Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Amets Lahetjuzan
Amets Lahetjuzan

Amets Lahetjuzan

"Ea gure eskolen inguruan esparru gehiago zabaltzen dugun euskaraz"

  • Xan Aire - EKE
  • 2016-05-02
  • Hizkuntza: Euskara

Amets Lahetjuzan (1987, Senpere, Lapurdi) Uda Leku elkarteko koordinatzailea da. Euskarazko aisialdian gabeziak direla-eta, elkarteak formazioak proposatuko ditu animazioko eragileei: BAFA euskaraz lantzen ari da, baita, EKE-ren partaidetzarekin, tailer praktikoak heldu den irailerako. Aisialdiaren ekarpena handia izan daitekeelako euskararen biziberritzerako bidean.

Zertan jostatzen ote zinen, ttipitan?
Euskal dantzan arizan naiz, luzaz, hogei urtez. Pilotan, palan ere ibili izan naiz, klubean hamairu urtez. Hori dena Senperen, kanpoan uda lekuetan egonaldiak eginez. Eta euskaraz kantuz, panpinetan, mila joko eta haurkerietan!

Futbolean ari ote zineten?
Ez dut uste, edo aldika behar bada. Pilota-joko desberdinetan bai, haatik, lagunen artean anitz. Sei neska ere ginen ikastolako gelan, beraz futbolak ez gintuen hala erakarriak! Eta ez zen orain bezainbat garatua, kirol gisa, gizartean.

Jostetaz galdegin, eta dantza duzu lehenik aipatu... Ibilbide berezia izan da zuretako?
Berezia ez dakit, baina atxikimendua badut dantzarekiko, bai, musikarekiko ez dudana, adibidez: txistua eta trikitixa jotzen ikasi dut, baina jende aitzinean ahal guziak galtzen nituen! Dantzara berriz itzultzeko, Senpereko Zirikolatz taldean sartu nintzen, euskal dantza tradizionala jorratzen, eta sorkuntza gehiago landu dut Zarena Zarelako kolektiboan, Lapurdiko txokoetako dantzariekin. Hor, teknika eta irakasle desberdinak ditut dastatu, baita beste herrietako dantzak, hori garrantzitsua baita Pascal Lazkano talde-koordinatzailearentzat. Dantza garaikidea gehiago ikasi dut Zelda ikusgarriaren inguruan: arrunt mundu desberdina, gorputza erabiltzeko manera berria, osoagoa, eta arras aberasgarria enetzat. Hor ere naiz ohartu euskal dantzan garrantzia ematen zaiola taldeari. Garaikidean, aldiz, harremana duzu zure buruarekin lehenik, zure gorputzarekin, bere alde on eta txarrekin.

Euskal dantza ikastean, dantzen gibeleko metaforak aipatzen ote ziren?
Ez dut halako oroitzapenik. Aldiz, Lapurdiko ihauteriak anitz deskubritu ditut dantzari esker. Etxez-etxeko plazer horrekin batera, gazteendako zer garrantzi ere duten ikusi dut: gaztetxe, besta komiteari zabaldu genituen kasik naturalki, ikusiz zer gogoa bazen. Gero, Senpereko Herriko Etxean langile ere egona bainaiz, ihauterietako pertsonaiak landu izan ditut eskola desberdinekin, tailerrak animatuz, eta, bistan dena, dantza batzuk erakutsiz.

Zer desberdintasun egiten duzu aisialdia eta kulturaren artean?
Kultura orokorragoa zait, dena da: hizkuntza, pentsamoldea, bizimoldea, harremana. Aisian, erabiltzen duzu azalekoa dena, baina aldi berean kulturari lotua. Ez ditugu joko berdinak denetan, salbu futbola bezalakoak, molde ikusgarrian hedatuak direnak mundu osoan! Gero, Mongolian izan berria bainaiz, hango zazpi urteko haur bat moltxaharrietan ari zela ikustean, 60 urteko emazte frantses bat hunkitu zen, haurtzaroan jolas bera zuela erranez...

