Joana Itzaina

Joana Itzaina

''Bertsuan goxo da ere bat-batekotasun baten atxikitzea''

  • EKE
  • 2009-10-07
  • Hizkuntza: Euskara

2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusia kari, Uztaritzen urriaren 17an iragan den final-laurdenean, Joana Itzaina (1981, Itsasu) lapurtarra gai-emaile izan da. Bertso giroan hazia izan den itsasuar gazteak lehen aldikoz parte hartu du Txapelketa Nagusian, gai-jartzaile taldean.

2009ko abuztuan eskaini zigun elkarrizketa honen garaian, Iparraldeko bertsularitzaren sustatzaile sutsua ez zen oraindik Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari izendatua. Joana Itzaina, Itsasun sortua 1981ean, ortofonista da Izpuran eta Kanbon bizi. Garaziko helduen bertsu eskolako kidea eta sortzaileetariko bat da. Epaile gisa aritu baldin bada ere epe labur batez, gai-jartzaile eta gai-emaile lanetan dabil besteak beste.

Sortzean, bertso munduan sartu

J.I.: Iduri zaut munduan sartzean denbora berean bertso munduan sartu nizala, etxean bertso giroa baizen eta ttipitan saioetan ibiltzen baiginen asteburu ainitzetan. Ene aita (Mixel Itzaina) epaile izana, gai-emailea eta bertsozalea da. Nik, oroz gainetik, saioen oroitzapenak ditut : familia guzia joaiten zen, edo saioetara, edo txapelketan Aita epaile baldin bazen. Nahiz ttipitan ez dena segitu, mundu hortan sartzen zira, nahi edo ez.

Lehen bertso-saioa

J.I.: Hasi naiz duela 4-5 urte : Itsasun, Gau-eskolak eta Itsasuko bertsozale talde batek urte guziz bertso-saio bat antolatzen du. Galdegin zautaten gai-egile taldean sartzea eta gaien emaitea. Gero, Hernandorena Sariaren finala batean izan nintzen gai-emaile.

Formakuntza

J.I.: Duela 4-5 urte, "Bertsularien Lagunak" elkartean bazkide sartu nintzen eta proposatu zautaten epaile formakuntzaren segitzea. Formakuntza segitu eta esperientzia labur baten ondotik, desbideratu nintzen eta joan nintzen gai-jartzaile lanari buruz.
Geroztik, izan ditugu Bertsozale elkarteko Asier Ibaibarriagarekin bilkura batzu gaien aipatzeko. Gero, ene ustez, hori ere, eginez ikasten da.

Garaziko helduen bertsu-eskola

J.I.: Izan ziren beste bertso-eskulak lehenago, bereziki garai hartan Maulekoa, ainitz bertsulari, epaile, bertsuzale, gai-emaile eman dituenak. Helduen bertsu-eskola sortu ginuen Garazin duela 2 urte, nahi baiginuen bertsutan ikasi. Talde ttipi bat ginen. Ez da batere txapelketaren helburuarekin, baina gehiago lagun eta besta giroan kapable izaiteko zerbeiten ateratzeko. Biziki interesgarria da ere jakitea, bai epaile baldin bazira zer jujatzen duzun eta gai-emaile zirelarik zer galdegiten diozun bertsolariari. Zuhaurek esperientzia egin eta, ez dituzu gauzak berdin ikusten.

2009ko Txapelketa Nagusian lehen aldikoz

J.I.: Hastapenean, aski uzkur nintzen, baina proposamena polita zen eta zertako ez entseiatu ? Justu, ateratzen ginen Iparraldeko lehen Txapelketaren esperientziatik : hari hortarik segitu dugu. Gai-jartzaile taldea aski gaztea da, denek badute esperientzia handia, ni heldu naiz pixka bat berri-berria baina ainitz gauza ikasten dira eta polita da, zinez.
Antolaketa mailan, treina bidean hartu dut : taldea apirila-maiatzean hasi da biltzen eta nik, lehen bilkura maiatzaren 30ean egin dut. Geroztik, hilabetean behin bildu gira eta orai astero.

