Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Filipe Lesgourgues
Filipe Lesgourgues

Filipe Lesgourgues

“EKEk betetzen duen funtzioa bermatzeari ez dio nehork uko eginen”

  • Xan Aire - EKE
  • 2016-07-08
  • Hizkuntza: Euskara

Filipe Lesgourgues (1961, Baiona, Lapurdi) kultur-eragile saihetsezina da Uztaritzeko bazterretan: Herri Soinu elkarteburu, Euskal Kultur Erakundeko administralari, musika jo eta jo ere ikusi izan da neguko karriketan. Ipar Euskal Herria hainbat aldaketen bezperan izanez, batez ere Herri Elkargo bakarraren menturan, horien eraginak jorratzeko astia hartu du hemen, bertzeak bertze.

Zure izena jadanik aipatua izana da elkarrizketa hauetan, Thierry Truffautek kontatu baitzuen nola Claude Iruretagoiena eta zu ezagutu zintuzten Baionako Balichon auzoan, hango dantza-taldea eskuetan hartu zuelarik... Zer izpiritutan zinen, garaian?
Dantza-talde horretan sartu nintzen Claude Lesgourgues Xuito, ene ottori esker: kirola pixka bat egiten nuen, eta zergatik ez, oporretan, dantzan hasi? Jakin gabe zer zen plantatu nintzen han, jantzi ederrean, boneta gorria, zinta berdea... Ongi zen, beste gazteak ezagutzen baikenituen, eta, handituz bezala, Euskal Herrira buruz eraman ninduen ataria ere izan baitzen dantza. Oihartzuna bazuen ene baitan. Horra hor egun batez gizon gazte-gazte bat heldu zaigula, bizarduna, blonda, Thierry Truffaut izenekoa: dena itzulipurdikatu zuen! Betti Betelu ekarrarazi zuen, eta mutxikoen erakusten hasi zitzaigun: aspergarria zen, hasieran! Ez genuen deus ulertzen... Gu gazte ginen, nahi genuen mugitu, zangoa gora altxatu! Baina hasi zen erranahia esplikatzen, eta hor, zinez, argi bat piztu zen.

Zer azaltzen zuen?
Kultura baten espresioa. Negua eta ihauteriekiko lotura. Mundua ikusteko molde bat. Euskal Herriaren osotasuna. Gure nortasuna moldatu du. Gainera, garaian, sumendi batean bizi ginen: ikastolen sortzeak, borroka armatua... Gure aitamen heziketa pikutara botatzea! Dantza-taldeko aitzineko irakasleak ere ez ziren menturatu hori guzia transmititzera, Frantziaren zama hor baitzuten. Thierry eta Bettirekin, aldiz, euskal probintzia guzietako dantzak dastatu genituen, harremanak atxikiz talde batzuekin. Hunkituak izan ginen jakitean Lapurdik ere bazituela bere dantzak. Hortik genuen muntatu Lapurtarrak elkartea: gure lana izan zen lapurtar dantzen berreskuratzea, bereziki ihauteriekin lotuz. Mugimendu ederra lortu genuen, eta Lapurdiko herri gehienek badituzte beren ihauteriak berriz, gaurko egunean.

Gaita, aldiz, Uztaritzen eta Baigorrin garatu da: nolaz bi herri horietan bereziki, eta hein berdintsuan?
Gaitaren Iparraldeko bi sehaskak izan dira. Izan zen topaketa bat Donibane Garazin, Lizarrako birazkatzea ospatzeko, hango gaiteroekin. Egun hartan, Uztaritzeko Haira anaiak han ziren, orduko txistulari famatuak eginak: badakit han maitemindu zirela gaitaz. Eta nola Pierre Haira aspalditik Betti Bidart baigorriarraren laguna den, nik uste bakoitzak bere eskualdean musika-tresna hori garatzeko erronka hartu zuela. Salbu, geroztik Baigorrin eta Uztaritzen baino aise toki gehiagoetan zabaldu dela! Hala ere, franko irringarria da bi herri horiek duten ibilbide paraleloa: dantzan lehenik, musikan eta kultura zabalagoan gero, eta aski da ikustea Herriko Etxeak noren esku diren orain...

Eta gaitak segitzen du irauten... Nolaz hori?
Transmisioaren ildotik: irakatsiz. Ez da mirakulurik!

Baina gazteek badute ikasteko griña?
Argiki, bai. Anitz ikasle bada, nahiz-eta gaitero guti atera puntan. Baina griña badute, bai: soinua, besta, karrika iratzarraraztea, plaza dantzaraztea, musika polita, Burrunka bezalako ikusgarriak, zergatik ez diskoak, baita goi-mailako piezak... Ibilbide interesgarria eta anitza eskaintzen du gaitak ere. Gazteek zentzua errexki aurkitzen diote, beren adineko bizimoldeari lotzen ahal baitiote. Beren nortasuna eraikitzeko eta erakusteko molde bat ere bada. Uztaritzeko inguruan, elkarteekin lan egiten dugu, baita gero eta gehiago musika-eskolekin. Nahiko genuke gaita kontserbatorioan sarrarazi.

