etxamendi

''Ene gogoan, ardurenean, sorlekuko eremuetan nabil''

  • EKE
  • 2010-03-03
  • Hizkuntza: Euskara

Eñaut Etxamendi (Ezterenzubi, Baxe Nabarre, 1935) kultur eragile suharra ohoratua izan da 2010eko Sarako Idazleen Biltzarrean. Maiatz argitaletxeak haren idazlanen bilduma zabaltzen hasia da.

Ofizioz laborantza ingenidore eta erakasle, Eñaut Etxamendi militante izan da Enbatan eta inplikatu da Herriaren garapenean. Eñaut Larralde lagun, kantagintzan abiatu zen, eta eman zituen lehen kantaldiak Ez Dok Amairurekin. Kantugile izaiteaz gain, elelabur, eleberri, ipuin eta olerki idazlea da. Maiatz argitaletxeak haren idazlanen bilduma argitzen hasia da. Eskaini digun elkarrizketan, kontatzen digu bere ibilbidea eta Baxe Nabarreren egoera 1960 hamarkadan.

 

Laborarien krisia (1955-1965)

Ez da gerla ondoan berehala hasi laborarien krisia gure tokitan eta 1955tik 1965a arte iraun du. Laborariak etsitzekotan ziren, ez zen berrikuntza oraindik hasia. Gainera, ez zen nehor heietaz axolatzen zenik, partikulazki frantses administrazioan. Ainitz sortze bazen, ez zen enplegurik. Orduan, tokiko jendeak lekutu behar zuen. Neskak joaten ziren neskato (sehi) hirietara, bereziki Bordelera eta Parisera, mutikoak aldiz, saldoka, Kaliforniara artzain bezala. Lastima izigarria zen. Herrian gelditzen zirenak ez ziren hobeki, etxean gelditzen zirenetan anitz geratu dira donado. Bithiriñara jin nintzelarik 1967an, 14 etxaldeetan mutil zahar bat bazen, segidarik gabe.

 

Ingenidore ikasketak

Nik suerte gaitza ukan nuen ikasketak egiteko. Eskola pribatuetan egin ditut, ez zen errexa, ez baitzen bekarik ukaiten ahal. Frantziako Tolosan, Purpaneko goimailako eskola zorretan hasi nuen, hango jesuitek eskaini maileguarekin, lanean hastean ordaindu nuena.
Bi ikasketa mota segitu ditut, laborantzako eta administrazioko eskola, ekonomian, zientzia politikoetan eta soziologian. Hortik, burua hantua atera nintzen eta bi urte pasatu nituen Senegalen laborantza mailan, garapena eta bizipide sortzen. Handik itzultzean, banakien garapena zer zen, jendea nola iratzarrazi eta kudeatu, horretarako administrazioak zer egin dezakeen. Esperientzia bildua nuen, preseski ene ingenidore tesiaren gaia zen. Donibane Garaziko laborantza eskola pribatuan hasi nintzen erakasten. Baina ikasle bakar batzu baizik ez ziren heldu, eta gainera ez zen laurden bat ere kolegioko zertifikata zuenik. Izigarriko egoera tristea zen. Alta, hor pasatu ditut ene urteerik ederrenak.

 

Enbatan militante

Egoera horretan gertatu zen Enbata sortu zela eta lehen militanteetan nintzan. Jean-Louis Davant, Joanes Goyhenetche eta hiruak ekarriak ginen adar ekonomikoan gogoetak egiteko. Bistan dena, bazterrak inarrosi nahi genituen eta gaizki ikusiak ginen. Enbata talde ttiki hortan, baziren, euskaldunak izanik ere, euskara ez zakitenak, Biarritzekoak, Baionakoak.
Ez zuten batere esperientzarik laborari munduan eta ez zituzten gure editorialak ulertzen. Bestetik, guhaur gure intelektual formazio unibertsilaritik heldu ginen. Gauzak bortizki erraiten genituen. Jendea bortizki hunkiz, oxtikoak botatzen dituzte.

 

Lehen kantaldiak

Ana Intxaustiren ezagutza egin genuen. Iparraldean, hura izan zen lehen kantaldien kudeatzailea eta haren bitartez ezagutu genituen Ez Dok Amairu Donostian, 1965-1966an. Lehen kantaldiak Ez Dok Amairurekin batean egin ziren. Egia erran, hasiak ginen jadanik Uhartehirin, Behaskanen eta Larzabalen.
Ordukotz, Euskal Herrira itzuli nintzenetik 1963an, banituen kantu parrasta bat egina. Dolda bat izigarria bizi izan nuen hemengo egoera ikusiz, ene burua teknikaz beterik naukala. Ez nuen sekulan asmatu publiko aitzinean kantatuko nituela. Ene barneko minak ateratzeko idatzi ditut Otsagabia, Bidez Bide, Iruña, ...
Ana Intxaustirekin hasi ginelarik, 20 bat kantu bagenituen jadanik eginak. Larralderekin, autoan, guhauren plazerrarendako ari ginen. Hola ikasiak ditugu. Autoan baizik ez ditugu ikasi nik egiten nituen kantu berriak.

 

Idazlanen bilduma Maitz-en

Kantuendako Ana Intxausti aipatu baitut, nahi nuke sekulan ahantzia ez dadin izan Luzien Etxezaharretak egin duen lana, ezin sinetsizkoa. Maiatz sortu du beste lan guzien gainetik, zakutik edo zorrotik, ateratzen zen paperen pagatzeko, inprimategiaren harrapatzeko eta gehiago dena, idazleei lana eginarazteko. Segurrenik, ez nituen laurdenak idatziko Luzien ez balitz izan.
Ni, entseiatzen niz apez euskara egiten. Ofizialki, euskara atxikitzen zutena, Elizako jendea zen bakarrik eta lapurtar-baxenabartarrez ari ziren. Elkarrizketak ez nituen hizkuntza hortan idazten ahal. Etxeko eta auzoekilako hizkuntza heldu zitzaitan eta pentsatzen nuen: "Horrek, ez luke galdu behar". Horretarako elkarrizketak lekuko hizkuntzan egin ditut.

 

Sorlekuko eremuetan gaindi

Bistan dena, Ezterenzubi ene sorterriak eragina ukan duela ene obra guzian, ez zaut iduri aise ukatzen ahal den afektiboki sortu eta bizi izan den lekua. Ene sorlekutik ikusten dira Orbaizetako mendiak, kasik negu guzian elurrez xurituak. Gero, kontrabanda lekua da, pasaia eta artzain leku, ihizi eta arrantza toki, naturatik hurbil eta, beste herriek ez dutena, urrun izanez. Libertate osoa bizi genuen. Etxeak barreiatuak dira eta auzoetako trukaketek bazuten halako poesia bat. Ez dut beste herri batzutan erromantismo sorta hori aurkitu.
Ardurenean, ene gogoan, sorlekuko eremuetan nabila, hango antzasmak dabilzkit izpirituan, sorgin, kontrabantista ixtorio. Orai ere, afektibitatean, neskei buruz mintzatzeko, orduko usain hura, jendarteak zuen lore usain hura, hegoak ekartzen duen iratze usaina bortutik, ardi ta gasna usaina, arto bizar gorriak hegoarekin, goizargitan larrazkenean dantzan ikusten direlarik, hori guzia gabe ezin dut melodia baten moxkor hortan sartu.