Adur Larrea

Adur Larrea

"Euskal Herrian oso marrazkilari onak badira eta hautua egin dute euskaraz lan egiteko"

  • LAUKITIKAT
  • 2022-10-17
  • Hizkuntza: Euskara

Haren lan berria, Lurbinttoko ohoinak komikia aurkezteko garaia baliatu dugu Adur Larrea (Bilbo, 1982) artistarengana joateko. Euskal Herriko marrazkilari gehienak aterpetu dituen Ziburuko etxeko teilatupean, lan egiteko egokitu duen txokoan, historiaz, Itsasu aldeko herritarren istorioez, marrazkigintzaz eta bere gogoez solastatu gira artista poliedrikoarekin.

Non kukutzen dira Lurbinttoko ohoinak?

Lurbinttoko ohoinak (EKE-Elkar literatura bekaren proiektu irabazlea) kukutzen ziren Altzuietako etxean, Itsasu, Ezpeleta, Larresoro eta Kanbo arteko lur eremu batean, gaur egun supermerkatua eta enpresa gunea hartzen duen eskualdean hain zuzen ere. Komiki proiektu hau hasi zen duela hainbat urte, Bertsolari aldizkarian kolaboratzen nuelarik. Bertso zahar bat hartzen genuen eta komikiratzen genuen. Halako batean Lurbinttoko Ohoinak deitzen zen bertso batekin topo egin nuen Xabier Kaltzakortaren artikulu batean, non aztertzen zituen urkaberako bidean edo kartzelan zaudenen bertsoak (ikus artikulua Bertsolari aldizkarian, 84. zkia, 2011ko negua, 58-62 orr.).
Hortik atera nuen Lurbinttoko ohoinen artikulua. Artikuluan Kaltzakortak erraten du ez dakiela istorio asmatua den eta ez daki kokatzen bere testuinguru historikoan. Orduan ni Lurbintto toponomotik hasi nintzen hariari tiraka eta euskara aldetik, Lapurdi barnekaldean kokatzen nuen. Azkenean atxeman nuen Itsasuko Lurbintto eremu hori. Eta bai, han gertatu ziren garaian ezagunak baina geroztik ahaztuak izan ziren ekintza batzuk.

Elkarrizketaren bideoa

Ohoin banda bat zegoen, egia erran, ez ziren arras ohoinak, baina ibiltzen ziren eremu horretan mendeku bila. Orduan, komikia 1795-1796garren urteetan kokatzen da, iraultza frantsesaren ondoko urteetan hain zuzen ere. Hor Frantziak gerra deklaratu zion Espainiako monarkiari eta beste Europa erdiari ere, Konbentzioaren gerra delakoan sartu ziren.

Lurbinttoko Ohoinak, zinez aspaldi egiteko gogoa nuen lan bat da, nik sortutakoa.

Garaian, iparraldeko jende anitzek borrokatu zuten Errepublika frantsesaren kontra eta Espainiaren alde. Espainolek gerla galdu zutenean, bizirik atera ziren iparraldeko jende horiek etxera itzuli zirenean, etxeak okupatuak, erreak edo haien lurrak beste norbaitek hartuak topatu zituzten. Nolabait erraiteko, hustu zuten Lapurdi jendez eta Landetara deportatuak izan ziren denak, haur, emakume, gazte zahar, denak Landetara bidali zituzten.

Lurbinttoko ohoinak © Elkar
Lurbinttoko ohoinak © Elkar
Gero handik itzuli zirelarik ere, gauza bera, haien lurrak, etxeak, lau sosak galduak. Orduan, nire irudikotz juntatu ziren alde batetik gerratik zetozenak, armaturik, esperientziarekin eta mendeku gosez, bestaldetik deportatu horiek eta azkenik bertako beste hainbat jenderekin elkartu ziren eta sortu zuten halako banda bat, aski egonkorra, urte eta erdi pasa ibili zena 1796ko udazkenean, gauero ekintza bat egiten.

Adibidez norbaiten etxea tirokatu zuten, beste baten mahastiak erre, baten etxean sartu eta jantziak ebatsi zituzten, halako ekintza xumeak ziren, egia erran ez zuten gauza handirik ebasteko gerra oste baten ondotik. Banda horren istorioa kontatzen da komikian.

