Bertsularien Lagunak

Bertsulari eta bertsuzaleen inguruan sortu den lehen elkartea Euskal Herri osoan. 1980tik geroz Iparraldeko bertsugintza begiratzea, sustatzea eta garatzea du helburu, besteak beste erakaskuntza zabalduz eta Xi-La-Ba xapelketa antolatuz.

Ernest Alkhat. 1994 (© EKE)
Ernest Alkhat. 1994 (© EKE)

1980an, Etienne Sallaberry apezak Ernest Alkhat eta Jean Louis Hariñordoki "Laka"ri erran zioten: "Ikusten delarik zer egoeretan dagon hemen bertsularitza beharrezko zindukete gelditzen zaizten bertsulari eta bertsuzaleek elgarretaratzea hortaz mintzatzeko eta elkarte bat xutik emaiteko". Ernest Alkhat, Jean Pierre Mendiburu, Jean Louis "Laka", Txomin Ezponda, Fermin Mihura, Mixel Itzaina, Panpi Etchegoin, Mixel Lecuona eta Emile Larre apezak, Santos Beloki eta Manex Erdozaintzi-Etxart bi apez frantsiskanoak bildu ziren. Hala sortu zen 1980eko abuztuaren 18an, deneri idekia den 1901. urteko legepeko Bertsularien Lagunak elkartea.

Ernest Alkhat lehendakari, Jean Louis "Laka" idazkari , Mixel Lecuona diruzain eta hegoaldeko bertsulariekin harremanen arduradun.  Ernest Alkhat-en ondotik elkartearen lehendakaritza segurtatu dutenak hauek dira: Txomin Ezponda, Fermin Mihura, Aitor Sarasua, Kexux Arzallus, Joana Itzaina, eta gaur Xumai Murua.

Euskal Herriko Bertsozale elkartearekin elkarlanean, Bertsularien Lagunak elkarteak bertsularitzaren transmisioa, sustapena eta ikerkuntza ditu lan ildo nagusiak, Lapurdi, Baxe Nabarre eta Xiberoa lurraldeetan.

Transmisioa: geroz ta bertsu-eskola gehiago

Elkarteak bi helburu nagusi ditu: batetik bertsulariak eta bestetik bertsuzaleak eta bertsu-eragileak (gai-egile, gai-emaile, epaile, antolatzaileak) sortzea. Horren obratzeko erakaskuntza eta inizazioa garatuz joan da, 1998-1999 urteaz geroz  eta bereziki 2010az geroztik, erakasle kopurua emendatu baita, postu erdi batetik denbora osoko 3 erakasle izan arte: 2010ean Odei Barroso, Aimar Karrika, eta 2012an Xan Alkhat. Bertsu-eskoletan erakasteaz gain, Seaskako ikastoletan eta beste hezkuntza arautuko eskoletan bertsularitza transmititzen ari dira.

2011-2012 ikasturtean 12 talde berri sortu dira, hots 23 talde orotara, ikasleen kopurua 60etik 140era pasa zelarik. 2012ko irailean, 27 talde 14 herrietan banatuak ziren, guztira 181 ikaslerekin. 2013-2014 ikasturtean, 29 talde eta 196 ikasle bertsuzale kondatzen dira.

Elkartearen erronka nagusia zaletasun horri aurre egitea da.

Ikus probintziaka bertso-eskolen mapa Bertso-eskola digitala gunean.

Gazte topaketak eta lehiaketak

Maddi Sarasua E.H.ko XXIV. bertso eskolarteko txapeldun - Agurain, 2012-06-16 (EKE - Maite Deliart)
Maddi Sarasua E.H.ko XXIV. bertso eskolarteko txapeldun - Agurain, 2012-06-16 (EKE - Maite Deliart)

Bertsulari gazteen motibazioa eta zaletasuna bultzatzeko, hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtero Bertsularien Lagunak elkarteak: gazte topaketak, Bertsulari Tttiki eguna, gazteen xapelgoa.

Iparraldeko ordezkariek Euskal Herriko eskolarteko txapelketan parte hartzen dute. 2010an 14-18 urte artekoetan Maiana Irigoyen baionesak irabazi zuen, 2011n Maddi Ane Txoperena hendaiarrak Maddi Sarasua itsasuarraren aitzinean, eta 2012an Maddi Sarasua berak. 2013an eskolarteko txapelketa nagusia eraberriturik plazaratua izanen da. 2014an formula berri bat martxan eman du Bertsozale Elkartearekin, lehia apaldu eta bertsu giroa indartzeko asmoarekin.

Bertsu-saioak sustatu

Bertsularien Lagunak elkarteak tokiko elkarteak bertsu-saioen antolatzen sustengatzen ditu, bai eta saioak, sariketak eta xapelketak berak antolatzen ditu gazteak plazan trebatzen hasteko eta bertsuzaleak erakarrarazteko, besteak beste bi ekitaldi nagusien bidez: Hernandorena gazte saria eta XILABA Xiberoa Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari xapelketa.

Urtero antolatzen den Hernandorena Sarian Euskal Herri osoko bertsulari gazteek parte hartzen dute Teodoro Hernandorena (1898-1994) izpiritua jarraikiz. 2011n Maindi Murua azkaindarra izan zen xapeldun.

Bi urtetarik antolatua den XILABA Iparraldeko bertsulari xapelketa 2008an sortua da. Pauso handi bat izan zen Iparraldeko bertsularitzarentzat, lehenago Iparraldeko ordezkariek Nafarroako txapelketan parte hartzen baitzuten. Gogoan dugu oraino 2010ko finala arrakastatsua, Amets Arzallusek bigarren aldiz txapela jantzi zuelarik 2000 bertsuzaleren aurrean, Donibane Lohizuneko Jai-Alaian. 2012ko udazkenean 3. edizioaren finala Baionan iragan da, halaber 2014koa. Beste pauso bat elkarteak lortu duena, Lapurdiko hiriburuan jokatzearena.

Begiratu eta ikertu

Euskal Herriko zazpi probintzietako bertsuzale elkarte bakoitzak bere helburu nagusietan dauka ikerketa saila: lurraldeko materiala batu Xenpelar Dokumentazio Zentrorako, plazaz plazako grabazioak egin (ikusentzunekoak) batez ere bertsoa.eus gunean ikusgai daudenak, ondarea begiratu lekukotasunak eta lotutako dokumentuak bilduz, horiek guziak Xenpelar bertsularitzaren dokumentazio zentroan artxibatzeko helburuarekin.

Eta bihar?

Erakaskuntza mailan geroz ta haur eta gazte gehiago prest agertzen dira bertsu-eskola batean sartzeko. Erakasle kopurua emendatzea eragiten du eta erakaskuntza dispositiboa egokitzea, hots ahal ekonomikoak indartzea.

XILABA bertsulari xapelketaren ondorioz, bertsuzale berriak sortu dira baina entzule potentzial hori bertsu-saioetara erakarri behar da, plazak sustatzearekin batean.

Bertsularitzaren egoera eta osagarria euskararen egoerari lotua dago hurbildik. Gehiengo batek zailtasunak baditu saio bat hastepenetik bururaino kartsuki segitzeko, bertsularitzaren nundik norakoak eta arauak ez baititu ikasiak ez eta ezagutzen.

Anitz eginik baldin bada, oraindik gehiago badago egiteko! Bertsularien, eragileen eta bertsuzaleen gaztetasuna ikusiz, etorkizuna, itxaropen aroa, besoak altxatuta eraikiko da.