"EKE/elkar" literatura beka: Ipar Euskal Herriko sorkuntza sustatzeko deialdia
Ipar Euskal Herriko euskarazko literatura biziberritzeko helburuarekin, Euskal kultur erakundeak eta Elkar Fundazioak 6.000 euroko "EKE-elkar Literatura Beka"-ren laugarren edizioa abian jarri dute. Bekaren deialdia euskaraz idazten duten Ipar Euskal Herriko idazle guziei zuzendua zaie, adin mugarik gabe. 2027ko deialdirako hautatu den literatura generoa gazteendako edo helduendako komikia da. Hautagaitzak aurkezteko epea: 2027ko urtarrilaren 11a.
Euskal kultur erakundeak eta Elkar Fundazioak EKE-elkar literatura beka-ren lehen edizioa 2021ean abiarazi zuten. Lehenengo irabazlea Ziburuko Adur Larrea izan zen, Lurbinttoko ohoinak komikiarekin. Istorioa Frantziako Iraultzaren biharamunean kokatzen da, eta Ezpeleta, Itsasu edo Kanbo inguruetan dabilen ohoin banda baten abenturak kondatzen ditu (gertakari historikoak!).
2023an, Idoia Rodriguez-ek bere Euritan liburua kaleratu zuen. Egunkari moduan, idazleak Euri izeneko hamabost urteko gazte baten bizipenak kontatzen dizkigu.
2026ko urrian aldiz, Eneko Bidegain-ek Hegal egiten eleberria argitaratu du. Maddi Heguy IKko militantearen ibilbidea eta ihesaldi berezia kontatzen dizkigu. Baina Iparretarrak-en ikuspegitik irudikatutako "euskal gatazkaren" kontakizun bat da ere, emazteek borroka armatuan ukan duten lekua argitan ematen duena. Dokumentazio lan handi bati esker, idazleak fikzioa eta errealitatea nahasi egin ditu.
EKE-elkar Beka 2027
Bi erakundeek indarrak berriz ere batzen dituzte, 6.000 euroko beka hau bultzatzeko. Beka hori euskaraz sortzen duten Ipar Euskal Herriko idazleei zuzendua zaie, eta idazle bati bere proiektua garatzeko aukera eskaintzen dio, sorkuntza eta argitaratze prozesua lagunduz. Euskal kultur erakundeak eta Elkar Fundazioak helburu argia dute : Ipar Euskal Herriko literatur sorkuntza sustatzea, talentu berriak ezagutzera ematea eta literaturaren aniztasuna eta aberastasuna erdigunean jartzea.
Aurten, literatura generoa helduendako edo gazteendako komikia da. Hautagaiek beren proposamenak berantenik 2027ko urtarrilaren 11ko aurkeztu beharko dituzte.
Gehiago jakin
- 2027ko proiektu deialdia (PDF)
- elkar argitaletxea
- Kontaktua: Frank Suarez (05 59 93 38 76 / frank.suarez@eke.eus)
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)