Euskal rocka

Fred Berruet
Fred Berruet
1970. hamarkadan lehen notak entzun zirenetik, urtez urte, euskarazko rockak dozenaka talde eta ehundaka disko eskaini dizkigu.
50 urteko historia laburbiltzeko pretentziorik gabe, hautaketa baten egitea izigarri zaila baita, disko esanguratsu batzuekin osatu kronologia bat proposatzen dizuegu hemen.

Fred Berruet
Musika kronikalaria - Badok.eus

 

Euskal rockaren historia, disko esanguratsu batzuen bidez

Oharra: disko bakoitzari buruzko xehetasunak Badok.eus euskal musikaren atarian aurki daitezke "Irakurri gehiago" esteka klikatuz.

  • 1975

    Errobi

    Errobi

    Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk sortu Errobi taldeak euskarazko rockaren lehen harria ezarri zuen 70. hamarkadan. Elkar disketxearekin atera lehen disko honetan, ohiko euskal melodiei kanpoko doinu berriak txertatu zizkieten, Daniel Landartek Euskal Herriaren egoera kultural, sozial eta politikoari buruz idatzi hitzen laguntzeko.

    Kantu nabarmenak: Aitarik ez dut, Kanpo, Gure Zortea, Nora goaz ?

    Gehiago irakurri
  • 1983

    Tumatxa

    Niko Etxart

    Errobi taldearekin batera, haurtzaroa Parisen iragan ondoan 1974an Euskal Herrira itzultzea deliberatu zuen Niko Etxart xiberotarra lehenetarik bat izan zen rock’n rolla euskaraz jorratzen.  Orduz geroztik disko andana bat atera ditu, izan bakarka edo Minxoriak nahiz Hapa-Hapa taldeekin. 1983an atera Tumatxa bere diskografiako ezinbestekoetan kokatzen da.

    Kantu nabarmenak: Tumatxa, Kattalin, Zkrax ?, Twist titi

    Gehiago irakurri
  • 1984

    Hertzainak

    Hertzainak

    Euskarazko rockak 70. hamarkadan eman lehen urratsen ondotik, 80. hamarkadan "Euskal rock erradikala"-ren belaunaldiko taldeek lekukoa hartu zuten. Gasteizko Hertzainak taldea belaunaldi hartako ikur bat izan zen. Taldearen izen bereko estreineko diskoan, punk eta ska doinuak dira nagusi. Hitzetan aldiz, Euskal Herriaren egoera politikoa eta soziala aipatzen dute.

    Kantu nabarmenak: Eh txo !, Pakean utzi arte, Si vis pacem, parabellum, Ta zer ez da berdin

    Gehiago irakurri
  • 1985

    Espaloian

    Itoiz

    Itoiz taldea 70. hamarkada bukaeran sortu zelarik, folk-rock-progresibo estiloko musika egiten zuen. Denborarekin aldiz, bere estiloa garatzen joan zen eta 1985ean atera Espaloian diskoan pop eta rock doinuak jorratzen dituzte.

    Kantu nabarmenak: Egun motela, Hegal egiten, Berandu da, Espaloian, Clash eta Pistols

    Gehiago irakurri
  • 1987

    Dena ongi dabil

    Zarama

    Zarama 1977. urtean osatu zen Santurtzin (Bizkaia). Hastapenetik, Londresetik ekarritako punk doinu garratzak euskaraz jorratu zituzten eta pixkanaka, beste eragin batzuk bereganatu zituzten. Musika aditu anitzen arabera, 1987an atera Dena ongi dabil, taldearen diskorik borobilena da.

    Kantu nabarmenak : Bihotzak sutan, Euritan desagertu arte, Maiatzaren lehena, Dena ongi dabil

    Gehiago irakurri
  • 1988

    Kolpez Kolpe

    Kortatu

    Kolpez Kolpe Fermin Muguruzak eta bere anaia Iñigok Javier Armendariz-ekin 1983an sortu Kortatu talde mitikoaren azken estudioko lana izan zen. Aitzineko lanak ez bezala eta taldeak euskarari buruz erakutsi engaiamenduaren erakusle, disko hau osoki euskaraz egina izan da.

    Kantu nabarmenak: After Boltxebike, Etxerat, AEK-ko beteranoak, Oker Nago, Kolpez Kolpe

    Gehiago irakurri
  • 1989

    Barkatu ama

    M-ak

    "Euskal Rock Erradikala"-ren garaian, M-ak-en eskaintza ausarta eta berritzailea izan zen. Hastapenean taldearen proposamena gaizki ulertua izan bazen ere, ezinbesteko erreferentzia bilakatu da ondoko belaunaldientzat. Barkatu Ama musikazale guziek beren diskotekan edukitzeko harribitxia da.

