"Artxiboa eta Sorkuntza" kolokioa Baionan iraganen da ekainean

2021/05/03

Euskal Etnopoloak "Artxiboa eta Sorkuntza" lemapean antolatuko duen kolokioak artxiboa galdezkatuko du, memoria amankomun baten sortzeko ekintza gisa, baita sorkuntza artistikoaren eragile gisa ere. Baionako Euskal Museoan iraganen da datorren ekainaren 17an eta 18an.

"Artxiboa eta Sorkuntza" kolokioa Baionan iraganen da ekainean
2019ko kolokioa Baionako Euskal Museoan © Jakes Larre (EKE)

"Euskal Etnopoloa" labelaren baitan, Euskal kultur erakundeak, ARI-CNRS erakundearekin elkarlanean, bere urteko kolokioa antolatuko du 2021eko ekainaren 17an eta 18an, Baionako Euskal Museoan. Honen gaia "Artxiboa eta Sorkuntza" izanez, kolokioa bi ardatz nagusiren inguruan egituratuko da: alde batetik artxiboaren sortzea, eta bestalde, artxibotik sortzea.

Bi egun horietan, ikertzaileek eta artistek haien gogoetak eta esperientziak partekatuko dituzte, eta kolokio honen bi galdera nagusiei erantzuten saiatuko dira: nola artxiboa eta bereziki "artxibo bilakatzeko prozesua" berez sorkuntza ekintza bat da? Nola artistek bereganatzen dute artxiboa beren sorkuntzaren hazkurri izan dadin?

Azkenik, kolokioa artxibo zaindari, ikerlari, artista eta jendartearen artean sortzen den elkarrizketa nabarmentzeko parada izanen da.

Jardunaldiak presentzialean iraganen dira osasun neurriak errespetatuz. Telematikoan ere segitzen ahalko dira mintzaldiak eta mahain-inguruak, Zoom aplikazioaren bidez. Izena emateko xehetasunak eta egitaraua beranduago argitaratuko dira.

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)