Kontextua konplexua da, zaila da, aldrebesa da ulertzeko garaiko egoera. Niretzat hala izan da, historialaria ez naizenez gero, gauza batzuk ulertzea zaila egin zait eta zailagoa adieraztea batzuetan. Guzti hori saiatu naiz argitzen Lurbinttoko Ohoinak lanean.

Zein hizkuntzan jarri dituzu hizketan?

Animazioak badu magia puntu bat, marrazten duzun pertsonaia mugitzen ikustea asko gustatzen zait.

Komikia euskaraz da, haiek erabiltzen zuten hizkuntza euskara zen, elebakarrak ziren, haien epaiketetan argiki ikusten da denek itzultzaile bat behar zutela eta hirurogei bat lagun epaituak izan ziren. Beste batzuk ihes egin zuten Nafarroara edo frantses aldetik eskapatzeko. Orduan komikian erabili dudana barnekaldeko Lapurtera da. Ez naiz hizkuntzalaria orduan gaur egunera ekarri dut pixka bat, baina espresioetan eta oro har, hizkuntza aski ongi errespetatu dudala errango nuke.

Komiki itxura hartuz geroz, nondik nora doa Adur artistaren kontakizuna?

Ni Bilbon sortu nintzen, han egin nituen ikasketak eta han lan egin nuen ere bai, telebistan, ilustrazio munduan, komikien munduan hegoaldeko argitaletxeekin. Argia, Xabiroi, Kanaldude eta beste hedabide edo argitalpenekin ere ari naiz.

Adur Larrea © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Adur Larrea © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Egia erran azkenean marrazkilarien sarea Euskal Herrian ttipia da eta gehienek elkar ezagutzen dugunez eta harreman aski estuak ditugunez, momentu batez marrazkilarien bidez hemengo jendea ezagutu nuen eta proiektuak bideratzen hasi nintzen hemendik. Azkenean lanak ez nau hona ekarri Ziburura bizitzera, baina hemen egia erran etxean bezala naiz, biziki kontent naiz. 

Marrazkilarientzat ezinbestekoa da lan tresnak biderkatzea?

Nik animazioa biziki maite dut, batez ere maite dut animazio tradizionala, eskuz edo Stop-Motion tresnarekin egiten dena, nahiz eta denbora asko behar den. Animazioak badu magia puntu bat, marrazki batean sortzen duzun pertsonaia mugitzen ikustea asko gustatzen zait. Gero lan moldea  hain luzea denez, batzuetan animazioa bukatzeko eta komiki baten egiteko gogoa duzula eta gero ordea, komikia bukatu eta animazio berri bat egin nahi zenuke, hori gertatzen da.

Adur Larrea © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Adur Larrea © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Iparraldea euskal komikilarien oasia da?

Komiki aldetik ez du deus ikustekorik mugaren alde huntako panoramak edo bestaldekoak. Gero lan egiteko, euskaldunentzako, mugak baino euskarak eragiten du. Hemen badira marrazkilari euskaldun asko lan egiten dutenak Frantziako edo Espainiako argitaletxeekin. Hemen bizitzeak ez du mugatzen, geografikoki ez dago distantzia handirik, gainera gaur egun Internetekin eta teknologiekin, marrazkiak nonahitik bidal ditzakezu.

Komikien kalitate froga da hemen publikatua eta saldua izatea.

Aldiz Ipar Euskal Herrian komiki aise gehiago badira, kalitate ezberdinekoak noski baina aise hobeak edo interesgarriagoak ere eta ez bakarrik dendetan, edozein herritako metiateketan ere. Komikiaren kultura bat bada hemen eta aukera gehiago eskuratzeko.

EHko marrazkigintza osasuntsu dago azken boladan?

Euskal Herrian oso marrazkilari onak badira eta hautua egin dute euskaraz lan egiteko. Horrek ez die inongo aterik hesten, proiektuak sendoak dira, agian beste garai batean ez bezala.

