Hiru ardatz nagusiren inguruan oinarritua den bide-orria landu du Euskal kultur erakundeko lantaldeak 2023-2026 epealdirako. Ipar Euskal Herrian euskal kulturak ezagutzen dituen erronka nagusiei erantzun hastapen bat emateko asmoa dauka. Metodologiari dagokionez ondoko lau urteetako egitasmo hori eskubide kulturalen dinamikan oinarritzen da.
2023-2026 lau urteko bide-orriaren helburua nagusia euskal kulturaren sustatzea da, bereziki amatur elkarteek biziarazten dutelarik, kontutan hartuz Euskal kultur erakundearen giza eta diru ahalmenak, eta muga teknikoak.
Bere xedea honako kultura garatzea da:
kultura anizkoitza, eskubide kulturalen errespetuan oinarritua;
kultura erreflexiboa, nahasten dituena ondarea eta berritzea, ikerketa eta sorkuntza;
zentzua dakarren kultura, galdeak eta eztabaidak bultzatzen dituena;
bai herrikoia, bai kultua den kultura, parte hartzailea, belaunaldien artekoa;
kultura inklusiboa, euskaraz hitz egin nahi duten euskaldunei zuzendua, baina erdaldunei ere irekia;
kalitate eskakizun handiko kultura, amatur eta profesionalen bidegurutze;
Hegoaldera begiratzen duen kultura, baina urrunago ere bai, ezberdintasunez aberasten dena;
kultura zoinetan norbanakoa kolektiboaren zerbitzari den.
Bide-orria hiru ardatzek osatzen dute.
Lehen ardatzak – Bildu eta ikertu – euskal Etnopoloaren proiektu zientifiko eta kulturalari dei egiten dio. Bere helburua izanen da euskal gizarte garaikidearen bilakaerak aztertzea.
Bigarren ardatzak – Transmititu eta komunikatu – euskal kulturaren transmisiorako estrategia baten obratze kolektiboa garatzen du.
Hirugarren ardatzak – Egituratu eta lagundu – laguntza proposatzen die eragileei, elkarte ekosistemaren egituratzeko, eraginkortasun eta koordinatze gehiago izan dadin ekintzetan, euskal kulturaren alde.
Norabide horiek lantalde profesionalak urte guziz osatzen duen kultura egitasmoa egituratuko dute.