Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Amaia Riouspeyrous
Amaia Riouspeyrous

Amaia Riouspeyrous

''Ausartu naiz. Nahi nuen ene amodiotara joan''

  • EKE
  • 2009-09-13
  • Hizkuntza: Euskara

Amaia Riouspeyrous (1984, Anhauze) kantu giroan handitu da. 1993an, Kantu Txapelketan parte hartu zuen, eta gero ibili Euskal Herrian gaindi, kantaldiz kantaldi. 2008an, Baionan lehiaketa bat irabazi ondoan bere lehen diska "Har Ezazu" grabatu du Agorila disketxean.

Amaia Riouspeyrous, 1984ean Donapaleun sortua, Anhauzen bizi da, aita anhauztarra eta ama Ezterenzubikoa dituela. Garaziko ikastolan egona, eta ondotik Baigorriko kolegioan. Orduan sartu zen Mikel Erramouspek eta Joseph Marisek kudeatzen zuten "Iguzki Lore" koralan. Bederatzi urtetan, 1993an, parte hartu zuen Kantu Txapelketan "Okarrina" taldearen sorkuntza batekin, hitzak Daniel Xalbadorrek idatzi zizkiolarik. 2009ko apirilean grabatu du Agorila disketxean "Har Ezazu" bere lehen diska.

Bere kantari ibilbidea aipatzen digu 2009ko uztailean eskaini elkarrizketaren pasarte hauetan.

Kantu giroa Aitatxiren etxean

Haurtzaroan, kantu giroa ezagutu dut, baina ez aitamengandik : Amak biziki maite du kantua baina biziki gaizki kantatzen du. Kantu giroa bai, Ezterenzubiko Aitatxiren etxean ! Aitatxik biziki maite zuen kantatzea eta beti harat abian nintzelarik, denak kantuz ari ginen, bereziki Aitatxi eta ni : lehengo kantu xaharrak, « Mixelenengo zubia » eta holakoak ikasi ditut. Seguraski, Aitatxik daut kantuaren gostua eman, eta badakit kontent ditaikela ikustea egin dutan bidea, edo beti kantuan segitzen dutala.

Lehen taulatzea : 9 urtetan, Kantu Xapelketa

Baditut oroitzapen handiak. Bideoak berriz ikusi ditut. Ikastolarekin kantatu ginuen « Xalbadorren heriotzea » eta justu, gero eni zen. Orduan, taula gainean gelditu nintzen hor, lagunak joan-eta, nik bakarrik kantatzeko. Oroitzen naiz ez nintzela beldur, 9 urte nituela joan naiz taula gainera eta : « bota kantua ! ». Oroitzen naiz ere sariak emaitean ez nintzala batere kexu, lagunekin nintzala kanpoan jostetan, denak ene bila zaudelarik ! Hor nintzen parte hartzeko eta gozatzeko ; zinez oroitzapen goxoak ditut.

Segitu dut Daniel Xalbadorren laguntzarekin. Garai hartan, Xalbador eta Ihidoi eskuin-ezker usu galdeginak ziren. Harreman onak banituen Daniel Xalbadorrekin, beti berarekin eramaiten ninduen, kantatzen nuen bitartean pausatxo bat hartzen zutela. Berari esker, dela herriko bestetan, herriko plazetan, badakit ezagutua izan nintzala : Danielek bultzatu nau eta gero polliki-polliki eskuin-ezker, izan dadin hegoaldean, iparraldean, kantatzen nuen herriko plazetan eta festibaletan.

Kurtsoak Baionako kontserbatorioan

Enetzat inportanta zen kurtso batzuen hartzea, boza menperatzeko eta hatsa nola hartu ikasteko. Joan nintzen Baionako kontserbatorioarat, Beñat Achiaryren kurtsoak segitzera. Euskal kulturari biziki idekia da, baita ere munduko kulturei : inportanta da besteei idekitzea, aitzinatu nahi baduzu. Ainitz ikasi dut berarekin.

"Izar gazte bila" lehiaketa ETBn 16 urtetan

Oroitzen naiz, iparraldera jin ziren iparraldeko kantari batzuen bila. Ondotik Euskal Telebistara joan nintzen. Irringarria zen : kamera gibelean, makillatu behar ginen, ongi beztitu, gauza aski berezia zen, baina esperientzi ona ere. Bi ginen, Donapaleuko Gaelle Larroudet eta ni.

2008ko lehiaketa Agorila disketxeak, Luna Negra kabaretoak eta France-Bleu irratiak antolaturik

Ikasketentzat, kantua utzi nuen, parentesia bat egin nuen. Berriz, 2008an, lehiaketa hori bazen antolaturik. Parte hartu behar nuela, 10 urte hauetan enekin dabilan Philippe Albor gitaristarekin ari ginen : « Zendako ez elkartu beste musikari batzuekin eta beste zerbeit proposatu lehiaketa horrentzat ? ». Beraz, jo aitzina ! Hori egin dugu eta lehen saria eraman. Arizan gira Baionako zezen plazan iazko ekainean, Luna Negra kabaretoan, eta Agorila disketxeak parada eman dauku diska bat grabatzeko.

"Har ezazu" lehen diska

Elkartu gira musikari batzuekin. Ez ginuen baitezpada elgar ezagutzen. Lehiaketa hori eraman, eta orain diska grabatzea, ainitz gauza berri ! Nahi ginuen denbora hartu, elgar ezagutzeko. Urte batez, lan egin dugu. Testoak behar ziren sortu, kantuak hautatu. Nik jadanik autoreak ezagutzen nituen : galdegin nien zerbaiten idaztea, aipatu nahi nuen gai batzuetaz. Senditzen dutana enetako garrantzitsua da. Nahiz eta ez ditudan idatzi (bat baizik), zentzu bat eman behar dut hitz horiei. Lanean arizan naiz Kattalin Indaburu, Itxaro Borda, Niko Etxart, Fred Fort olerkaria, Xan Alkhat eta Aitor Sarasuarekin. Gero musika gehienak taldeko musikarienak dira.

Egia da hemen Euskal Herrian, kantari bat hasten delarik, beti doala tradizional musikara. Nik ere hori egin dut, hasi naiz tradizionaletik. Segur maite nuela tradizionala, edo Benito Lertxundiren kantuak, herrikoiak, Patxi Saizenak. Beti maite ditut baina, egia, gehien entzuten nituen musikak pop, rock musikak zirela : euskal musikak, Hertzainak, Itoiz, Txuma Murugarren. Bistan da ideki naizela ere ingles musiketara : ACDC eta holakoak biziki maite ditut. Ez dakit orai ausartu naizen gehiago, bainan argi da ene gustuak nahi dituztala agertu. Ausartzen naiz. Parada badut hortarako : 6 gira taldean, gauza gehiago egiten ahal da, musikari bakar batekin baino. Nahi nuen ene amodiotara joan.

Esperientzi biziki ona izan da ene lehen diskaren grabaketa hori. Ez da batere gauza bera, errepikak, kantaldiak eta grabaketa. Lan biziki gogorra da, berriz jin behar eta berriz hasi, bukaeran diska entzutean nahi genuen zinez denak kontent izan eta kalitatezko lana egin. Bada bestalde diska azala, argazkiak, hitzak, itzulpenak, hots lan orokor baten eramaitea. Hor zinez, lehen kantutik azkenera, denak biziki kontent gira.