Pierre Haira

Pierre Haira

"Ihautea gure kulturaren bizia laguntzeko bide bat da, bizi dela frogatzen du"

  • EKE - Xan Aire
  • 2011-02-10
  • Hizkuntza: Frantsesa

Pierre Haira (1951, Uztaritze, Lapurdi) gaitero ezaguna da. Errobiko Kaskarotak elkarteko kidea ere bada, eta urteak dihardu Hartzaro festibala, Uztaritzeko ihauteriei lotua dena, antolatzen. Festibalaren oinarriak ezagutaraziz, hamabosgarren edizioa aurkeztu du, 2011ko otsailaren 25ean hasi dena.

Xan Aire: Zure jatorriak zein dira ?

Pierre Haira: 1951. urtean sortua naiz, Uztaritzen. Aitaren aldetik, familia uztariztarra dugu. Txokolategia zuen gure aita zenak, gure aitatxiren eta birraitatxiren eskutik ukana. Ama atharraztarra dugu, Hastoy familiakoa, eta horretako erraten dut zuberotarra ere naizela pixka bat... Bestela, ene ofizioa bankuan lan egitea izan da, kasik bizi guzian, Société Générale etxean.

Kulturaren mundutik urrun, beraz...

Urrun eta hurbil, aldi berean, musikaren munduan murgildurik handitu bainaiz. Gure aitatxi, amaren aldetik, piano-jolea zen, eta gure aita elizan xantre zen. Mixel Labeguerie bere lehengusua zen, funtsean. Dozena bat urte ukan nituelarik, dantza taldeño bat muntatu zen Uztaritzen, eta musikariak behar ziren. Gure aitatxirekin pianoan pixka bat trebatua nintzanez, oroitzen naiz erakasle gogorra zela, txistua jotzen ikasi nuen Paco Pagoagarekin hemen berean, Uztaritzen. Urte batez kontserbatorioan egon ondoan, gaitaren inguruko musikariak bilatzen hasi ginen, anaia eta biak. 1970 hamarkadan, Agirretxe anaiak ezagutu genituen, Irunen, eta haien gaitekin jotzen hasi.

Horrek zer erran nahi du, Ipar Euskal Herrian gaitarik ez zela ?

Ez zen deus horrelakorik, ez ! Gaiterorik ere ez, funtsean. Tradizioz, Hego Nafarroan, Araban eta Errioxan ziren. Elizaga, Agirretxe, Montero, Perez familiakoak ziren... Erran dena, tradizio baten fruituak, bai eta familiako transmisioaren azken belaunaldiak. Horiek denak gaita jotzen ikusirik oroitzen naiz ni, garaian biziki ezagunak baitziren. Egun batez, Lizarra eta Garaziren arteko herri-kidetzaren karietara, ene lagun taldearekin Lakuntza anaiak ezagutu genituen, Javier eta Fernando. Bigarren hau Parisen errefuxiatua zen, eta horrekin adiskidetu ginen. Elgarrekin gaita jotzen hasi, eta Uztaritzen garatzea lortu dut, Betti Bidartek Baigorrin egin duen bezala.

Zu, gaiteroa, karrikari lotua, eta ihauterien antolatzaile...

Bai, ez da deus harrigarririk horretan ! Gainera, edozein abertzale militantearen ibilbidea dut, dantza talde baten sortzean parte harturik, ikastolan eta gau eskolan ere bai, ene anaiarekin... Eta festibalak. Gure lehena Euskal Kultur Erakundearen eta Errobiko Kaskarotak elkartearen partaidetzarekin eraiki genuen, Herri Uzta izenarekin. 1992. urte inguruan izan zen, uda bete-betean, eta eramateko biziki zaila. Guti gora-behera lau urtez iraun zuen, eta egoerak bultzatu gaitu festibala hori ihauteri garaira antolatzera. Eta hori arras gustatu zitzaigun, zailtasunetan zen ihauteria indartzeko aukera baikenuen, musika, dantza eta ihautea karrikan elkartuz, eta lekuko jendeari hurbilduz ere bai, biziki inportantea dena. Horra Hartzaro festibala nola sortu den, izena Daniel Landartek harrapaturik. Hamabosgarren edizioa izanen dugu aurten.

Festibala hasi orduko, nortasuna ez galtzeko nahikeria sendi zaizue...

Horri sekulako garrantzia ematen diogu. Ihauteria mendez mende iraun duen ohitura da hemen, Uztaritzen. Gerlarengatik salbu, ez da sekula bospasei urtez baino gehiago moztua izan. Ihauteriak ezagutu ditudalarik, konskripziokoek, armada egin behar zuten mutikoek berriz hartuak zituzten. Mutiko gazte haiek, ezkongabeak, dirua irabazteko kaskarotak egiten zituzten, dantzari, musikari eta eskelari izanez. Uztaritzen, etxez etxe ibiltzen ziren, baina Baionara, Miarritzera, edo Donibane Lohizunera ere joaten ziren. Lehenago, Donostiara edo Akizeraino ere urruntzen omen ziren. Ogibidea zen, zinez, nahiz eta besta ere egiten zuten irabazitako diruarekin. Eta guk gisa horretan kaskarotak berriz hartu ditugu 1968an, Izartxo dantza taldea sortu ondoan. Elkarteko ohitura bilakatu da gurekin.

Elkarteko ohitura, baina mutikoen artekoa ere bai... Ez daiteke denen gustukoa, hori...

