Zoe Bray

Zoe Bray

"Artea eta antropologia, bizitzeko eta bizitzaz hausnartzeko, tresna osagarriak eta ezinbestekoak dira"

  • LAUKITIKAT
  • 2023-01-23
  • Hizkuntza: Euskara

Burasoekin, Mundu mapako hainbat herrialde ezaguturik, Zoe Bray margolariari (Paris, Frantzia - 1974), ttikitatik etorri zitzaion jendeak nola funtzionatzen duen jakiteko grina. Hizkuntza ezberdinak bizkar zakuan eta begirada mundu zabalean, euskarak eta Euskal Herriak leku berezia dute haren bizi puzzlean. Hendaian, itsas bazterreko Nekatoenea etxean egin duen idazle egonaldiaren ondotik, idazluma eta papera jartzen ditu lan mahaian pintzel eta margoen ondoan, istorioak kontatzeko eta barneko gogoetak konpartitzeko baliabide osagarriak direlako.

Artista eta antropologoa zara. Sorkuntza eta zientzia batzeko gai izan zara zure ibilbidean.

Artelan baten testuingurua funtsezkoa da bere izateko. Neure buruari galdetzen diot zergatik sortu dudan, zertarako den, zergatik material batzuekin eta ez beste batzuekin, zer garrantzia daukan edo norentzat den. Artea ikasi baino lehen antropologia ikasi nuen, eta, beraz, antropologo gisa nire prestakuntzak barne hartzen ditu nire artelanak. Antropologo eta artista naizen aldetik, identitateaz arduratzen naiz: nola ematen diogu zentzua gizakiok geure buruari eta nola erlazionatzen gara gure inguruarekin?

Eta zein izan da orain arte, Zoe Brayren ibilbidea?

Nire aita ingelesa da eta nire ama Baxe Nafarroakoa. Nire burasoek Ingalaterran ezagutu zuten elkar eta Europako hainbat tokitara joan ziren bizitzera nire aita kazetari lanetan hasi zenean. Beraz, nire anaia Londresen sortu ondotik, ni Parisen sortu nintzen eta nire ahizpa Erroman. Hiru urtean behin, gutxi gora behera, beste hiriburu batera joaten ginen - Bruselara, Madrilera... Eta normala zen guretzat bertako hizkuntza ikasi eta gure ingurumenera moldatzea. Beraz, hizkuntza batetik bestera aldatzeko usaia hartu dut.

Zoe Bray © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Zoe Bray © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Nire amak (Josette Dacosta) arte hezkuntzan lan egin du eta artista da ere bai. Koadro abstraktu indartsu handiak egiten ditu. Asko ikasi dut bere lana ikusten.

Esperientziak baieztatu zidan arteak pertsonen bizitza aldatu eta zubiak eraikitzen ahal dituela.

18 urterekin bakarrik bidaiatzen hasi nintzen. Mexikon lan egin nuen eta Kalifornian urrutiko lehengusu euskaldunak bisitatu nituen. Gero Edinburgon kokatu nintzen eta antropologia ikasi nuen unibertsitatean. Edonon, tokian tokiko arteak eta eskulanak ezagutzea gustatzen zitzaidan. Baina unibertsitatean zer ikasi aukeratzerakoan, niretzat zentzuzkoena zen giza, gizartea ulertzeko trebetasun analitikoak eskuratzean zentratzea. Suposatzen dut Antropologia Soziala aukeratu nuela leku ezberdin hauetan guzietan hazi naizelako. Tresna intelektualak nahi nituen, kultura, harreman sozialak... giza pertzepzioa eta jarrera gidatzen duten gauza horiek aztertzeko.

Txikitan euskara ikasi nahi nuen – oporrak Oztibarren pasatzen genituen eta han, nire amatxi auzokideekin euskaraz solasean aritzen zen, baina ni hor nintzelarik frantsesera pasatzen zen. Azkenik, unibertsitatean, euskarari arreta emateko aukera izan nuen. Eskoletako hizkuntza politikari buruzko tesia egin nuen eta ipar Euskal Herrian egon nintzen. Uste dut orduan hartu nuela kontzientzia nere euskaldun identifikazioarekin.

