Ipar Euskal Herriko kultura ohituren aldaketen panorama bat

2026/03/02

Kulturaren Euskal Behatokiak Ipar Euskal Herriko biztanleen kultur parte-hartzeari buruzko azken inkestaren emaitzak argitaratu ditu. 2023-2024an burutu zen ikerketa Euskal kultur erakundearen laguntzarekin. Azterlanak 15 urtetik goitiko 1.150 pertsonen erantzunak bildu ditu. Azken bost urteetan (2018-2023) kultura ohiturek izan duten bilakaeraren ulertzeko zonbait gako ematen ditu.

Ipar Euskal Herriko kultura ohituren aldaketen panorama bat
© Guillaume Fauveau

Euskal Herri osoan (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria barne) eraman den inkesta mota honen hirugarren edizioa da. Kulturaren Euskal Behatokiak (Eusko Jaurlaritza) antolatu ditu guztiak. 2008an antolatu zuen lehena eta 2018an bigarrena. 

Iparraldeari dagokionez ikerketan sakondu zonbait joera nagusi aipa daitezke:

Iraultza numerikoaren nagusitasuna ageri da
Pantailen bidezko kultur kontsumoa egonkortu da erabat.
Kultura-edukiak eskuratzeko plataforma numerikoetan hirukoiztu dira harpidetzak bost urtez. 2018an herritarren % 25,2k bazuen kontu bat plataforma horietan; 2023an, aldiz, %71,2k.
Bestalde Internet bidez musika entzutea eta ikus-entzunezkoak kontsumitzea ohikoa bilakatu da, bereziki gazteen artean (%97 baino gehiago 45 urtetik beherakoetan).

Praktika klasikoen gainbehera eta eraldaketa berretsiak dira
Kultur kontsumo tradizional batzuek behera egin dute, beste batzuk mantentzen direnean.
Egunkariak eta aldizkariak irakurtzeko ohiturak beheranzko joera nabarmena du, baita musika grabatua egunero entzuteko ohiturak ere (zortzi puntu apaldu da 2018tik).
Zinema geletara joateko ohitura mantentzen da (%67,7 joan da azken urtean), baina maiztasuna ttipitu da.
Liburutegietara joateko usaia egonkortu da, biztanleen (%38,5 liburutegi/mediateka batean izan da azken urtean).

Kultura-praktika desberdinak egiteko maiztasuna (2018-2023) (%)
Kultura-praktika desberdinak egiteko maiztasuna (2018-2023) (%)

Praktika artistikoetan gorakada ikus daiteke
Ia biztanleen erdiek (%44,7) praktika artistikoren bat burutzen dute amateur gisa. Argazkigintza izan da igoerarik handiena izan duen jarduera, %25,6tik %38,5era pasatuz. Bideo-sorkuntzak ere gorakada nabarmena izan du.

Euskarazko kulturarekilako tirria bada
Biztanleriaren %52,8k parte hartzen du euskarazko kultur jardueretan. Kopuru hau %88,3ra igotzen da euskal hiztunen artean.
Adibide baten hartzeko euskal hiztunen %95,4k entzuten du euskarazko musika, eta biztanleria osoan ere %70,2ra heltzen da kopurua.

Desberdintasun nabarmenak soslai sozio-demografikoen arabera
Gazteek (15-24 urte) lidergoa dute praktika numerikoetan, zinemara joatean eta sorkuntza jardueretan (argazkigintza, bideoa). Aldiz, prentsa idatziaren irakurketa, telebista tradizionalaren kontsumoa eta museoen bisitak ohikoagoak dira adinekoen artean.
Goi-mailako ikasketak dituzten pertsonak askoz gehiago joaten dira museoetara (%66,1 eta %20,4, hurrenez hurren. Gehiago irakurtzen dute eta maizago joaten dira kontzertuen edo antzezlanen ikustera.

Azken bost urteotan parte hartze aktiboa doi bat apaldu da kultura elkarteetan
Ipar Euskal Herrian, biztanleriaren %23,4k parte hartzen du modu aktiboan kultura elkarte batean. Datu horrek azken urteetako beheranzko joerarekin bat egiten du: 2008tik 2018ra 9 puntuko jaitsiera izan zuen parte-hartzeak, eta azken bost urteetan (2018-2023) beste bi puntu inguru jaitsi da.

Kultura-elkarteren batean parte hartzen duten pertsonen kopuruaren bilakaera (2008-2018-2023) (%)
Kultura-elkarteren batean parte hartzen duten pertsonen kopuruaren bilakaera (2008-2018-2023) (%)


Parte-hartze hori ez da berdina gizarte-talde guztietan, eta hainbat aldagaien arabera alde nabarmenak daude. 35-44 urte bitartekoak dira elkarteetan gehien parte hartzen dutenak (%31,8). Euskal hiztunek (%34,5) erdaldunek (%20,5) baino nabarmen gehiago parte hartzen dute kultura-elkarteetan. Bestalde zenbat eta ikasketa-maila altuagoa izan, orduan eta handiagoa da modu aktiboan parte hartzen dutenen pisua. 

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)