Euskarazko jardueren katalogoa eskuragarri
Euskararen Erakunde Publikoak, Euskal Kultur Erakundeak, Seaskak eta Biarritzeko Herriko Etxeko Euskara Bulegoak, Euskarazko jarduera pedagogikoen katalogoa argitaratu dute ikasturte hasiera huntan. Hastapenean bertsio numerikoa eskuragarri baldin bazen, orain 24 orrialdeko dokumentua paperean ere jaso daiteke urririk.

Euskal Herriko hezitzaile komunitateari zuzendutako tresna horrek euskarazko jarduera pedagogikoen eskaintza ezagutaraztea du xede. Sailka eta eremuka antolatua, euskarri argi eta erabilgarria izan nahi du euskaraz jostatu eta irakatsi nahi duen irakasle/animatzailearentzat. Bertan atzemanen ditu eragile desberdinen eskaintzak, hiriaren proposamenak, euskaraz bisita daitezkeen museoak baita ikasmateriala zerrenda.
2012 urtean aisialdiak euskalduntzeko urtea izan zen Biarritzen. Karia hortara, 30 eragilek Mintzalasai ekimena antolatu zuten eta katalogo hortaz gain, gurasoei zuzendutako Aisialdi Gida ere argitaratua izan zen. Euskaraz bizitzeko gogoa piztea eta euskarazko eskaintza hobetzeko baliabideak dira ere. Argitalpen hauek 2013an eguneratuak izanen diren neurrian, hobetzeko aukerak zabalik dira. Bertan agertu nahi duten eragileek edo oharrak helarazi nahi duten irakasleek, euskara bulegoarekin harremanetan sartu behar dute.
Xehetasunak :
- Biarritzeko Euskararen Bulegoa : 05.59.41.59.97.
- Bertsio numerikoa deskargatzeko : www.euskara-biarritz.eu/baliabideak
- Paper formatuan errezibitzeko: euskara@biarritz.fr
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)