Gaur egun gauza dexente egiten dira eta kalitate onekoak. Adibidez, Xabiroi aldizkariak lan handia egiten du, puntako hemengo marrazkilariekin. Askotan Frantziako beste argitaletxeekin ari dira lanean ere. Hemen jendeak ezezagutza handia du komikigintzaren inguruan. Lehen jendeak komiki gehiago irakurtzen zituzten, baina azken hamarkadan behera egin du.

Adur Larrea © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Adur Larrea © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Hemen batzuetan azpimarratzen da marrazkilariak Frantzian lan egiten dutenean baina kalitate froga ez da Frantzian publikatua izatea, kalitate froga da hemen publikatua eta saldua izatea. Hori nere ustez inportantea da eta badira asko.

Euskal kulturgintzak nola tratatzen zaituzte?

Tratatzen gaitu, ez da gutti. Ni pertsonalki oso ongi tratatua naiz marrazkilari gisa, marrazkilariak orohar errango nuke. Ekonomikoki agian beste zerbait da, konparazioetan sartzen bazara beste gai batzuekin. Gure panorama ona da, jendea motibatua da, biziki lan ederrak egiten dira baina agian ez da hainbeste laguntzen, hori izan daiteke kontra daukan puntu bat.

Gure panorama ona da, jendea motibatua da, biziki lan ederrak egiten dira baina agian ez da hainbeste laguntzen.

Baina euskal kulturan nahiko orokortua den gauza bat dela errango nuke, diziplina askotan behintzat. Gero norberari dagokio antolatzea, protestatzea edo beste bide batzuk jorratzea.

Zein da zure Meka, Durango, Angulema?

Ziburuko azoka! Serioago, Durango eta Angulema ezin dira konparatu inondik ere. Niretzat Durango da, aspaldiko lagunekin, aspaldiko jendeekin topo egitea eta zure produkzioa ezagutarazteko manera efikaz eta egokia. Anguleman aldiz, munduan zer egiten den hor topatuko duzu. Europako azokarik handiena da komikigintzan zentratua bakarrik. Angulemara guk urtero egiten dugu peregrinazioa eta urtero itzultzen zira edo pilak kargatuak edo guztiz kontrakoa.

Zure proiektu gehienek herriko testuinguru bat dute izpide.

Egia da azken albumak izan direla Burgosko auziaren inguruan Mikel Antzarekin, aitzinekoa Antzara eguna, Santi Brouarden inguruko lan bat Harkaitz Canorekin eta Gabriel Arestiren biografia moduko bat. Hirurogoita hamargarren hamarkadako garai berdintsukoak dira bai eta denak izan dira enkarguz eginiko lanak. Horrela suertatu da baina ez da beharrezko gauza. Gero egia da nik interesa dudala hurbileko historian, horrek pizten nau, gehiago jakin nahi dut eta gero ohartzen naiz inguruan jende anitzek interes berdina duela ere. Hemen inguruan baditugu istorio ederrak edo ez hain ederrak, ezezagunak edota beste era batera kontatzen ahal direnak ere bai. Gero, beste gauza martziano batentzat ere besoak zabalik ditut. Baina Lurbinttoko Ohoinak, zinez aspaldi egiteko gogoa nuen lan bat da, nik sortutakoa.

Beste zaletasunik duzu?

Maite dut anitz marrazketa teknikoa, edo ilustrazio zientifikoak. Ez dut sekulan egin eta gustatuko litzaidake, adibidez, animaliez, botanikaz, edo paisaiez zerbait egin. Alegia nire lanbidearekin zerikusia duten gauzak dira, baina urrunago direnak pixkat. Mitologiaz edo animaliei buruzko lan bat egitea gustuko nuke, ez baitezpada komikia. Zendako ez hogoi mila buru-hezurren marrazki proiektu bat? Halako proiektuek erakartzen naute. Preziatzen dut lana bera, alegia marrazkilariak zenbat lan egin duen horren atzean. Plazer hartzen dut ere naturarekin.

Adur Larrea © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Adur Larrea © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Ondare immateriala inportantea da zuretzat?