Txapelketako gaien berezitasuna

J.I.: Gaiak prestatuak dira jakin gabe nork ukanen dituen. Denbora berean, eztabaidak badira beti : "Bai, baina hori, gazte batek ezin du gai horri buruz kantatu !". Pentsatzen da Txapelketan sartuz geroz, onartzen dutela edozein gai ukaiten ahal dutela. Hori da ezberdintasuna saio normal batekin, erran nezake.

Bertsulariek ere beren hitza

J.I.: Bilkurak izan dira bertsulariendako, batez ere final-laurdenen zozketa egunean eztabaidatzen dira gai batzu heiekin ; geroztik, berriz beste bilkura bat ere antolatua izan da. Bertsulariek ere badute beren hitza emaiteko antolaketa prozesuan.

Gai moten aldaketa: gai zabaletaz gogoetak

J.I.: Pentsatzen dut zabaltze horrek ainitz aberastasun ekarri duela. Gainera orai, Txapelketan badira geroz eta bertsolari gehiago, plazetan ibiltzen direnak ere. Ene ustez, nahiz eta biziki gozatzen duten lehengo saioak entzunez, maila aldatu da eta gauza gehiago egiten ahal dituzte.
Aldiz, ber-mementuan, sobera galdegiten zaie : kasik bilakatzen dira bertsu idatziaz eta ainitz denbora behar dute bertsuaren botatzeko, gaiak hala galdegiten duelako. Ondorioz, galtzen da pixka bat bat-batekotasun hori.
Orai, iduri zaut tendentzia aldatu dela : badakit usu eztabaida hori dela: "Kartzelako gaia ez zabalegia !". Pixka bat hertsitzera goaz. Nahiz eta polita den bertsu landu eta ederren entzutea, goxo da ere bat-batekotasun baten atxikitzea. Hori zaila da, bien arteko oreka atxeman behar da. Hori da ere Txapelketa eta plazetako saioen arteko ezberdintsuna.
Bertsulariek berek ere presioa emaiten dute beren buruari : beti hartu nahi dituzte doinu luze-luzeak, batzutan ez da hain polita ateratzen. Gauzak sinpleak ere politak izaiten ahal dira.

Bertsulariak koplaka

J.I.: Berrikuntza bat azpimarratzekoa aurtengo Txapelketa Nagusian, koplaka ariko dira bertsulariak. Epaileendako ere desafio bat da: ikusiko zer emanen duen ! Ene ustez, beti polita da berrikuntzak ekartzea, ez bada ibiltzen, utzi eta paso.

Gai-egilearen frustrazioa eta fantasmak

J.I.: Nik, egia erran, gehiago gozatzen dut plazetako saioetan. Baina aldi berean atxemaiten dut ainitz ikasten dela txapelketa prestatzean, ikustea ere bertsulariak nola diren, nola ihardokitzen duten.
Gainera Txapelketako gaiak prestatzean, ideia ainitz heldu zauzkizu eta frustrazioak sortzen. Maite dut, gero ondotik, plazetara joaitea gai horien proposatzeko.
Gai-egile taldean parte-hartzea abentura bat da : ainitz biltzen gira, orduak pasatzen, guhaur zentsuratzen gira. Beti badugu asmoa saio baten egitea gure fantasma guzien emaiteko.

Elkarrizketa gehiago

Lierni Elortza

Lierni Elortza

"Txapelketan, perfekzio baten bila joanen dira bertsolariak"

Johnny Kurutxet, Martin Goikoetxea, Frantxua Bidaurreta

Johnny Kurutxet, Martin Goikoetxea, Frantxua Bidaurreta

"Euskal kultura hemen bizitzen genuen bezala dugu han proiektatu"

Mixel Etxekopar

Mixel Etxekopar

"Ez naiz kontzienteki sartu artearen mundura"

Elkarrizketa gehiago