Joko batean ez garelarik gehiago ari, bertze batez ordezkatu dugulakoz ote da?
Bai eta ez... Ikusten dituzularik gaurko haurrak aire-hartzeetan, gu bezalatsuko jokoetan ari dira: kuku-gordeka, harrapaka, elastikoan... Behar bada arau batzuk aldatu dituzte, baina oinarria hor dela iduritzen zait. Eta gero badira modak, baita aldiak: joko komertzial batzuk telebistatik heldu dira biziki azkar, eta aski fite desagertzen; bertze batzuk, kanikak bezala, aldika itzultzen dira berriz, belaunaldi batean zehar behin bederen.

Berriz itzultze hori, kulturari lotua da?
Ez dakit hori den bakarrik. Non-eta joko horietan ez ote den, funtsean, haurrak adin horretan behar duena. Bere buruari begira, kolektiboari begira, arauei begira, nago joko horiek ez ote dioten zerbait ekartzen. Beharrari lotua den harremana hautematen dut nik gibelean: bestela, joko horiek ezingo lukete hainbeste belaunaldi zeharkatu.

Eta jokoek, zer ekartzen diote hizkuntzari?
Joko batzuek ukan dezakete lexiko berezi bat: hiztegia aberasten laguntzen dute. Gero, harremanei lotuak direnez, hizkuntzaren erabilpen sozialari ere egiten diote ekarpena. Eta plazerarekin ere badute lotura: gozatu dudan joko bat hizkuntza jakin bati identifikatzea, gure kasuan euskarari, bada zerbait iraunkorra, behin-eta berriz errepikatu nahiko baita. Ingurumen erdaldunean bizi diren haur euskaldunentzat, inportantea da memento goxo horiek euskaraz bizitzea, baina batez ere identifikatzea. Garrantzitsua da zedarri atseginak ukaitea gogoan.

Uda Lekun, ikastoletan, eskola elebidunetan... Oro-har, zer heinetan lortzen ote dugu haurrak euskaraz jostaraztea?
Helduok lortzen ote dugu euskaraz ehuneko ehun hitz egiten? Ingurumen honetan, biziki zaila da. Orduan, zer eskatuko diegu haurrei, guhaurrek lortzen ez badugu? Horretarako, murgiltze ereduaren ekarpena handia da, baina ez du eskolak dena eginen. Nahi dut gaur egungo hizkuntza-politikan, eskolak duela zentralitatea, baina ulertu beharko dugu, eta Hegoaldeko ikerketek baieztatzen dute hori, eskolaren ingurukoak alimaleko garrantzia duela. Aritzen ahalko gara, gero, gure haurren gibeletik “euskaraz, euskaraz!” nardatzen: hobe genuke indar hori beste gauza batzuentzat gordetzea. Ea gure eskolen inguruan esparru gehiago zabaltzen ditugun euskaraz: horiek eraikitzen dira, sortzen, eta gainera, eremu horietan dugu denbora gehien pasatzen.

Haurrek ere, urteko beren denboraren %15a baizik ez dute ikasgela barnean iragaiten...
Hori da, eta harremanak, gelaz kanpoko eremuetan dira eraikitzen, elikatzen... Haurrak, handituz bezala, beren ingurumenari zabaltzen dira, eta horri egokitzen: nagusiki frantsesez baldin bada, hizkuntza horretara joko dute beraiek ere... Hala ere, aitzinamenduak badira. Azpimarratu nahi dut lan-munduan, euskara gaitasuntzat hartua dela orain: bereziki heziketan, zerbitzu eta aisialdian, euskaldun izatea kontsideratua da, eta bada zerbait, ez idurian.

Hala ere, badugu dilema bat: haurrak ez du aisialdian ikasiko euskaraz, eta jendeari hori barneratzea zaila zaio, ez?
Ez da gure esku hizkuntza-oinarrien ematea, ez: eskola eta etxea dira horretarako eremu nagusiak. Hala ere, gure ekarpena ezinbestekoa da euskara praktikatzeko: hiztegia elikatzea, harreman informalak euskaraz jostea, adierazten jakitea...

Aldi berean, alimaleko galdea bada euskarazko aisialdian: Uda Lekuren egonaldiak keinu batez betetzen dira, bertso-eskolak molde ikusgarrian garatu dira...
Hori, segur: ikastolen garatzeak lehenik, eta eskola elebidunen loratzeak ekarri du publiko finko eta iraunkorra euskarazko aisialdian. Joan den astea pasatu dut barkamenka, gure udako egonaldirako ez baitzen gehiago tokirik: 250 toki ditugu, eta ehunka haur eta gazte dira eskola-sare horietan.

