EKE-k eta Elkar Fundazioak literatura sorkuntza laguntzeko beka berri bat abiarazi dute

2021/01/14

Ipar Euskal Herriko euskarazko literatura sorkuntza sostengatzeko asmoz, Euskal kultur erakundeak eta Elkar Fundazioak 6 000 euroko "EKE-Elkar literatura beka" izeneko beka berria abiarazi dute. 2000. urtean sortu Gazteluma saria ordezkatuko du eta euskaraz idazten duten ipar Euskal Herriko idazle guziei zuzendua izanen da, adin mugarik gabe. Lehen edizioarentzat hautatu literatura generoak komikia eta eleberri grafikoa dira. Hautagaitzak aurkezteko epea: 2021eko maiatzaren 31a.

EKE-k eta Elkar Fundazioak literatura sorkuntza laguntzeko beka berri bat abiarazi dute

2000. urtean, Euskal kultur erakundeak eta Elkar Fundazioak Gazteluma literatura saria sortu zuten ipar Euskal Herriko idazle gazteak euskaraz idaztera sustatzeko eta beren obren argitaratu ahal izateko. Orduz geroztik, 9 idazle sariztatuak izan badira ere (ikus. Hamargarren Gazteluma saria Maddi Ane Txoperenak irabazi du), Gazteluma sariaren garaia amaitu da.

Bi antolatzaileek erabaki dute literatura sorkuntza laguntzeko beka horrek aldaketa bat behar zuela. Gazteluma bezala, hau ere bi urtetarik behin iraganen da eta beti euskaraz idazten duten ipar Euskal Herriko idazleei zuzendua izanen da. Aldiz, adinaren irizpidea desagertu da. "EKE-Elkar literatura beka"-ren beste berritasun nagusia literatura generoaren hautaketan datza. Eleberriari edo ipuin bildumari mugatzeko partez, Euskal kultur erakundeak eta Elkar Fundazioak nahiago ukan dute genero ezberdin bat proposatu edizio berri bakoitzarentzat. Aurtengo, komikia eta eleberri grafikoa hautatu dute.  

Joxemari Sors (Elkar Fundazioa) eta Pantxoa Etchegoin (Euskal kultur erakundea), "EKE-Elkar literatura beka" azaltzen

Idazle bati bere idazketa eta argitaratze proiektua gauzatzeko parada eskaintzen dioen ekimen honen bidez (Elkar argitaletxeak bere liburua argitaratzeaz gain, epaimahiak hautatu idazleak 6000 euroko beka bat eskuratuko du), Euskal kultur erakundeak eta Elkar Fundazioak euskarazko literatura sorkuntza bultzatu nahi dute eta gaur egungo idazleak sustatu. Hautagaiek 2021eko maiatzaren 31a arte dute beren proposamenen helarazteko.

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)