Zer zentzu du horrek, preseski?
Aski da ikustea Nafarroa Garaian zer mailara eraman duten gaita, eta zenbat gauza polit atera duten hortik. Solfeoa menperatzeak, beste musiken influentzia jasotzeak, herri-tresnak aberasten ditu. Ikusten dudalarik Ibai Indart bezalako musikari gaztea badugula Baigorrin, nahi badu, gaita biziki urrun eraman dezake. Horrelako tresnak akademian sartzeak, horien ezagutza eta ezagupena bideratzen du. Julian Romano jaunak baditu 200 bat pieza idatzirik duela mende bat, Pico de Angel bezalakoak: maila biziki gorakoak dira, musika-ikuspegitik begiratuz. Akademian badute beren tokia. Begira Carlos Nuñez galiziarrak nolako ibilbidea lortu duen hango kornamusarekin...

Joseba Tapiak gutiesten du akademiaren ekarpena, erranez herriak bereganatu dituen artistak ez direla hortik pasatu... Mikel Laboa jartzen du adibidetzat...
Ez dut erraten akademiari osoki dedikatu behar diogula gure musika. Baina memento batean, solfeoa ikasi behar da, Joseba Tapiak berak egin duen bezala, funtsean. Kontzertuak nahi badituzu eman, adibidez. Bada jende bat karrikara joaten ez dena, eta horien espazioan ere finkatu behar dira gure tresnak. Begira Elciegoko gaiteroak... Beste mundu batean dira! Egiten dutena, zoragarria da... Eta Gasteizko kontserbatorioan irakasten dute.

Doi bat kontraerrankorra da, hala ere, gaitero bat karrikan ez izatea...
Bistan dena, eta karrikan ere behar du. Ene pentsamendua laburbiltzeko, erran nezake espazio guzietan behar duela gaita bezalako tresna batek. Batean arima ukanen du, eta bestean, maila bateko teknika. Osotasun horretan du musika-tresnak ibilbide interesgarriena biziko, eta prestigioa eskuratuko hemengo errealitatean.

Ekainean iragan dira Frantzia mailako topaketa batzuk, Uztaritzen, herri-dantza eta -musiken ingurukoak: zer ekarri dute?
FAMDT federazioak ehunka elkarte biltzen ditu, Herri Soinu barne: badu bi urte horren biltzar ttipian sartuak garela. Horrelako sarean, ohartzen zara herri-dantza eta -musikak trumilka badirela! Baina ez dira nehon ageri... Aurtengo topaketak guk antolatu ditugu, eta bereziki dedikatuak izan dira Frantzia mailako eskualdeen erreformari: horrek eragina du federazioaren antolaketan. Horri uztartu diogu kultura eskubideen gaia, xedea zelarik aztertzea gure herri dantza eta musikek zer toki ukan dezaketen, zer ezagupen. Guretzat, lehen ondorioa izan da Herri Soinu bilakatu dela lurralde honetako bitartekaria: Pariseko Kultura Ministeritzara gu gara zuzenean joanen hemendik. Azpimarratu nahi dut gure elkarteak aspalditik baduela Hego Euskal Herriarekin sare bat, baita Galizia eta Kataluniarekin ere: osotasun bat lortu dugu urrats berri honekin. Iparraldeko Dantzarien Biltzarra (IDB) ere kidetu da FAMDT federazioan.

Baina Herri Soinuk sare interesgarria badu Uztaritzeko bazterretan ere, ez?
Hartzaro eta Herri Uzta festibaletatik, esperientzia ederra metatua dugu, bai. Bederatzi kultur-elkarte dira Herri Soinuren barnean, eta orain, Errobi herri-elkargoan zabaltzeko asmoa dugu, antzoki baten inguruko proiektuan, Uztaritzen finkatuko litzatekeena. Salbu, artean, HELEP berria agertu dela: IDBk ere egitasmo bat bazuenez, bien artean bat osatzea galdegina izan zaigu... Ipar Euskal Herri mailako dimentsiokoa izanen dena. Biziki kontent gara, baina beste gauza bat da, lan ikaragarria. Polo bat izanen da, azkenean, iturgune bat, eta horren idazten ari gara: kontsultatzen ditugu elkarte eta herri elkargo desberdinak, horien nahiak eta ideiak ere hartzeko.

Horrek ez ote du pausatzen Euskal Kultur Erakundearen funtzioaren galdera: bi egiturak uztargarriak dira?
HELEPak du lehenik ekarri EKEren geroaren galdera: ea segituko duen, edo ez. Herri Soinu EKEren biltzar ttipian da, nihaurrek ordezkaturik, eta hori eztabaidatzen gabiltza. HELEPak bere konpetentzia kulturala izanen du berantenez bi urteren buruan, eta aukera izanen da euskal kultura hor integratzeko. Gisa guziz, EKE desagerturik ere, horko langileak HELEPean hartuko lirateke, legeak hala baitio.