Zoe Bray © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Zoe Bray © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Gero, Florentziako Europako Unibertsitate Institutuan doktoretza egiteko beka bat lortu nuen, eta orduan Estatuen mugetako hizkuntzak ikertu nituen. 1990eko hamarkadaren amaieran izan zen, Europar Batasuna irekitzeaz hitz egiten zenean. Eta horrela joan nintzen berriro Euskal Herrira, Txingudin egoteko.

Niretzat artea eta antropologia erlazionatuta eta osagarriak dira: biak dira bizitzarekin lan egitea, bertan murgiltzea eta horretaz hausnartzea.

Artea pribatuan egiten nuen beti. Baina Florentzian egon nintzenean, nire artista aldea esnatu zela uste dut. Margolari-atelier bat aurkitu nuen eliza desakralizatu batean eta horretara joateko erabakia piztu zitzaidan. Beraz, doktoretza egiten ari nintzela, potreta margolari izateko ere hasi nintzen ikasten. Egunero sei orduz guretzat paratzen ziren modeloak baziren! Karguak estaltzeko hainbat lan egin nituen, garbitzaile, modelo, idazle. Eta azkenik, estudioa partekatzen nuen beste margolari batzuekin eta egun erdiz lan egiten nuen Europako Institutuan. Urte batzuetan, bizitza erdi bohemiar erdi akademikoa eduki nuen. Gero, Londresera eta Berlinera joan nintzen eta bertan enkargu lanetatik bizi nintzen.

Azkenik, 2011n Europa utzi nuen Nevadako Renoko Unibertsitatera lanera joateko, unibertsitateko Center for Basque Studies-en irakasteko. Nevada lurralde berria zen niretzat, nahiz eta, zoritxarrez, duela ehun urte, nire Amatxiren aita hor artzain izan zen! Lau urteren buruan, unibertsitatea utzi nuen Israelgo Jerusalemgo Hebrear Unibertsitatean lan egiteko. Nire familia txikiarekin, hiru urtez bizi izan nintzen Jerusalemen. Garai intentsiboa izan zen hura, nire bigarren haurra sortu zelako, eta Israelgo eta Palestinako aktibistekin parte hartzen nuelako. Nire une gogoangarrietako bat Zisjordaniako muino ederretako artzain palestinarrekin egotea izan zen, Israelgo kolonoek mehatxatutako lekuetan haiekin batera egotea. Nire artelanaren bidez tokiko biztanleriaren parte oso desberdinekin konektatu ahal izan nuen, erlijio, etnia eta politika zatiketen gainetik. Esperientziak baieztatu zidan arteak pertsonen bizitza aldatu eta zubiak eraikitzen ahal dituela. Gozamen, askapen eta meditazio iturri bat da eta komunikazio modu eraginkorra izan daiteke. Indarkeria askoren lekuko ere izan nintzen. 2018an, nire familiarekin, Nevadara itzultzea erabaki genuen, orain etxea deitzen dugunera.

Artea eta antropologia osagarriak dira?

Niretzat artea eta antropologia erlazionatuta eta osagarriak dira: biak dira bizitzarekin lan egitea, bertan murgiltzea eta horretaz hausnartzea. Irudikapenaren auzia –zer irudikatzen dugun, nor eta nola eta zer asmorekin– funtsezkoa da antropologian eta artean. Gizakiak mundua nola ikusten duen eta nola hautatzen duen irudikatzea desegin behar da, eta diziplina bakoitzak besteari horren informazioa ematen dio.

Zoe Bray © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Zoe Bray © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Gaur egun, artista gisa bakarrik lan egiten dut. Unibertsitatean lan egin nuelarik antropologia konbentzionala irakatsi eta idatzi nuen; orain aldiz, artea pentsamendu antropologikoarekin irakasten eta egiten dut. Nire praktika artistikoaren bidez jendearekin lotura zuzenagoa bilatzen dut. Beraz, zuzeneko emanaldiak nire artelanaren zati garrantzitsu bat dira. Jendaurrean margotzea gustatzen zait, jendea prozesuaren lekuko izatea. Museoetan eta beste leku publikoetan margotzera gonbidatzen naute. AEBetan egin dut halakorik batez ere, Euskal Herrian oraindik ez! Jendaurrean margotzeak artea estudioko ingurune esklusibotik atearazten du; jendeek potreta baten sorrera ikusi eta parte hartzen ahal dute.

