Mikel Dalbret

Mikel Dalbret

''Ez dut sekula aurkituko margolaritzaren gakoa. Ez nahi ere''

  • EKE - Xan Aire
  • 2013-07-22
  • Hizkuntza: Euskara

Mikel Dalbret (1941, Sousse, Tunisia) artistak dena utzi zuen margolari izateko. Bere begirada zorrotzaz marrazten du mundua, askatasunaren pintzelaz, kolorea bere barrenetik hartuz. Agorrilaren 30etik irailaren 23a arte, EKE-ren laguntzaz, Senpereko Larraldean aurkeztuko ditu azken margolanak.

Xan Aire: Zure margolanak galdezketatuz geroz, zer salatuko dute zutaz?
Mikel Dalbret: Niretzat, hastapenetik, margolaritza misterio bat da. Eta pixkanaka ari naiz misterio hori argitzen.  Gure izaera, nirea, gizaki batena, oso korapilatsua dela ohartzen ari naiz, eta noizbehinka ateratzen zaizkit gauza harrigarriak. Nire margolanek, nire baitako irudiak dituzte salatzen. Emaitza baten aitzinean, sarritan harritua naiz: ez nekien irudi hori nire baitan nuenik.

Erran nahi du, margolan bat hasten duzularik, ez dakizula nora zoazen?
Ez, sekula. Nire lana, geroz eta gehiago, bat-bateko sorkuntza da. Espazio zuri edo huts baten aitzinean, nire burua botatzen dut. Duela 37 urte hasi nintzen margolaritza profesional izaten, eta nire gibelean, bada lan asko. Bat-bateko sorkuntzara iristeko, eta hori bultzatzeko, lan asko behar da, gisa guziz. Baina konturatzen naiz gauzak errepikatzen ere direla. Ez dira beti obra ber-berak, nolabaiteko estiloa da.

Zergatik errepikatzen dira gauzak?
Nire lan egiteko moduagatik ere bada: ez dut sekula zirrimarrazkirik egiten. Horrela jokatuz, hastapenean, ez dakizu deus zure lanaz. Zu zara zure lehenbiziko ikuslea: sortu berria duzun lana, onartu edo ukatu behar duzu. Ukatzen dudana, beti botatzen dut, nire baitatik kanporatu behar dudalako. Onartu arte dira, behar bada, gauzak errepikakor agertzen nire begietan. Artegintzan, ez zara sekula deusetaz segur. Baina hastapeneko bide zabal hura hertsituz doa, eta errazago izan daiteke hertsidura horretan ibiltzea. Hastapenean, kanpoko eraginak baitituzu, eta, horrela, ez duzu baitezpada joera propiorik. Geroago dira etortzen zure baitako lanak. Horrela ibiltzen gara, misterio baten gakoaren bila.

Baina gako hori, ez duzu aurkitu nahi...
Ez dut sekula aurkituko margolaritzaren gakoa. Eta ez nahi ere. Aurkitzen denean, fini da: zure pintzelak uzten ahal dituzu, eta arrantzara joan zaitezke! Eguneroko gogoa, motibazioa behar da atxiki, eta hori iraunaraztea ere, bada misterioa. Saiatzen da margolaritza, artegintza... ulertzen, baina misterio handiegia da. Zergatik, belaunaldiz belaunaldi, gizakiok dugu sortzearen beharra? Deplauki zerbait sortzea... Gure gogoetak gauzatzearen beharra, ikaragarria da! Ongi pentsatuz, ez dugu horren beharrik, bizitzeko.

Misterio hori bizitzea, sufrimendua izan daiteke?
Sufrimendua ahal bezain urrun baztertu nahi dut, beti. Dudan bizitzea da nekeena. Alta, etengabe sortzeko, etengabeko zalantza behar duzu... Paradoxa dirudi, baina dudarik gabe, ezin zara aitzinatu.  Margoa, aldi berean behar dut, eta nahi dut: nire oxigenoa da. Nire loratzearen elementua da: horregatik ez dut artista madarikatua izatea bilatzen. Nire lana laguntzeko, plazera hor behar dut, ondoan.

Hala ere, arriskuak hartzen dituzu?
Bai, hori da nire izaera. Nire bidea arriskutsua baldin bada, hobe! Joko bat bezala da. Gal edo irabaz. Abentura, adrenalina.

Noiz onartu duzu artista zinela?
Merkataritza itsasonzietako ofiziala izateko ikasketak egin ditut lehenik, eta gero, informatika-ingeniari izateko. Goi-mailako lana eskuratu nuen, Parisen. Bidaia egiteari utzi nion, betidanik marrazkilaria izan naizela ohartu aitzin. Gisa guziz, haur bat beti da marrazkilari, lehenik:  marrak egiten ditu. Denborak du egiten marrazkilari edo margolaria zaren. Nire kasuan, gehiago naiz marrazkilaria, ageri da nire obran. Nahiz eta nire familian ez zekiten deus artegintzaz, marrazkirako joera ukan dut betidanik. Parisen ingeniari nintzela, denda ttiki bat erosi nuen Saint-Germain-en-Laye auzo-hirian, margolan zaharrak salgai ezartzeko. Ber denboran, margoak zaharberritzen ikasi nuen. Ildo horretatik dut margotzen ikasi.  Eta 1976an, erabaki nuen margolari izatea. Lan oso interesgarria utzi nuen, erokeria hutsean sartzeko! Misterioa... Hastapenean, arrakasta ttiki bat ezagutzeko zoriona ukan nuen, eta uste izan nuen muniziorik aski banuela bide horretan ibiltzeko. Baina oraindik ere pentsatzen dut erokeria dela. Ez nekien batere non sartzen nintzen! Bide oso zaila gertatu zait, baina nire hautua osoki onartzen dut, hastapenetik.