Baina denak gai dira euskarazko egonaldi batean ibiltzeko? Hizkuntza-politika argia duzue publikoarekiko?
Beti bada euskararen diskriminazioaren eztabaida. Baina guk erraten dugu argiki ez garela eskola: haurrak ez dira hor ikasteko, ez ditugu euskara klaseak ematen. Horrez gain, gure betebeharretan ere da haurraren seguritatea bermatzea: fisikoa, baita afektiboa eta morala. Eta horretan, hizkuntzarena ere sartzen da: egonaldi batean, nola sentitzen ahal da haur bat bere familiatik urrun, ezezagunekin, batere ulertzen ez duen hizkuntza batean? Gurasoei ere da beren ardurak hartzea, noizbait. Gurean, haurrak oporretan dira, memento goxo batentzat hor dira gurekin, eta euskararen bidez dira jostatuko, harremanduko, goxatuko. Haurrak euskaraz uros ikusi nahi ditugu gurekin.

Horretan da garrantzitsua gure egituren eta xedeen koadroa argiki azaltzea hastapenetik...
Bai, funtsezkoa da: gurasoek argiki jakin behar dute non ezarriko duten beren haurra, hautua haiena izan dadin. Horrela ere da konfiantza-harremana sortzen hastapenetik: haurrarentzat ere, garrantzitsua da helduen koherentzia hori. Aisialdi-zentro gisa, garrantzitsua da koadroarena finkatzea, biziki zabal geratzen ahal baita, eta, ondorioz, ez baitezpada argi...

Bertso-eskolek ez dute arazo hori, konparazione...
Ez: bertsoa da beren izatea, eta horrek markatzen du koadroa. Ez dut uste jendeari bururatuko zaionik haurra bertso-eskolan ematea, euskaraz ez badaki!

TAP/NAP jardueren ekarpena zer da, aisialdiaren arloan?
Eskolen erreforma hasi zelarik duela bizpahiru urte, Frantziak Europaren markoari egokitu nahi izan zuen, eta jarduera horiek bideratu: xedea da erakustea gela barnetik kanpo ere ikas daitekeela, molde ludikoagoan. Tartean, ongi-izate, sozializazioa bezalako zeharkako kontuak ere hunkitzen dira.

Erreforma hori, oportunitatea izan da Uda Lekurendako?
Guretzat baino, euskararentzat dela erran nezake. Euskaraz memento goxoen pasatzeko mezua eta ekintza heda daiteke: gauza konkretuak eskaintzeko parada bada hor, eta garrantzitsua da bai familiek, bai gizarte-eragileek hori ikustea, bizitzea, baita eskaintzea. Haurrek ere, ikus dezakete euskara ez dela bakarrik ikasgelako kontua, baizik-eta jostatzeko eta harremantzeko hizkuntza. Euskararen erabilpen soziala garatzeko aukera bada hor.

Baina jarduera horiek ez ote dute muga gotor bat: aisialdia ere eskolaren eremuan egotea, eta, ondorioz, espazio berri guti ikustea euskaraz zabaltzen hortik kanpo?
Bada arrisku hori, bai. Baina pragmatikoago izanez, aipa dezaket, ikasle-kopuru potoloekin, zaila izaten dela jarduerak molde lasaian antolatzea: eskolek ez dute baitezpada espazio zabal edo egokirik horretarako. Horrez gain, irakasle batzuk kezkatzen hasiak dira, haur batzuk TAPentzat baizik ez baitira heldu eskolara, hain ongi pasatzen duten horietan! Animazioa eta irakaskuntza espazio berean izatea ez da beti ongi hartua: lan-kultura desberdinak dira, eta ber-orduan gertatzen delarik, ez ulertzeak izan daitezke. Hala ere, kanpoko eragile anitz sartzen da eskoletan orain, elkarteak gehienak, eta gero, berdin, haurrek lotura egin nahiko dute horiekin eskolaz kanpo.

