Komunikazio elebidun eraginkorraren printzipioen inguruko tailerra

2021/10/29

Erabil kolektiboaren partaidetzarekin, Euskal kultur erakundeak elkartekideei zuzendu tailer parte-hartzaile bat antolatzen du "Komunikazio elebidun eraginkorraren printzipioak: afitxak, webgunea, sare sozialak, ..." gaiaren inguruan. 2021eko abenduaren 2an iraganen da, ostegun arratsaldeko 18:00etan, EKE-ko Uztaritzeko egoitzan. Izen emateak zabalik dira eta parte hartzea urririk da.

Komunikazio elebidun eraginkorraren printzipioen inguruko tailerra
© Erabil kolektiboa

Euskal kulturaren alorrean ari diren elkarteen eta konpainien laguntzeko daukan misioaren baitan, 2011z geroz, Euskal kultur erakundeak informazio programa bat antolatzen du urtero. Horren bidez, EKE-ren elkartekideetako buruzagi, animatzaile bolondres eta langile soldatadunei elkarte kudeaketan gertatzen ahal diren problematiketaz informatzeko, tresna metodologiko eta praktikoak ukaiteko eta beste parte-hartzaileekin trukatzeko parada eskaintzen die.

Kalitatezko formatzaileak etorrarazteko, EKEk lurralde honetan tokiko jarraipen dispositiboa (DLA) eramaten duen Profession Sport & Loisirs 64 egiturari erregularki dei egiten dio. Eskaintza zabaltzeko eta behar berriei erantzuteko asmoz, lehen aldikotz Erabil kolektiboarekin harremanetan jarri da oraingoan. Euskara gure egunerokotasunean hobeki txertatzeko tresna praktikoak bildu, moldatu eta zabaltzen dituen kolektibo bat da Erabil. Horrela, "Komunikazio elebidun eraginkorraren printzipioak: afitxak, webgunea, sare sozialak, ..." gaiaren inguruko tailer parte-hartzaile bat programatua da 2021eko abenduaren 2an, ostegun arratsaldeko 18:00etan, EKE-ko Uztaritzeko egoitzan, Lota Jauregian.

Gure elkarteetan, komunikazio tresnak (Facebook orria, afitxa baten sortzea edo esku-orri baten idazketa, …) gehienetan intuizioz eta gehiegi gogoetatu gabe kudeatzen ditugu. Eta hizkuntza bat baino gehiago erabili nahi ditugularik ohiko galderak agertzen dira: euskaraz lehenik edo frantsesez? Bi zutabe edo recto-verso? Italikoz edo letra lodiz? … Gaualdi horretan, Erabil kolektiboa etorriko da bere gogoetak, teknikak eta bereziki, euskararen erabilera lehenesten duten komunikazio giltza batzuk partekatzera, erdaldunen ulermena bermatuz ere. Parte-hartzaile bakoitzak argitarazten dituen afitxa eta esku-orriak ekartzen ahalko ditu.

Leku kopurua mugatua da. Baitezpadakoa da 2021eko azaroaren 29a aitzin izena EKE-ri ematea.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)