Baina zinez tokiko jendearen esku da berregituratze horiek denak eraikitzea?
Bai. Eta hor pausatzen den galdera zehatza da EKEren segitzea elkarte gisa. EKEk betetzen duen funtzioa bermatzeari ez dio nehork uko eginen. Ez baitu euskal kulturak itoa izan behar frantses legegileek “culture générale” deitu duten horretan. Aldi berean, horrek erran nahi ere du euskal kultura peko maila batean dela gaurko egunean, eta guri doakigula bertze hein batean finkatzea egitura berri horretan, horren ondorio ekonomiko baikorragoekin ere.

Frantziako markoak eskaintzen ote die lege-koadrorik herri-artegintza horiei?
LeNotre lege famatu horretan, 103. artikuluak aipamen bat eskaintzen die eskubide kulturalei. Lerro bat, zeinetan idatzia den lurralde bakoitzeko aniztasun kulturala babestu behar dela, UNESCOren 2005eko itun garrantzitsuan oinarriturik, eta tokian tokiko teknikariek zein hautetsiek parte-hartu behar dutela lan horretan. Jean-Michel Lucas jaunak du idatzia lerro hori, eta badaki zertaz ari den. Horren balioa izanen da hautetsiak gehiago murgiltzea kulturaren arloan, horien ezagutza garatzea: gabezia handi bati erantzun beharko diogu, hor. Horretan ere da FAMDT bezalako sare bat garrantzitsua izanen, Pariseri begira: nahi ala ez, han biziki jakobinoak dira, teknikariak barne, eta gehiago murgildu beharko ditugu gure kulturen munduan. Jadanik, azken topaketetan, gauza franko erakutsi dizkiegu gureaz, Lapurditik Donostiara.

Hala ere, testuinguru horretan, ondarean soilik gelditzeko arriskua ez da jokoz kanpo...
Bistan dena ezetz! Eta Lauburu elkartea izan da lehena hori azpimarratzen: ondarea, ez da harria. Hor gordetzen da munduaren ikuspegi kultural bat. Hor ere bada hausnarketa interesgarriaren mentura, batez ere munduari molde berezian so egiten segitu nahi dugularik, baita horretan parte-hartu. Gure kultura bizitzen baitugu orain eta hemen: horretan da funtsa.

Baina UNESCOren itun horrek zer heinetan behartzen ahal ditu lege-gauzaketa eta aplikatzeak?
Ez da izpiritu horretan egina. Horren lehen funtzioa ezagupena bermatzea da, aniztasun kultural baten alde egitea, globalizazioari arrastak emateko. Horrek eskatzen du tokian tokiko tresnak, ekintzak zerrendatzea, ondare immaterialaren arloan, eta lehenik Parisera eramatea: EKErekin horretan gabiltza orain. Gero, hortik igoko da UNESCOren mailara: horrek duen babes- eta hedatze-eraginarekin, mundu mailan ezagutuak izan daitezke, adibidez, Lapurdiko ihauteriak. Itun hori Europa mailakoa denez, bada lotura interesgarria egiteko bertze herrietako ihauteriekin. Hortik trukaketak bultza daitezke, elkarrengandik ikasteko, eta biziberritzen segitzeko. Bistan dena, batzuek erranen dutela gure ohidurak formolean atxikitzeko baizik ez duela balio: badakigu horien biziaraztea gure gain dela, eta nik uste horretan ari garela! Baina desmartxa horrek ekar dezake itzulian formakuntzarako griña ere, zergatik ez, instituzioetako teknikari eta hautetsiei. Jakinez, oraindik, zerrendatze horretan 300 fitxa baizik ez direla sortuak, Frantzia mailan. Eta Pariseko Kultura Ministeritzan, bi teknikari baizik ez direla horri dedikatzen...

Aldiz, bada itun horrek eragin adibide baikor bat Berlinen: Yodelarena...
Bai, Berlingo Filarmoniak Yodel kontzertuak antolatzen ditu. Itun horren eragina ez da zerrendatzean mugatzen bakarrik: ekintzan ere emaitza politak eragin ditzake. Gero, jarrera kontu bat ere bada: ez da Pariseko Filarmonian horrelako keinurik ikusten... Baina Ipar Euskal Herri mailan, gure egitura berri horrekin, UNESCOren ituna zuzenki hemen aplika daiteke, eta bada zerbait euskal kulturari begira.

Baina ez du ekarpenik egiten zuzenki Hego Euskal Herriarekiko loturan...
Ez da hein horretan posible, itun horren giltza nagusia estatuek baitute: biziki zaila da muga hori gainditzea hor. Aldiz, badakigu guk, gure heinean, Hegoaldearekiko harremanak zein inportanteak diren, eta nik uste zentzu horretan arizan garela orain arte: behar bada arlo batzuetan ditugu indartu behar, batez ere tokiko erakundeen artean. HELEParen abantaila bat, hori ere izan daiteke. Horrez gain, badakigu Hegoaldearekiko trukaketek beste gauza bat ere bermatzen digutela: euskaraz aritzea. Eta, nik hasteko, ez dut euskararik gabeko euskal kulturarik kontzebitzen.

Gehiago jakin