LABO XL: Donostiako espazio eta hizkuntza eszenikoen berrikuntzak

2025/10/06

Aurten ere, Euskal kultur erakundea Donostiako LABO XL festibalaren 7. edizioaren partaide da. Lankidetza horren baitan, Berritza dantza taldearen eta Ibawa kolektiboaren sorkuntzen aurkezpenak laguntzen ditu. LABO XL ekitaldia, dantza, antzerki eta zirko garaikide hitzordua bilakatu da azken urteotan. 2025eko azaroaren 13tik 16ra iraganen da Gipuzkoako hiriburuko Kultura Garaikidearen Nazioarteko Tabakalera Zentroko hainbat lekutan.

LABO XL: Donostiako espazio eta hizkuntza eszenikoen berrikuntzak
© Ibawa

Euskal Herritik eta hainbat herrietatik dramaturgia berrietara bideratuak diren hogeita hamar bat konpainia programatuak dira festibalaren egitarauan.

Horien artean:

  • Xiberuko Berritza elkarteak Dantza obra aurkeztuko du Tabakalerako patioan azaroaren 15ean, larunbatez, 13:30tan.
    Dantza Xiberoko dantzaren hobekuntzarako modulu bat da, Berritza elkarteak gidaturik, 15 eta 18 urte artean dituzten lurraldeko gazteei proposatua. Astero, dantzariek Xiberoko dantzaren teknika lantzen dute eta praktika artistiko berrietara zabaltzen dira. Aurten, dantza tradizionala eta garaikidea uztartzen dituen ikuskizuna sortu du taldeak. Lehen emanaldia 2025eko martxoan izan da eta jadanik ikusgarri hau hainbat aldiz emana izanen da azaro arte LABO XL festibalaren kari.
  • Eta azaroaren 16an, Ibawa kolektiboak Gaua pieza eskainiko du Tabakalerako patioan ere, arratsaldeko 17:00etan. 
    Gaua, itzal, xuxurla eta gatazka gordeen eremua da. Ikuskizun honen bidez, lau dantzariek mendeetan zehar borrokatu diren emazteak gorpuzten dituzte. Egun direnetik abiatuz, isilaraziak, zapalduak eta zigortuak izan ziren emazte euskaldunen aztarnean oinarritzen dira. Gaua, erresistentzia, elkartasuna eta aske mugitzearen aldarria da.

Bi obra horiek Hegoaldean lehen aldikotz aurkeztuak izanen dira.

Ikusgarrien programazioaz gain, berriro ere, LABO XL festibala, artistak, kultur eragileak, erakundeak eta publikoa elkartzen dituen topagunea izanen da.

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)