Pintzela eskuan, potreta egile zara bereziki?

Pintzela eskuan, potreta egile naiz, zalantzarik gabe, gizakietan zentratzen bainaiz, antropologian bezala. Potretak aukera ematen du gizabanakoengan arreta jartzeko, haiekin hitz egiteko, haien aurrean denbora pasatzeko, haien behatzeko. Gaur egun aukera gutti dugu, gure mundu bizkorrean, kontenplazio mantsoa egiteko- eta horretan datza antropologia ere- gauzak hobeto ezagutzeko. Pixka bat barnekoia naiz ere, potreta margotzeak nere oskoletik atearazten nau.

Euskal Herriko arte mundua biziki zirraragarria da, aberastasuna eta aniztasuna behatzen ditut, eta urrunetik inspiratzen nau.

Egon-molde bat luzaz hartzen delarik, - modeloa serio ager daiteke margolanean - egon-molde bat hartzen duzularik, denborarekin, zure irribarrea lasaitzen da! Pertsonak egiten duena interesatzen zait: norberaren barne izaera eta arima identitatea bezainbeste. Irudikapenaren politikan ere pentsatzen dut, irudikatzen duen pertsonaren boterean (ni), baina baita modeloaren agentzian, ikusleen inplikazioan eta gure elkarlanak zer ekartzen dion irudiari ere. Potretak pertsona baten existentzia baieztatzen du eta garenaren inguruko elkarrizketak eragiten ditu.

Zoe Bray © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Zoe Bray © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Paisaiak eta objektuak ere margotzen ditut. Gauza arruntetan bilatzen dut edertasuna. Gure ingurune naturalaren antropomorfizazioaren aurrean sentikorra naiz, naturarekin dugun harremanaren isla dela uste dut.

Zer xuxurlatu didan Amatxik natura eta ezagutza indigena ospatzen ditu.

Nire arte-prestakuntza arte ederren teknika tradizionaletan oinarritzen da, eta hor, erreferentzia nagusiak Michelangelo, Da Vinci, Artemisia Gentileschi eta abar dira ezinbestean. Erreprodukzio ederrekin eta naturari dioten arreta estuan inspiratzen naiz. Margolari garaikide askok ere inspiratzen naute. Maite dut Paula Regoren lanaren ausardia margolan figuratibo sinple eta dramatikoen bidez istorioak kontatzeko.

Pintura abstraktuak eta zizelkaritzak ere inspiratzen naute. Bizimodu jasangarriagoa eramaten saiatzen naiz ere, eta orduan arte ekologikoa gehiago lantzen ari naiz, material organikoarekin egindako artea eta ingurumenarekiko kontzientzia duena.  Andy Goldsworthyren bezalako lanean inspiratzen naiz. Euskal Herrian eta inguruan ditugun paleolitoko labar-pinturei ere erreparatzen diet.

Ilustrazio lanak ere beti egin ditut, baina duela gutxi arte ez dut anitz publikatu, nahiz eta azken hamar urteotan Herria aldizkarian erregularki publikatu dudan. Nire ilustrazioek adierazteko modu ludikoagoa eskaintzen dute. Bizitza marraztea dut helburu, umorez. Haurrak kanpoan jolasten irudikatzea da nire gairik maiteena.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko esparru artistikoa?

Niretzat euskaldun izatearekin batera doa zure ingurune naturala ezagutzea eta zaintzea.

Euskal Herriko arte mundua biziki zirraragarria da. Euskal Herritik kanpo lan egiten dudanez, zoritxarrez, ez nago nahi adina lotuta. Baina aberastasuna eta aniztasuna behatzen ditut, eta urrunetik inspiratzen nau. Deigarria iruditu zait euskalduna dena nola ikusten eta nola definitzen duten. Gustura egon nintzen Vicente Amestoy eta Rosa Valverde bezalako artisten irudikapen alternatiboak aurkitzen. Eta gaur egungo ikuskera eta bizipen feminista indartsuek Euskal Herria denaz irudi osoagoa ematen dute. Euskal Herrian egiten ari diren diseinuek eta lan grafikoek ere inspiratzen naute.

