EKE-Elkar literatura beka 2025: Eneko Bidegain hautatua izan da

2025/07/18

Euskal kultur erakundeak eta Elkar fundazioak 2021ean sortu zuten "EKE-Elkar literatura beka"-ren aurtengo irabazlea hautatua izan da. Alabaina, literatura sorkuntza lagundu nahi duen beka horren irabazle berria Eneko Bidegain Aire da. 1975ean Baionan sortua, euskal ikasketetan doktorea da, euskaltzain urgazlea eta hainbat hedabidetan aritutako kazetari ohia. Gaur egun, irakaslea da Mondragon Unibertsitatean. Literatura ibilbidea zenbait eleberri idatziz hasi zuen: Anbroxio (2002), Mahatsaren begia (2005), Bichta Éder (2023). Tartean saiakera franko sortu ditu ere.

EKE-Elkar literatura beka 2025: Eneko Bidegain hautatua izan da
© Lorentxa Saragueta

Euskal kultur erakundeak eta Elkar Fundazioak sortu "EKE-Elkar literatura" izeneko beka bi urtetarik behin iragaiten da ipar Euskal Herriko literatura sorkuntza sustatzeko asmoarekin. 2021ean Adur Larreak irabazi zuen lehena eta 2023an Idoia Rodriguezek bigarrena.

6000 euroko dirulaguntza hori euskaraz idazten duten Ipar Euskal Herriko autoreei zuzendua da. Zama horren bidez, egileei beren sorkuntza prozesua baldintza onetan eramateko aukera eskaini nahi zaie, ondotik argitaratua izanen den lan baten sortzeko gisan.

2025eko deialdi honentzat, hautatu literatura generoa helduendako narrazioa izan da.

Hirugarren edizio honen karietara, epaimahaiak azpimarratu du kalitatezko proposamen anitz eskuratu dituela.

Aurten Elise Dilet-ek, Maddi Ane Txoperena-k eta Castillo Suarez Garcia-k osatu dute epaimahaia. Hautaketa egiteko, irizpide zehatz hauetan oinarritu dira:

  • Narrazioaren kalitatea
  • Euskara maila
  • Gaiaren erakargarritasuna
  • Aurkezpen orokorra

Eneko Bidegain Aire-ren proposamenak Hegal egiten eleberria du izenburu eta egiazki gertatu den istorio batean oinarritzen da: 1986ko abenduaren 13an, Iparretarrak (IK) erakundeko bi kidek ihes egin zuten Paueko presondegitik, dozena bat laguneko komando baten laguntzarekin. Eleberriko protagonista nagusia ihes egin zuen Maddi Hegi izanen da, zeina sei hilabete geroago hil baitzen, polizia hura atxilotzen saiatu zenean. Militante baten ibilbidea eta ihesaldi berezia kontatuz, Iparretarraken ikuspegitik irudikatutako "euskal gatazkaren" kontakizun bat da ere, borroka armatuan emazteek ukan duten lekua argitan emanez. Dokumentazio lan handi bati esker fikzioa eta errealitatea nahasiko dira.

Eleberriaren argitalpena 2026ko udazkeneko aurreikusia da.

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)