Frank Suarez
2023/02/06
Daniel Landart antzerki idazleak Lapurdiko eta Baxenabarreko antzokietan garatu den euskarazko teatroaren gaur arteko historia aberatsaren bilduma egin digu. EATB federazioaren artxiboekin ilustraturik, gure webgunean kontsulta daiteke.
Baserrietako sabai batzuetan, eskola giristinoetako aterpeetan edo parrokietako zinema aretoetan antzeztu euskal teatroa 1922an abiatu zen Senperen eta Hazparnen. Derragun beraz Lapurdin eta Baxenabarren egin komediek ehungarren urteburua ospatzen dutela.
Daniel Landart antzerki idazleak eta Antzerkilarien Biltzarreko lehendakari-sortzaileak Ipar Euskal Herriko euskarazko teatroaren gaur arteko historia aberats horren bilduma bat egin digu,"Komediaz komedia Lapurdin eta Baxenabarren, 1945-1970" (Elkar, Baiona, 2019) liburuan oinarrituz, besteak beste.
Sei kapitulu nagusik osatzen dute ekarpen hau, Euskal kultur erakundean kontsultagarri den EATB Iparraldeko adarraren artxiboekin ilustraturik:
XIX. mendearen bukaeran zenbait obratxo plazaratuak zituzten, hala nola Luhuson, Ziburun, Saran...
Lehen Mundu Gerlaren ondotik, bizimolde berriei jarraikitzeko zinema aretoak eraiki zituzten.
Orduan hasi ziren euskarazko komediak jarraituki taularatzen...
1945ean hasirik eta 1970a arte, komediez sekulako xehetasunak ematen dizkigu Herria kazetak, bereziki Lapurdin eta Baxenabarren egiten zirenei buruz...
Kasik berrogeita hamar urtez (1922-1970) ekintza katoliko gisa apezen esku egonik, laikoek beregain hartu zituzten antzerki taldeak, abertzale batzuek berehala konprenituko zutela euskal alor horren garrantzia...
XXI. mendea etortzearekin batera euskarazko antzerkia eskaintzen hasi ziren konpainia profesionalak. Amateur mailan antzerkiak muntatzen segitzen duten herritar taldeen osagarri...
EATB, Euskal Antzerki Taldeen Biltzarrearen xedeetariko bat zen artxiboak biltzea. EKE-ren egoitzan, Uztaritzen, dago gaur egun kontsultagarri funts hori...