Idazle hitza ere gehitu behar dugu orain zure aurkezpenean...

Duela gutxi arte, egin nituen idatzi bakarrak akademikoak eta kazetaritzakoak izan ziren. Istorioak idazteko gogoa nuen aspalditik eta COVID konfinamendua gertatu zenean iritsi zen momentua. Nire bi seme-alaba txikiekin eguneroko bizimodu lasaia egin nahi nuenez, berez etorri zitzaidan azkenean nire lehen ipuina idaztea, Zer xuxurlatu didan Amatxik izenekoa. Biziki atsegina zen euskaraz idaztea – lantzeko modu bikaina ere bai–, izan ere, hemen Nevadan, nahiz eta euskaldun batzuk izan, ez gara askotan elkartzen. Istorioa ingelesez idatzi nuen lehenengoz, hau da nire hizkuntzarik indartsuenean. Orduan Piarres Erdozaintzi nire lagunari, nire euskararen zuzentasuna egiaztatzeko eskatu nion, batez ere tokian tokiko esamoldeei leial egoteko. Eta niretzat naturala izan zen testuarekin batera arkatzez eta akuarelaz ilustrazioak egitea.

Zoe Bray © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Zoe Bray © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Zer xuxurlatu didan Amatxik natura eta ezagutza indigena ospatzen ditu. Nire seme-alabak planetaren beste aldean bizi arren, Euskal Herriarekin duten lotura gogorarazteko saiakera bat izan da ere. Azpimarratu nahi nuen lurrarekin konektatzeak edozein identifikazio nazional gainditzen duela. Ameriketako Mendebaldean erabilera bakarreko plastikoen eta elikagai prozesatuen kontsumoa, beti autoz mugitzea eta telebista ikusten edo bideo-jokoetan jolasten pantailen aurrean egotea izugarria da. Beraz, kanpora ateratzen den eta aldaketa positiboak egiten dituen haur baten istorioaz pentsatzen aritu nintzen.

Niretzat, argi dago euskaldun izatearekin identifikatzea, tokiko justizia sozial, ekonomiko eta ingurumenekoaren alde aritzea dela.

Elkano Fundazioarekin idazle bekarako EKEk egindako deialdiak berriro saiatzera animatu ninduen. Gaurko mendean bizi den haur bat izatea, gaur egun dugun ezagutza zientifiko eta globalarekin eta hondatze ekologikoarekin… Elkanok gai hortaz hausnartzeko parada eskaini dit. Nire istorioak, June ta Mundua, munduan zeharreko euskal presentziaren gaia jorratzen du, identifikazio indigena eta burujabetza izpirituala ezaugarri dituena, baina indar kapitalista eta kolonialistekin izan konplizitateak ere. Istorioak Nevadan bizi den haur bat du ardatz, Amerikako Mendebaldeko estatuan, zeinean euskaldun anitzek emigratu zuten azken bi mendeetan. June amerikarra da eta euskalduna ere, Euskal Herrian bizi den amatxirekin identifikatzen baita. Istorio hau gazteek beren ingurunearekin modu positiboan parte hartzen duten sail baten hasiera izatea nahi dut. Dimentsio ekologikoa eta filosofikoa ditu: nola ematen diote zentzurik gaur egungo haurrek gaur egungo munduan duten existentziari? Nola ikusten dute ingurumenean duten eragina? Eta zer garrantzi eman behar zaio identitateari? Istorioak galdera existentzialak sortzen ditu, baina erabakigarriena da ahalduntzea eskaintzen duela.

Elkano bezala, zu ere bidaiazale zara...

Euskal mitologiako pertsonaiek inspiratzen naute.

