HEZHI egitasmoko gazteak Atabalen elkartu dira

2026/06/02

Maiatzaren 26an, HEZHI egitasmoan parte hartzen duten Plentziako Uribe-Kosta institutoko eta Sohütako lizeoko ikasleak Biarritzeko Atabal aretoan elkartu ziren sorkuntza eta topaketa egun berezi batean. Ikasturte osoan zehar garatutako ibilbide artistikoaren baitan, gazteek hainbat diziplina artistiko ezagutzeko eta praktikatzeko aukera izan zuten.

HEZHI proiektua (EFA 158-04) Europar Batasunak batera finantzatu du –% 65– AFOMEF POCTEFA deialdiaren Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren (POCTEFA 2021-2027) bidez. POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorrako mugaz gaindiko eremuan integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea.

HEZHI egitasmoko gazteak Atabalen elkartu dira
CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

Euskal kultur erakundeak “HEZHI: Mugazgaindiko hezkuntza proiektu eleaniztuna” egitasmoan parte hartzen du Dijitalidadea agentziarekin partaidetzan. Mugazgaindiko proiektu honek ikerketa akademikoak, formakuntza, mugikortasunak eta baliabide pedagogikoen sorkuntza bultzatzen ditu hezkuntza eleaniztunarentzat. EKEk helburu nagusitzat du musikari euskaldunak ezagutaraztea, mugazgaindiko harremanak garatzea eta sorkuntzan aritzeko gogoa transmititzea hego eta ipar Euskal Herriko ikasleei.

CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta
CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

Ikasturte osoan zehar garatutako ibilbide artistikoaren baitan, gazteek hainbat diziplina artistiko ezagutzeko eta praktikatzeko aukera izan zuten. Goizean, Odei Barroso rap kantariarekin rap tailer batean aritu ziren, hitzen indarra, erritmoa eta ahozko adierazpena landuz. Ondoren, Ortzi Hegoas Maroteaux musikariaren gidaritzapean txalapartaren unibertsoan murgildu ziren. Azkenik, Maialen Alfaro artistak proposatutako sofrologia saio batean parte hartu zuten, gorputza, arnasketa eta sormena uztartuz.

Topaketa hau ikasturtean zehar Pantxix Bidartekin egindako lanaren emaitza partekatzeko parada ere izan zen. Izan ere, ikasleek hamabi saiotan landutako kantuaren grabaketa egin zuten Atabaleko oholtza gainean berean. Sorkuntza kolektiboaren bidez sortutako piezak gazteen gogoetak, emozioak eta bizipenak bildu ditu.

Ortzi Hegoas Maroteaux - CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta
Ortzi Hegoas Maroteaux - CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

Egunak aukera eman zien, halaber, bi lizeoetako ikasleei elkar ezagutzeko, esperientziak trukatzeko eta euskararen bidezko sorkuntza kolektibo bat bizitzeko. Musikaren, hitzaren eta gorputzaren bidez, gazteek adierazpen artistikorako bide berriak esploratu zituzten, ikasturtean zehar egindako lanari amaiera emanez.

Maialen Alfaro - CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta
Maialen Alfaro - CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

HEZHI egitasmoaren xedeetako bat gazte eleaniztunen artean euskararen erabilerari zentzua ematea da, artearen eta sorkuntzaren bidez. Atabalen ospatutako egun honek helburu hori bete-betean islatu zuen. 

Entzun dezagun Esküz esku kantua, Plentziako eta Sohütako ikasleek Pantxix Bidarten laguntzarekin sortua. Euskararen Mapa gaia abiapuntu hartuta, ikasleek elkarrekin sortu, idatzi eta interpretatu dute kantu hau. Grabazioa Atabaleko soinu teknikariak egin du.

Otoi onartu estatistika eta marketin-cookieak soinu horren entzuteko.


Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)