Lehen Mundu gerlako euskal presoen kantuen transkripzio musikala egin du Agustin Mendizabalek

2020/09/15

1916 eta 1917an, Ipar Euskal Herriko hamar euskaldunen kantu eta narrazioak grabatu zituen Prusiako Komisio fonografikoak Alemaniako preso-esparruetan. Ehun urte geroago haien kopiak entzungai eta ikergai daude Euskal kultur erakundean.

Lehen Mundu gerlako euskal presoen kantuen transkripzio musikala egin du Agustin Mendizabalek

Agustin Mendizabalek bildumaren azterketa musikala egin du 2019-2020 urteetan. Guztira 104 kantu-grabaketa dira, kantu batzuk errepikatuak edota aire ezberdinetan emanak izan direlarik: 81, Berlingo Etnologia Museoan zeudenak eta 23, Humboldt Unibertsitateko fonotekan.

Lehenik, Mendizabalek kantuak transkribatu ditu, musika eta hitzak partitura numerikoetan ezarriz. Ondotik kolekzioaren ezaugarriak, kantuen gaiak eta kantaera aztertu ditu besteak beste, transkripzio-irizpideak zehaztuz. Bere ezagutzaren arabera, hogeita hiru ineditoak dira eta horietarik zortzirentzat, airea ezezaguna:

Euskal Etnopoloa labelaren baitan emana izan den proiektua, Jon Bagües etnomusikologoa Eresbil euskal musika artxibotegiaren zuzendari ohiaren berme zientifikoarekin.

Sarean Mintzoak.eus atarian

2020an, EKE-k Agustin Mendizabalen azterketa musikala baloratu du Mintzoak.eus atarian. Euskaldunek eman kantu bakoitzari zintzilikatu zaio transkripzio musikala, telekarga dezakezuena. Pasartean kantu bat baino gehiago dagolarik, partiturak PDF dokumentu bakar batean bilduak dira. Oroitarazten dizuegu sarean eskuragarri ez diren soinu-grabaketak Euskal kultur erakundearen kontsultagunean entzungai direla, hitzordua hartuz gero.

Agustin Mendizabal

Agustin Mendizabal, 1967an sortua Oiartzunen (Gipuzkoa),  ingeniaritza eta musika ikasketak egin ditu. Bere sorterriko Lartaun eta Hondarribiko Xatz-Eskifaia abesbatzak zuzendu ditu eta bere sorterriko Lartaun taldean txistularia da. Azken urteotan euskal herri-kantaeraren zenbait alderdi ikertzeari ekin dio: prosodia musikala, Iparraldeko herri-kantaeraren intonazio neutro edo erdibidekoa (2013ko Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria) eta ahozko tradizioko kantu eta bertso zaharrak, jasotze- eta dokumentatze-lana eginez, kantu eta doinu  ezagun eta ezezagunak  bilduz eta aztertuz. Hori dela eta audio eta bideo grabaketa bilketak egin ditu Gipuzkoan, Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Gai horietaz zenbait hitzaldi eman ditu. Bestalde, ahotsak.eus proiekturako ere eginak ditu hainbat bideo, Nafarroan bereziki. Egun, Errenterian bizi da (Gipuzkoa).

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)