Zazpigarren urtez segidan, Ibilki programari esker, Euskal kultur erakundeak euskarazko antzerkiaren hedapena sustatzen segitzen du Ipar Euskal Herrian. 2020ko urtarrila eta agorrila artean gure lurraldeko ikusleek euskal antzerkiaren kalitatea eta aniztasuna deskubritzeko beste parada badute Baionan, Bidarten, Donibane Garazin, Donibane Lohizunen, Hendaian, Hiriburun edo Miarritzen zortzi antzezlan eta hamabost bat emanaldiren bidez.
Arte eszenikoen hedapena hobeki laguntzeko eta Ipar Euskal Herri mailako hedapen ibilbide bat osatzeko asmoz euskarazko antzerkiarentzat, EKE-k Ibilki programa bultzatzen segitzen du Baiona, Bidarte, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Hendaia, Hiriburu eta Miarritze bezalako herriak elkartuz aurtengo ediziorako.
EKE-k euskarazko antzerkiaren hedapenean inplikatuak diren eragile horiek bildu ditu berriro ere antzerki sorkuntzetaz iritziak trukatzeko, beren ahalak eta gaitasunak batzeko, komunikazio plan amankomun bat lantzeko eta sartze prezio berdintsuak ikusleei proposatzeko.
Denboraldi berri honen martxan emateko, sare horretako kideek egin proposamenak aztertu eta, aurtengo programa osatu egin da lurraldeko toki ezberdinetan hainbat ikusgarri hedatuak izateko.
Egitaraua
2020ko urtarrilaren 14a, 20:15, La Luna Negra kabaretea (Baiona): Muxua, Tanttaka Teatroa
2020ko otsailaren 11a, 20:15, La Luna Negra kabaretea (Baiona): Anton Abbadia, Loraldia kultur elkartea
2020ko otsailaren 16a, 17:00, Harriet Baita karpa (Donibane Lohizune): Anton Abbadia, Loraldia kultur elkartea
2020ko martxoaren 18a, 18:00, Colisée gela (Miarritze): Kaskarot, Atx Teatroa