"Irakur kasko": uda honetako erronka kolektiboa euskarazko irakurketa biziarazteko
Eta uda hau euskal literaturaren aberastasuna (berriz) deskubritzeko aukera paregabea balitz? "Irakur kasko"-rekin, bai irakurle hasiberriak bai irakurle trebeak ere gomitatuak dira erronka kolektibo batean parte hartzera: ekainetik irailera, gutxienez euskarazko 300 liburu irakurtzea
Euskarazko literatura altxor ezezagunez betea da. Horiek argitan emateko, "Elkartuz-Literatura" lantaldeak* "Irakur kasko" abiarazten du, erronka ludikoa, kolektiboa eta akuilagarria, uda osoan euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko pentsatua. Printzipioa sinplea da: irakurle komunitate bat biltzea helburu komun baten inguruan, euskarazko 300 liburu (bederen!) irakurtzea denen artean.
Denen artean 300 liburu irakur EUSKARAZ
Denei idekia baldin bada ere, erronka hau bereziki helduei zuzendua zaie: euskaraz irakurtzeko usaiarik ez duten euskal hiztunak, euskara ikasten ari diren irakurleak, usaian baino gehiago irakurri nahi dutenak, edo euskarazko irakurzaletasuna sustengatu nahi dutenak. Bakoitzak bere erritmoan parte har dezake, bakarrik edo bikotean. Horrela, irakurle trebeek irakurle hasiberriak laguntzen ahalko dituzte, zurkaizgo molde baten bidez. Alabaina, literatura euskaraz irakurtzea gailur gaindiezina iduritzen zaie batzuei. Baina mendian bezala, bidelagun baten laguntzarekin, gero eta helburu goragoak lor daitezke!
Parte hartzeko, aski da maiatzaren 12tik goiti irakurkasko.eke.eus atarian izena ematea, euskarazko liburu bat hautatzea, eta irakurketa bakoitzaren ondotik norberaren esperientzia partekatzea galdetegi labur baten bidez. Irakurketa garaia ekainaren 6tik irailaren 30era iraganen da.
Udan zehar, irakurritako liburu bakoitzak erronka kolektibo hori garatzen lagunduko du. Baina zenbakietatik at, "Irakur kasko"-k, oroz gainetik, euskaraz irakurtzearen plazeraren inguruan egiazko dinamika sortzea du helburu. Zu ere, anima zaitez!
Gehiago jakin
- *Partaideak: Ikas, elkar (Baiona), Euskal kultur erakundea
- Kontaktuak: Matilda Legardinier - mlegardinier@elkar.eus / Hélène Charritton - zurekingogaide@gmail.com
- Irakur kasko ataria
- Euskaraz irakurtzeko zenbait liburu gomendagarri
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)