Bidaiatzea eta munduko hainbat lekutan bizitzea gustatu zait, baina ez dut hainbeste bidaiatzen. Gutxitan hartzen dut hegaldi bat aste gutxitan munduko beste toki bat bisitatzera joateko. Nire karbono-aztarnaz kontziente naiz. Ahal dudan guzietan bizikleta egiten dut. Gehiago beharrez bidaiatzen dut, batez ere urtean behin nire familia bisitatzera joateko. Zure burua erosotasun-gunetik ateratzen behartzea ona dela uste dut, baina ez dut uste bidaiatzea lagungarri den mundua hobe ulertzeko. Garrantzitsua iruditzen zait eguneroko bizitzan arriskuak hartzea, eta inguruko guztia ezagutzea. Zauden tokian zaudela pausatuta eta begirada berritua ematen duzunean, askoz gehiago ikusi eta senti dezakezu. 

Lotura handia atxikitzen duzu Euskal Herriarekin, itsasoaren bestaldean egonda ere.

Nire gurasoak Euskal Herrian bizi dira orain, Izurako familiaren etxean, beraz, haiei esker Euskal Herria etxe dei dezaket. Artean ere gauza oso pizgarriak egin dituzte, besteak beste, Donibane Garazin Itzal Aktiboa izeneko elkarte bat sortzea bertako artea erakusteko. Bertako artista harrigarriak aurkitu ditut haiei esker.

Ondare immateriala zaintzea inportantea da zuretzat?

Ondare immateriala ezinbestekoa da, bizitza bera da! Baina ez dugu ahaztu behar gauzen interkonexioa: ez dago zalantzarik euskaraz hitz egitea eta musika, antzerkia, dantza edo literatura euskaraz egitea ezinbestekoa dela horretarako. Baina horretarako plastikoa kontsumitzen, suntsitzen eta kutsatzen dugun bitartean, inguruneak ez du zentzurik. Niretzat euskaldun izatearekin batera doa zure ingurune naturala ezagutzea eta zaintzea. Uste dut norberaren eta ondarearen zentzu sendoa, bizi garen paisaiarekin banaezina dela.

Beste zaletasunik baduzu?

Kanpoan eta fisikoki aktibo izatea gustatzen zait. Mendi ibilaldiak, bizikleta, surfa, ibaietan igeri egitea… Horrek guztiak askatasuna eta lasaitasuna ematen dit. Niretzat garrantzitsua da jolastea eta fisikoa izatea, ez buruan bakarrik egotea.

Zoe Bray © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Zoe Bray © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Euskal Herrian gertatzen ari diren oinarrizko gizarte mugimenduek inspiratzen naute bestalde. Niretzat, argi dago euskaldun izatearekin identifikatzea, tokiko justizia sozial, ekonomiko eta ingurumenekoaren alde aritzea dela. Miresten dut bereziki Bizi! elkarteak egiten duena.

Euskal Herrian naizelarik arazoak izaten ditut autoa hainbeste erabiltzearekin. Garraio publikoa gehiago egongo balitz. Eta itzultzen naizen bakoitzean min egiten dit zuhaitz gehiago moztuta ikusteak, asfalto gehiago ikusteak…

Interesatu zaituen euskal pertsonaiarik baduzu? 

Euskal mitologiako pertsonaiek inspiratzen naute. Gaur egun gure bizitzan garrantzitsuak izaten jarraitzen dute, Lamiak adibidez, basamortuko izpiritu gisa. Nire ametsa da, edonon, haurrek beren ingurunea ezagutzeko ahalmena izatea, beren basamortuarekin konektatzea eta zaintzaile iraunkorrak izatea.

Amets bat?

Nire amets pertsonala nire euskara hobetzea da. Noizbait espero dut nire seme-alabekin batera, AEKn euskara ikasten denbora polit bat igaro ahal izatea. Eta gero ipuin gehiago idatzi eta ilustratu nahi nituzke, haurrek naturan bizi dituzten abenturei buruz!

Elkarrizketa gehiago

Elsa Oliarj-Inès

Elsa Oliarj-Inès

"Trankil zarelarik tradizioekin, sorkuntza sar dezakezu"

Ttitto Aguerre

Ttitto Aguerre

"Zizelkaritza, loturen egitea da"

Adur Larrea

Adur Larrea

"Euskal Herrian oso marrazkilari onak badira eta hautua egin dute euskaraz lan egiteko"

Nahia Zubeldia

Nahia Zubeldia

"Musika beti izan da adierazteko, askatzeko eta ongi pasatzeko tresna"

Elkarrizketa gehiago