Liburuetatik pantailara: euskarazko sorkuntza martxan

2026/06/01

Aurten, ipar Euskal Herriko 6 ikastetxetako 5. mailako ikasleek (Xalbador eta San Mixel Garikoitz Kanbon, Kattalin Elizalde Senperen, San-Bixente Hendaian, Maurice Ravel Donibane Lohizunen, Piarres Larzabal Ziburun) parte hartu dute Euskal kultur erakundeak, IKAS euskal pedagogia zentroaren partaidetzarekin antolatu dituen hiru booktrailer lehiaketetan.

Liburuetatik pantailara: euskarazko sorkuntza martxan
CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

Hiruzpalau ikaslez osatutako taldeetan, gazteek euskarazko liburu bat irakurri dute IKASek proposatutako zerrendatik aukeratuz. Aurtengo edizioan, bereziki euskal idazleen eleberriak izan dira ardatz. Ondoren, irakurketa horretan oinarrituta, booktrailer bat sortu dute, hau da, liburua aurkezteko eta irakurlearen interesa pizteko bideo labur bat. Proiektuaren lehen fasean, irakasleek ikus-entzunezko sorkuntzarako beharrezko tresna digitalak erabiltzen ikasi dituzte formakuntza saio baten bidez. Gero, ikasleekin batera modu autonomoan lan egin dute: argazkiak atera, bideoak grabatu, soinuak jaso eta testuak idatzi dituzte, azken emaitza gisa booktrailer erakargarri eta sortzaileak ekoiztuz.

CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta
CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

Ekimen honen helburu nagusia ikasleen artean euskaraz irakurtzeko gogoa sustatzea da, aldi berean euskaraz adierazteko eta hausnartzeko espazio bat eskainiz. Irakurketa eta sormen digitala uztartuz, ikasleek literatura modu aktibo eta parte-hartzailean lantzeko aukera izan dute.

Lehiaketak hainbat egunetan egin dira: maiatzaren 20an Senperen, maiatzaren 29an Hendaian, eta azken saioa ekainaren 12an izanen da Kanbon. Topaketa horietan, ikasleek haien ikaskideen eta beste ikastetxeetako ikasleen lanak ezagutu dituzte. Lanak bi irizpideren arabera baloratu dituzte: alde batetik, booktrailerraren mezua eta edukia ongi ulertu duten; eta bestetik, aurkezpenak liburua irakurtzeko gogoa piztu dien.

CC-BY-SA - EKE -  Lorentxa Saragueta
CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

Proiekzioen ondoren, ikasleek beren esperientziak partekatzeko aukera izan dute, eta Senpereko Kattalin Elizalde ikastetxeko 5. mailako ikasleek sortutako bertsoak ere entzun ahal izan dira. Jardunaldi bakoitza sari banaketarekin amaitu da. Talde irabazleetako ikasle bakoitzak liburu bana eskuratu du opari gisa, urte osoan zehar egindako lanaren eta erakutsitako sormenaren aitortza gisa.

Proiektua urte osoan zehar garatu da eta 5. mailako ikasleeak bildu ditu:

  • Seaska
  • Kanbo, Senpere, Hendaia, Donibane Lohizune eta Ziburuko hezkuntza publikoko ikastetxeak 
  • Kanbo, Hendaia hezkuntza katolikoko ikastetxeak

CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta
CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

Zonbait booktrailer

Amanda Black - Azken minutua

 

Otto

 

IQBAL

Gehiago jakin 

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)