TAPak hasi direnetik, haur gehiago bada elkarteen eskolaz kanpoko eskaintzan?
Guk asteazkenetan haurrak galdu ditugu, eskola-erreforma horren eraginez, larunbateko hainbat aktibitate asteazkenera pasatu baitira, musika eta kirola tarteko. Aldiz, Uda Leku ezagutuagoa da orain, 18 ikastetxe desberdinetan baikabiltza lanean. Hala ere, goizegi zait oraindik TAPen eragina zer heinetakoa den neurtzeko.

Euskarazko aisialdi-eskaintza zer heinetaraino zabaldua den ohar gaitezke, hala ere...
Ez da aski hedatua, ez. Baina Errobiko eta Hego Lapurdiko Herri Elkargoak proiektu-deialdien zabaltzen dabiltza, eta hori funtsezkoa da, instituzioek baitute hori bultzatzeko eskumena: batez ere hurbileko erakundeak direlarik, tokiko elkarteak hunkitzea errazagoa izaten da.

Hala ere, animatzaileen formakuntza-eskasia argi gelditzen ari da, eta Uda Lekuk badu rol berezi bat horretan hartu beharra: zertan, zehazki?
Eskola-erreformak erakutsi du, beraz, euskarazko animazio eskasia. Alde batetik, euskaraz ez dakiten animatzaile anitz baita, eta bestalde, euskaraz dakitenek ez baitakite beti haurrei zuzentzen beren arloa edo jarduera. Uda Lekuren ideia da, 1983tik honat baikabiltza euskarazko animazioan, euskarazko BAFA eskaintzea. Frantses legediak ez du horrelakorik baimentzen, beraz elebidunez egin behar da oraingoz: horretarako agregazioa duen CEMEA elkartearekin partaidetza bat egina dugu, eta abian ditugu material-sortze eta abarrak. Horrez gain, Euskal Kultur Erakundearekin badugu formazio xede bat heldu den sartzerako, TAP jarduerak euskaraz eskaini nahiko lituzketenei begira: talde-kudeaketa, animazioa nola garatu denboran... Bakoitzaren testuingurutik abiatuz, erantzunak ematen saiatuko gara. Formazioa euskaraz izanez, aipatuko ere bide ditugu hizkuntzari lotu problematikak: haurrek ez dutelarik tutik ulertzen, nola egin, zer motibazio-teknika erabili... Elkarren arteko trukaketak eta ezagutzak ere tokia izanen du, formazioan: batzuk kultura arloan gehiago jantziak izanen dira, eta ekarpen biziki interesgarriak egin ditzakete hortik.

Ikastolen Elkartearekin ere partaidetza bat baduzue, azken urteotan, Euskal Herri osoko haurrak egonaldietan gurutzarazteko. Ekarpen interesgarriak ateratzen ari dira hortik?
Biziki! Orain arte Xiberun egin ditugu egonaldi horiek, baina aurtengo udan, 8-11 urtekoek han segituko badute ere, zaharragoak Lekeition elkartuko ditugu. Hegoaldekoek Xiberu biziki maite izanik ere, Iparraldeko gazteek Hegoaldea hobeki ezagutzea hartu dugu xedetzat. Gainera, usu eskola-bidaiak Maulera egin izan dituzte, beraz aukera ederra ukanen dute Lekeitioko bazterren gozatzeko. Horrez gain, iaz hasi eskolen arteko trukaketen inguruko proiektu bat ere garatu nahiko genuke: hiru eguneko egonaldi bat gai baten inguruan, ikasgelan aitzinetik lan dezaketena. Baina zailtasuna da askotan ikastola edo eskolek goizik edo aspalditik finkatua dutela egonaldiaren tokia eta egitaraua: usaiak aldatzea zaila izaten da! Azpimarratu nahi dut, Hegoalde-Iparralde trukaketetan, euskararen erabilpena bermatua izaten dela, eta alde horretatik ere ekarpen handia dutela. Interesgarria izaten ere da euskalki desberdinen arteko deskubritzea, baita ohidura desberdinena: irekidura hori biziki aberasgarria izan ohi da haur eta gazte euskaldunentzat. Oinarri eder bezain sendoa da.

Gehiago jakin