Gure ahozko memorian barna murgildu Mintzoak.eus atari berrituari esker
Duela 10 urte sortu genuen Mintzoak.eus Iparraldeko ahozko memorioari buruzko ataria arraberritu dugu duela gutti. Webgunean kontsultagarri diren soinu eta bideo artxiboez gozatzeko bide osagarriak eskaintzen ditu orain. Interfaze grafikoak eta bildumen arakatzeko moldeak eman dira xede horren zerbitzuko.
Mintzoak.eus ataria 2016ko abenduan sortu zuen Euskal kultur erakundeak Eleketa programa izenarekin ezagunagoa dena Iparraldeko ahozko memoriaren ikus-entzunezko bilketaren berri emateko (2009az geroztik Pirinio Atlantikoetako Departamenduarekin partaidetzan eramana den ekimena). Halere, hastapenetik, tresna hau beste artxibo-funts batzuen zerrendatzeko eta ezagutarazteko erabilia izan da.
Gaur egun, Mintzoak.eus atarian 6000tik gora ikus-entzunezko eta soinu lagin daude.
Atariaren arraberritzeko tenorean webgunean berean kontsultagarri diren bideoak eta soinuak nahi izan ditugu gehiago agerian eman (6.000 baino gehiago dira gaur egun).
Horretarako edukiak hautatzeko eta sailkatzeko lan bat eramana izan da.
Atari berriaren menu nagusian, "Bildumak ezagutu" atala hautaketa lan eta dibulgazio xede horren lekuko dugu. Entzungai diren lekukotasun zatien hautatzeko hainbat nabigazio-modu eskaintzen ditu:
- Azken berriak
Albiste hari batek agerian uzten ditu azkenaldian funtsen ezagutarazteko eraman ditugun azken ekimenak baita ere sarean ezarri ditugun azken elkarrizketak. - Lekukotasun-bildumak
Lekukotasun-bilduma batek gai bati buruzko lekukotasun zati hautatuak biltzen ditu. Orain bilduma horiek azpisailatan antolatzen ahal dira. - Erreportaje tematikoak
Webgunearen atal batek sortu ditugun bideo-erreportajeak - erran nahi baita gai zehatz batzuei buruzko lekukotasun zati desberdinekin muntatu bideoak - zerrendatzen ditu, kategoriatan sailkaturik. - Ikasgelan lantzekoak
Atal honek ikasgela batean erabiltzeko interesgarriak izan daitezkeen lekukotasun zatiak edo erreportaje tematikoak zerrendatzen ditu, horretarako moldatuak izan baitira (programen erreferentziak, iraupena, azpitituluak) edo irakasleek ikasleekin jadanik erabili baitituzte. - Lekukotasun geolokalizatuak
Leku/herri zehatz batekin zerikusia duten pasarte batzuk kokatu ditugu karta batean. Zoom komandak erabil daitezke herri baten mailara hurbiltzeko edo mundu mailara heltzeko (euskal diasporari edota herrialde desberdinekin zerikusia duten pasarteak).
Ildo beretik, webgunean kontsultagarri diren lekukotasun zatiak eskuragarriagok izateko gisan, lekukoen, herriko eta artxibo-funtsen fitxak hobetuak izan dira eta bideo/soinu nabarmenduak proposatzen dituzte orain.
Aldi berean, urrunago joateko, "Lekukotasunak bilatu" atal nagusitik abiatuz, orain arte bezala bilaketa sakonago eta zehatzago bat egin daiteke atarian zerrendatuak diren artxibo-bilduma guzietan, funtsen jabeen, lekukoaren izenaren, afiliazio herriaren eta jorratutako gaien arabera.
Anitzetan, oraindik sarean kontsultagarri ez diren bideo edo soinu zatien erreferentziak baizik ez dira agertuko eskaeren emaitzetan (gehienetan lege trabengatik).
Eskuragarritasun arazo horri aterabide baten atzemateko, jakin behar da Euskal kultur erakundeak hitzarmenak egin dituela jabe batzuekin, funtsak EKEren egoitzan, Uztaritzen, kontsultagarri izan daitezen.
Gauzak horrela, 2018an Lota Jauregian estreinatu genuen ahozko ondarearen kontsultagunea Mintzoak.eus atariaren ordain fisikoa dugu. Publikoari irekia da (ikerlari, ikasle, artista, kultur eragile, kultur zale, eta abar) hitzordua hartuz. Kontsulta bakoitzean, EKEko langile batek, bere ardurapean, lagunduko du erabiltzailea nahi duen bilaketa egiten.
Zerbitzua urririk da eta Mintzoak.eus webguneko menu nagusian, "Etorri gure egoitzara" atalean, atzematen ahal da gai honi buruzko informazio gehiago.
Gehiago jakin
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)