Ohituren biziberritzea: Komunitategintza aktibatzeko giltza

2025/10/05

Taupa euskaltzaleen mugimenduak bere 2025eko "Taupada" jardunaldia irailaren 25ean antolatu zuen Durangoko Plateruenean "Ohituren biziberritzea: Komunitategintza aktibatzeko giltza" gaia ardatz harturik. Euskal kultur erakundea han zen, beste hizlarien artean, Argitxu Camus Etchecopar eta Mathias Olasok hitza hartu baitzuten.

Ohituren biziberritzea: Komunitategintza aktibatzeko giltza
Mathias Olaso eta Argitxu Camus Etchecopar

Gaurko gizartean ohiturek jokatzen duten eginkizuna komunitatearen egituraketan aipatu zen, hainbat ohidura adibideetan zentratuz. Besteak beste, gau beltza, atsolorra eta Lapurdiko ihauterien adibideak aitzina eman ziren. Mintzaldi guzti horiek Tauparen webgunean dira ikusgai.

Argitxu Camus Etchecoparek Euskal kultur erakundea eta bere eginkizunak, hala nola ahozko memoriaren bilketan eraman lana, laburzki aurkeztu ondoren, Mathias Olasok Lapurdiko ihauterietan egiten den etxez etxe ibiltzea aipatu zuen.

2024an Eleketa programaren baitan bildu lau lekukotasunetan bermatuz, horrelakoa izan zen Mathias Olasoren aurkezpenaren ildoa:

  • Herrian eta herritarrekin antolatzen den ospakizunarekin, elkarte batek diru iturri sendoa lor dezake. Ohidurak urtetik urtera errepikatzen dira oharkabeko aldaketak eramanez; izan ere, aldaketa sakonagoak plazaratzeko, batzuetan eztabaidak eta tentsioak ezinbestekoak dira.
  • Tradizio edo iraganetik inspiratzeak, jatortasuna ematen dio ospakizunari. Hala bada ere, inspirazioa baizik ez da; moldatze eta ber antolatzeek ohiduraren bizitasuna ziurtatzen dute.
  • Etxez etxe egiturak, herri kultura gauzatzen du: parte hartzaile guziak aktore, publiko eta subjektu dira aldi berean. Forma irekia da, oholtza gainean egiten den ikuskizuna ez bezala.
  • Ospakizun batek hizkuntz joerak eragiteko gaitasuna badu. Horrez gain, soziabilitatea bermatzen du herrian, belaunaldien arteko lotura gauzatuz.

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)