1921az geroz

Euskarazko lehen antzerkia 1921ean emana izan zen Senperen, parropiako gela batean. Jean Barbier herriko apezak idatzia zuen. Ondotik, Hazparne, Donibane-Lohizune, Uztaritze eta beste herri anitz hasi dira antzerkia egiten.

  • Elizaren nagusitasuna

Piarres Larzabal apezak, euskal teatrogile handiak honako hau erran zuen 1965ean Baionan eman mintzaldi batean :

« Hemengo euskal antzerkia apezek sortu, hezi eta findu zuten parropiako geletan. Apezak antzerkia egiten hasi dira euskaltasunaren eta moralaren gatik.(…) Zinea denetan sartzen da… Dantzaldiak ere bai… Garraioen erraztasunak, gaua eguna bilakaraz dezakeen elektrizitatearen ezartzeak, irrati aparagailuen agerpenak gure etxeen intimitatea profanatzen zuten eta paropiako izpiritu komunitarioa barreiatzen. Batzuek uste zuten uholde hori geldiaraziko zutela "garai modernoen" kontra oihu eginez.
Beste argiago batzuek ulertu zuten oihu egitea alferrekoa zela eta egokitzea beharrezkoa zela… Kontserbatismoak ez du deus onik ekartzen, aurrerapen materiala geldiezina baita. (…) Eta jakin ezazue borroka latza izan dela ! Euskal publiko zorrotz eta moldagaitza nola usatu "berrikuntza" horiei ? ... Ikusi dut Urruñan gizon heldu bat gazteentzat atxiki tokia makil handi batekin zaintzen…  Apez batzuek gizonak eta emazteak bereizten zituzten antzerkian. Antzerkia otoitz batekin hasten zen..."

Herrietako lehen antzerki taldeak edo bakarrik neskez, edo bakarrik mutilez osatuak ziren. Antzerki talde mistoak ikustea pentsaezina zen, bederen bigarren munduko gerlaren bukaera arte. 
Antzerki mugimendu hori bereziki JAC (Jeunesse Agricole Chrétienne)-eko arduradunek animatzen zuten.
Gehienetan, ikusgarriak Eguberriz, astearte-inautez eta Erramu nahiz Bazko igandez izaten ziren.

Lehen idazleak :

Jean Barbier apezak (1875-1931) 7 antzerki idatzi ditu, 1921 eta 1931 urteen artean. Léon Léon apezak (1896-1962) 6 idatzi ditu, 1930 eta 1940 urteen artean. Justin Mirande Hazparneko apez-dekanoak dotzena bat antzerki-lan utzi dizkigu. Gehienetan, Labiche eta Courteline-ren itzulpen-egokipenak ziren. Garai hartako idazleen artean, aipa ditzagun ere, Jean Elissalde-Zerbitzari, Jean-Baptiste Etcheverry, Pierre Lafitte, Paul Guilsou, Ernest Bidegain, aita Iratzeder apezak, etab.
« Gure Herria » aldizkarian 1955ean agertu ikerketa batean, Larzabal apezak 200 obra inguru idatzi dituzten 30 idazle baino gehiago zenbatzen ditu. Gehienetan, 20-30 minutuko komedia arinak ziren. Beste obra garrantzitsu batzu egin dira euskaraz. Horrela, Molière-ren « Le médecin malgré lui » « Pettan mihiku » bilakatu da, « Les fourberies de Scapin »  «Manez Azeri », eta Tchekhov-en « La cerisaie » « Nesken aldi… ».

  • Gaiak :

Komedietako gai gehienek itxura didaktikoa eta batez ere moralizatzailea zuten, Eliza katolikoaren doktrinaren ildotik.

Gehien aipatuak ziren gaiak hauek ziren :

    • Sorginkeriaren gaitzespena
    • obeditzeko betebeharra,
    • bertutea,
    • larderia,
    • erlijio katolikoaren ongieginak.

Lur-jabeak eta nagusiak beti baikorki ikusiak ziren. Sehiek eta enplegatuek aldiz ebasten zuten, gezurretan ari ziren eta lotsa galtzen zuten. Baina dena mezua irriaren bidez pasarazteko pentsatua zen. Jendea antzerkira joaten zen jostatzeko. Haientzat antzerkia egiazko besta zen. Aspaldian goaitatzen zuten gertakaria. Gainera seme-alabak, lehengusuak edo auzoak aurpegia margoturik eta anitzetan mozorroturik ikustean, oraino gehiago berotzen ziren !

Taldeak ondoko herrietan baziren :
(batzu eskas izan daitezke).

    • Lapurdi : Azkaine, Beskoitze, Hazparne, Itsasu, Makea, Lekorne, Mugerre, Donibane-Lohizune, Senpere, Sara, Urruña, Uztaritze.
    • Baxe-Nafarroa : Armendaritze, Aiherra, Banka, Baigorri, Ezterenzubi, Heleta, Ibarla, Iholdi, Irisarri, Landibarre, Aldude, Ortzaize, Donostiri, Donibane-Garazi, Eiheralarre, Urepele eta Lakarra, Anhize-Monjolose eta Gamarteko gazteak biltzen zituen Hiruak Bat taldea. Bitxiki, antzerki mota horren aipamenik ez da egiten Xiberuan. Haatik, lurralde hori kanpoko antzerkiaren sehaska izan da, bere tragedia, pastorala eta maskaradekin.

Antzerkia : ezkongabeen denbora-pasa

Antzerkian ari ziren gazte guziak ezkongabeak ziren. Horietarik bat ezkontzen zelarik, antzerkia uzten zuen. Hala ere, salbuespenak izan dira, hala nola Hazparnen.

Testuak apezek hautatzen zituzten eta eszenaratzea bikarioak, herriko apezak eta batzuetan eskola katolikoetako erakasleek egiten zuten. Antzerki mota hori biziki garrantzitsua zen eta lehiaketak antolatuak izan ziren.

Horrela, 1951ean, hamasei antzerki taldek parte hartu zuten « Teatroka » deitu leihaketan, kanporaketak Donibane-Lohizune, Hazparne eta Donapaleun iragan zirelarik. Antzerki taldeak baziren ondoko herrietan : Arbona, Arboti, Aiherra (neskak), Aiherra (mutikoak),  Behauze, Biarritz (Oldarra), Beskoitze, Domintxine, Hazparne, Makea, Maule, Mugerre, Oragarre, Donostiri, Donibane-Lohizune, Urruña.  
Baionako antzokian egin behar zen finala, azkenik Hazparnen egin zen. Hazparneko taldeak lehen saria irabazi zuen.