Booktrailer: ikasleek liburuak pantailara eramaten dituzte
Aurten, ipar Euskal Herriko 4 ikastetxetako 5. mailako ikasleek (Xalbador Kanbon, San-Bixente Hendaian, Maurice Ravel Donibane Lohizunen eta Piarres Larzabal Ziburun) parte hartu dute Euskal kultur erakundeak IKAS euskal pedagogia zerbitzuaren partaidetzarekin antolatu dituen bi booktrailer lehiaketetan. Helburua ikasleei euskaraz irakurtzeko gogoa piztea zen, euskarazko adierazpen eta hausnarketa gune bat eskainiz.

Hiruzpalauko taldetan bilduak, ikasleek beren hautuzko liburu bat irakurri dute euskaraz (eleberria, komikia, manga...). Ikus-entzunezko sorkuntzaren helburuarekin, irakurketak aktiboa eta arretatsua izan behar zuen. Irakasleak booktrailerren sortzeko beharrezkoak diren tresna numerikoak erabiltzen trebatu dira, formakuntza ttipi baten bidez. Ondotik, ikasleekin autonomian lan egin dute: argazkiak atera edota bideoak grabatu, soinua hartu, testuak idatzi... booktrailer (bideo labur bat liburua aurkezteko) ederra sortu arte.
Ekainaren 13an (Hendaian) eta 24an (Kanbon) iragan dira bi lehiaketak. Ikasleek zineman zuten hitzordua, booktrailerren proiekziorako. Bi irizpideren arabera ebaluatu dituzte: ulermena "Ongi ulertu dut booktrailerra?", eta erakargarritasuna, "Liburua irakurtzeko gogoa eman dit?".
Proiekzioaren ondotik, ikasleek elkarrekin bazkaldu dute, sarien banaketa aitzin. Irabazleek agiri bat eskuratu dute, eta bakoitzari 15 euroko opari-txartela emana izan zaio, euskarazko liburu baten erosteko.
Arratsaldean, ikasleek gazte literaturari buruzko jokoak egin dituzte eta liburudendara joan dira, beren bonoa baliatuz euskarazko liburu baten erosteko.
Milesker: Cinévasion, L'Aiglon eta Les Variétés zinegelak, Hendaiako Herriko Etxea, Kanboko mediateka, La Grande Illusion eta Chez Margot liburudendak.
Gehiago jakin
- Kontaktua: lucie.lohier@eke.eus/05 59 93 38 72
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)