Ondare immaterialik gabe Lurbinttoko ohoinak ez zen existituko adibidez, ez bazen helduko bertsorik, ez nuen ezer jakingo. Mikro historiarentzat ere biziki inportantea da ahozko transmisioa eta ez bakarrik ipuinak edo bertsoak, baizik eta beste edozer gauza ere, adibidez norbaitek nola irakasten dion trikotatzen seme edo alabari. Inglaterran, jendeen istorioak biltzeko ohitura handia dute unibertsitate mailan, biltzen eta lantzen dituzte informazio horiek, estatistikak eta parametro ezberdinekin aztertzen dituzte eta informazio iturri bihurtzen dira.

Baduzu miresten duzun marrazkilari edo artistaren bat?

Anitz miresten ditut, gehiegi. Horretarako Angulemara joatea desesperagarria da, hainbeste gauza on bada.

Bereziki maite dut marrazkilaria delarik gidoilaria ere bai.

Marrazkilari asko preziatzen ditut baina bereziki maite dut marrazkilaria delarik gidoilaria ere bai, pertsona horrek istorio bat nola kontatzen, marrazten duen. Horrelako kasutan, pertsona ikusten duzu, pertsonaren burmuinean sartzen zara. Euskal Herrian Asisko Urmeneta bereziki miresten dut, aspalditik izugarria iruditzen zait marrazkiaren partetik, baina hizkuntzarik gabe erdia falta litzaioke. Berak esan du baina niretzat ere lan izugarria egiten du hizkuntza aldetik. Gero Anguleman aitzineko urtean omendu zuten Christophe Blain izeneko marrazkilari eta gidoilaria bikaina da, niretzat marrazki bizidunak egiten ditu komikietan, oso modernoa, oso plastikoa eta hizkuntzarekin oso naturala da, asko preziatzen dut. Eta beste asko badira.

Ametsetako proiektu bat?

Lurbinttoko Ohoinak egitean pentsatu dut abenturak baduela nonbait Westernetik edo Barry Lindonetik zerbait. Garaiari doakionez behintzat badu eta bandak ukan zituen abenturak edo gora beherak egiazko filma batean ikustea polita irudiko litzaidake. Horrelako proiektu bat polita izan daiteke.

Adur Larrea © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Adur Larrea © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Amets bat?

Oso amets arruntak ditut. Agian bakartasunean lanean galbitzanak gutti komunikatzen gara beste marrazkilariekin eta ordu asko pasazten ditugu bakarrik, orduan ez da ametsa baina bai eskertuko nuke batzuetan lan taldean aritzea, soziabilizatzeko.

Uste dut gizarteak jendea ttikitatik automatikoki klasifikatzeko joera duela.

Animazioak ematen du horretarako aukera, halako proiektu gehiago izatea eskertuko nuke, alegia komikia animazioarekin edo beste proiektu ezberdinekin uztartzea, polita izango litzateke.

Beste zerbait?

Zerbait aipatzekotan, jendea automatikoki klasifikatzeko joera heldu zait gogora, marrazkilari, edo animatzaile edo idazle. Izan ere ikusten dut nola ttikitatik gizarteak zatikatzen edo markatzen duen jendea. Letretakoa edo zientzietakoa zara hastetik eta letretakoa bazara ezin zara matematiketan interesatu eta ozeanografoa bazara ezin duzu eleberri bat idatzi. Iruditzen zait garai batean jendeak denetarik egiten zuela gehiago. Batzuetan niretzat zaila zait kokatzea eta gustatzen zait egile bat poliedrikoa denean, beste interes ezberdinen inguruan galdetzea, ez aurpegi bakar bati mugatzea soilik.

Gehiago jakin

Elkarrizketa gehiago

Nahia Zubeldia

Nahia Zubeldia

"Musika beti izan da adierazteko, askatzeko eta ongi pasatzeko tresna"

Sabine Cazenave

Sabine Cazenave

"Museoa horretarako da, haria ez apurtzeko, iragana, oraina eta deus ez dakigun etorkizunaren artean, eragile tinkatua da"

Polo Garat

Polo Garat

"Irudia, adierazpen modu bat da, nire haserreak agertzen ditut iruditan, nire maitasun kontuak, nitaz ari naiz nonbait"

Elkarrizketa gehiago