    Kantu nabarmenak: Txo ixildu !, Deabrua Teilatuetan, Euskalduntze metodo arina, Barkatu ama, Pistolaren mintzoa

    Gehiago irakurri
  • 1991

    Jaiotze basatia

    Sutagar

    80. hamarkadan sortu Sutagar taldea euskarazko heavy metalaren aitzindaria izan da. IZ disketxearekin atera lehen diskoak egiazko bonba baten eragina ukan zuen. Geroztik Eibartarrak euskal metal talde parrasta batentzat erreferentzia nagusia izan dira.

    Kantu nabarmenak: Begira, Mari, Zure atzetik, Jotake

    Gehiago irakurri
  • 1993

    Borreroak baditu milaka aurpegi

    Negu Gorriak

    Hain segur Negu Gorriak 90. hamarkadako euskal talde garrantzitsuena izan da. Aitzineko hamarkadan nagusi ziren punk doinuak beste erritmo batzuekin nahasten jakin zuten, hala nola reggae-a ala raparekin, izigarriko arrakasta lortuz, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo ere. Borreroak baditu milaka aurpegi disko bikoitzak aniztasun horren froga ezinhobea da.

    Kantu nabarmenak: Bi doberman beltz, Itxoiten, Kolore bizia, Pistolaren mintzoa, Kaixo

    Gehiago irakurri
  • 1996

    at

    Dut

    Hondarribiko Dut taldea 90. hamarkadako euskal talde esanguratsuenetarik bat izan da. Bere ibilbidean zehar, hardcoretik edo noisetik edaten zuten doinu ilunak jorratu ditu, lehenik boskote bezala eta 1996an atera at disko honetatik aitzina, hirukote moduan. 

    Kantu nabarmenak: Sokaren itzala, Haize eza, Sortu eta haztea, Korrontean

    Gehiago irakurri
  • 2000

    Habiak

    Anari

    1997an bere lehen diskoa atera zuenetik, Anari Alberdi kantariak indar emozional handiko kantuak sortu ditu beti. Mende honen hastapenean atera Habiak izeneko bigarren diskoak artista azkoitiarra behin betiko euskal musikari garrantzitsuenen artean kokatu zuen.

    Kantu nabarmenak: Habiak, Bihotza galdu dut, Zubiak, Zuganako bideak

    Gehiago irakurri
  • 2003

    Libre©

    Berri Txarrak

    20 urte baino gehiagoko ibilbidearekin, Lekunberriko (Nafarroa) Berri Txarrak taldea euskal rockaren erreferentzia nagusienetarik bat da, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo ere. Denetan 10 bat disko atera ditu, horien artean Libre© izeneko hau, taldearen hainbat kantu klasiko biltzen dituena.

    Kantu nabarmenak: Izena, izana, ezina, Kanta goibelak, Denak ez du balio

    Gehiago irakurri
  • 2005

    Gelditu denbora

    Ken Zazpi

    Pop musikaren melodia eta rockaren indarra uztartzen dituen Ken Zazpi talde bizkaitarra 2000. urteetako euskal talde arrakastatsuenetan da. Gelditu denbora diskoak taldeak Andoaingo Garate estudioetan 2005ean grabatu kontzertu akustikoa biltzen du.

    Kantu nabarmenak: Zenbat min, Zapalduen olerkia, Ilargia, Gutuna

    Gehiago irakurri
  • 2012

    A ala B

    Willis Drummond

    Willis Drummond taldearen musika aldatzen joan da 2007an Anthology izeneko lehen diskoa atera zuenetik. Hastapenean bere eragin nagusia AC/DC baldin bazen ere, A ala B izeneko 4. diskoan Fugazi bezalako taldeen influentzia nabari da.

    Kantu nabarmenak: Ilegala, Menperatzen dut, A ala B, Anai, Berantegi

    Gehiago irakurri
  • 2018

    Azken indioak

    Gatibu

    2002an bere lehen diskoa atera zuenetik, Gatibu taldeak arrakasta handia bildu du, bereziki gazteen aldetik. Beren kantu fresko eta zuzenak, gau giroaz edo berdin maitasunaz ari dira. Taldearen berezitasuna da hitzak bizkaieraz kantatzen dituela. Azken indioak taldearen 8. diskoa da.

    Kantu nabarmenak: Gelditu zaitez, Uhinak, Salto, Oh, nire maitie

    Gehiago irakurri