Egia, eta bi zentzuetan, gainera ! Guk mutikoen arteko ohitura atxiki dugu polemika frankorekin. Urte batez, ordea, neska bat kaskarotetan ibili zela oroitzen naiz, eskelari gisa. Etxe batean, sekulakoak entzun genituen horrengatik, eta gogoeta bat bultzatu genuen, gure artean. Mutikoen artean segitzea deliberatu genuen guk. Baina Ezpeletan, konparazione, badakit neskak baizik ez direla ibiltzen kaskarotetan. Beste puntara, edo muturrera joan dira han. Gure iduriko, eta ene ikusmoldea ere da, mutikoen ohitura da, transmisioaren erantzukizuna ere mutikoen artekoa da. Kaskaroten dantzak ere mutikoenak dira. Horregatik, sorkuntza bat bultzatu nahiko nuke, neskak ere atera daitezen ihaute garaian, etxez etxe ibiltzeko. Sorkuntza horren transmisioa nesken gain litzateke, mutikoen hein berean. 2012ko proiektua dugu hori.

Eta ihauteriak berak, zer heinetan harrapatu dituzue?

Oroitzen naizenez, Zanpantzarra bazen, Hauste asteazkenez. Kamioneta bat zen, karriketan pasatzen zena, musikariekin, Anje Duhalde bazen, besteak beste. Denbora joan ahala, ordea, ohitura hori galdu da. 1979an, berpiztera entseatu ginen, baina debaldetan izan zen. 1985an, urte osoan prestatu ondoan, ihauteriak berreskuratzea lortu dugu. Artistak bagenituen, profesionalak, gainera : Pascal Gaigne edo Mizel Theret bezalako sortzaileak. Mozorroak sortu ditugu euskal mitologiako pertsonaietatik abiaturik, Zirtzilak bezalako pertsonaia tradizionalak berriz sartu, edo abere sinbolikoak ere bai, funtsean, Hartza bezala, ihauteko ikurra dena hemen, edota Europa ekialdeko herrietan ere bai, Bulgarian bezala. Gero, ahal bezainbat herritar sarrarazi ditugu proiektuan, eta sekulako arrakasta izan genuen, nahi eta kritika erauntsien artean izan...

Nolaz kritika horiek?

Eremu garaikidean egonak ginen, mutxikorik edo horrelako gauza tradizionalik gabe. Jantziak ere ez ziren anitzen gustukoak... Guk, ordea, halako pindarra sentitua genuen, Uztaritze osoa argitu zuena. Sorkuntza arlo horretan segitu dugu, beraz, tradizioari gehiago lotuz, eta Hartzaro festibala sortu zen 1996an. Geroztik irauten du eta, aro ederrarekin, anitz jende biltzen da. 2009an, adibidez, 5.000 bat pertsona zen astearte gizeneko desfilean. Hego Euskal Herritik ere etorriak baziren.

2011ko edizioko egitaraua bi hitzez aurkezten ahal zenuke?

Otsaileko azken asteburuan hasten da, ostiral arratsez, Beñat Zintzo-Garmendiaren hitzaldi batekin, ihauteriez. Biharamun goizean, xerri-hiltzea badugu eta, arratsaldean, Arruntzako auzoan, eskolako ihauteriak, mutxikoak. Arratsean, bertako elizan kantaldi ikuskizuna : Etxegoien ahizpak lehenik, eta Sakratua sorkuntza. Igandean, kaskarotak Herauritz auzoan ditugu, lekuko eskolako ihauteriak ere bai, eta mutxikoak. Ondoko asteazkenean, ipuinak badira haurrentzat eta helduentzat, Hau dela, hori dela, Latsan, eta arratsean, berriz, metal kontzertuak Ttirritta ostatuan. Bigarren asteburuari lotzeko, kontzertuak izanen dira herriko ostatu gehienetan, ostiral arratsez. Larunbatean, Philippe Alborren kontzertu bat izanen da haurrentzat, eta eskolen ikusgarriak Kiroletan. Arratsean, Ezpelak Jauregitik bere sorkuntzaren zati bat eskainiko du, eta Aukeran taldea ere hor izanen da. Igandean, kaskarotak herri barnean ibiliko dira, handiak zein ttipiak, animazioekin, eta Haur Kantu Txapelketa izanen da arratsaldean. Eta egun handia ondoko astearte gizenean dugu, desfile handia 18:00etatik goiti karriketan.

Sorkuntzaren eta tradizioaren arteko loturak harrapatzen dira hor, eta transmisioaren nahikeria ere bai...

Guretzat baitezpadakoak dira. Gure nortasuna, euskalduna eta uztariztarra, ez galtzea beti izan da gure haria. Lehen urratsa gure ohiturak ezagutzea izan da, baina ikusmolde bereziarekin : tradizioa, egun batez, sortua izan dela kontutan hartuz. Hausnarketa hori etengabe eginez gara beti aitzinatu ahal izan. Gure nortasunaren zati bat bilakatu da. Hori segurtaturik, transmisioari lotu gara. Hartzaro helduen festibala da, kasik haurrik ez da, baina desfile baten 250 aktore dira. Prestakuntza garaian, berrogei bat lagun berri murgildurik egoten da jadanik hor den jendearekin, etengabeko eraberritzea da hori. Horrez gain, eskoletan ere ibiltzen gara festibala hasi baino lehen, haurrak eta gazteak ihauteria dastarazteko. Transmisioa da festibalaren bihotza. Eta ihauteak herrian sartu behar du. Gure kulturaren bizia laguntzeko bide bat da, bizi dela frogatzen du.

Elkarrizketa gehiago

Thierry Biscary

Thierry Biscary

"Sortzen dudanak mila erreferentzia ditu, orduan ez da sortzea, irakurketa bat dela errango nuke"

Marina Beheretxe

Marina Beheretxe

"Segur naiz Vivaldi hemen egon dela eta dantzatu duela ere!"

Kristof Hiriart

Kristof Hiriart

"Transmisioan gustatzen zaidana aldakuntza da"

Elkarrizketa gehiago