Nola ikusi duzu zure obra aldatzen?
Lehenik, garrantzitsua zen margolaritzaren tripan sartzea: hori ikasi dut margoak zaharberrituz, maisu baten eskutik. Beharrezkoa baita teknikak menperatzea, artegintzaren historia ezagutu behar den bezala, funtsean. Dena-den, hein batetik goiti, Parisetik joatea ere beharrezkoa izan zitzaidan. Arnasa hartzea ezinezkoa bilakatu zen. Ikasteko, bikaina da, baina bizitzeko, ez. Parasito sobera dago, aitzinatu nahi izateko. Horrela nintzen Miarritzera iritsi, 1985ean. Hortik fite, ohartu nintzen Miarritzeko sorkuntzak erabat ezberdinak zirela Parisen egiten nituenekiko. Miarritzetik Sarara joan, eta oso ezberdina. Saratik Zugarramurdira, Zugarramurditik Ziburura: ene sorkuntzak beti ziren diferenteak, tokiaren arabera. Bizitzaren poderioz, nire lana aldatzen da, eta ez dakit zergatik! Soilik erran dezaket nire lanaren eraikuntza, beti modu berdinean egiten dela.

Erran nahi baita?
Borobila da nire lanaren eraikuntzaren lehen harria. Euskal Herrira iristerakoan, harri borobila oso garrantzitsua izan zitzaidan; zinez, topaketa hunkigarria izan da. Ikasi dut bere borobilaren barnean, eta bere laukiaren barnean ere den sinbolismoa, Barandiaranen lanari esker. Aita Marcel Etchandyk ere anitz lagundu nau, funtsean. Marrazkietan zehar, euskal sinbolismoa sartu zen nire obran, modu kontzientean. Hala ere, nire baitan, banuen joera hori, naturalki-edo, sentsu berezirik gabe. Euskal Herrian naiz sentsu batekin ibiltzen hasi lanean. Osotasun gehiago lortu dut. Orain, badakit zergatik borobila eta laukia diren nire lanaren oinarria.

Euskara ikasteak, eraginik ukan ote du zure obran?
Nahi ala ez, bai. Euskal jendartean murgiltzeak, militante gisa, badu bere eragina. Gertakari batek markatu nau nire ibilbide pertsonalean: Betti Beteluren ehorzketak. Dantza-maisua Arrangoitzen ehortzi zuten, eta sekulako ukaldia hartu nuen nire baitan. Ez nuen sekula horrelakorik ikusi: elizaren barnean, txalaparta, kantuak, Bettiren klaseetan ibiliak ziren neskatxak, zuriz bezti, loreekin. Aurreskua. Nahiz eta meza kristaua izan, nik, hori dena, ikusi nuen ekitaldi paganoa bailitzan. Erabat. Ondotik, hilkutxa ezarri zuten plaza erdian, ikurrinak estalirik. Mutxikoen doinua bota zuten:  Bettiren familia hasi zen dantzan, lehenik. Eta gero, jende guziak segitu zuen, denak hilkutxaren inguruan dantzan. Bozgorailuetatik, Betti Beteluren ahotsa, mutxikoen urratsak agintzen. Harrigarria! Ez dut uste, bertze gizarte batean, horrelakorik gertatzen ahal denik. Hori bizi ondoan, erabaki nuen erabat euskalduna bilakatuko nintzela. Orduko hasia nintzen euskara ikasten baina gertakari horrek nau bultzatu erabat euskaldun izatera. Nire bizitzako bigarren erabaki garrantzitsuenetarikoa izan da, margolari izatearen hautua egin eta hamabost urte berantago.

Euskal artista gisa definitzen duzu zure burua?
Jendeak du hori erran behar, nik ezin dut. Baina euskaraz baldin badakit, euskalduna naiz: hori aski zait. Zinez erran dezaket euskara, mundu bat dela. Hego Euskal Herrian, euskal artista bezala begiratzen naute. Baina Iparraldean, oso desberdina da. Ez bazara hemen sortua, zailago da. Nahiz eta 28 urte hemen igaro, erakusketa gehienak hemen egin, eta azaldu euskal sinbolismoak duen garrantzia nire lanean, horrek zer berezitasun ekartzen dion nire obrari... Hala ere, nire euskal artista izaera ez da hain ebidentea, hemen. Nahiz eta atxilotua izan euskara ikasteagatik, garaiko sarekada zoro batean, ni bezalako tipoak, modu berezian hartzen dira Iparraldean. Betirako kanpotar gisa. Iparraldean, entzun izan dut nire obra ez zela euskalduna. Baina berdin zait, zinez.

Erraza ote da Euskal Herrian margolari izatea?
Ez. Horretarik bizitzea biziki zaila da, espazioa estua da, eta publikoa ere, nahiko murritza. Hego Euskal Herriak laguntzen du, hala ere. Bestela, artegintza ogibidea izateko, zinez zaila da. Azken finean, hemen ere, gizarte normala baita. Ez arrunta, baina normala, bai. Haatik, nire bizitza hemen da, dolurik eta dudarik gabe. Ez dut sekula Euskal Herria pikutara bidaltzeko gogorik ukan. Euskal nortasuna naturalki pasarazten dut nire margoetan. Egiten bada dantzari bat, edo pilotari bat, eta erraten bada hori euskalduna dela, hori, pitokeria zait. Nire euskal mundua, hor dago, surrealismoaren askatasunarekin, eta sinbolismoaren borrokarekin. Ez da begibistakoa, baina ez dut ebidentzia hori bilatzen: nahiago dut kukutu, eta iradoki.

Ikusleari, kritikari, pentsatzen ote duzu, sortzerakoan?
Sekula. Bakardadea da zure laguna. Bakardadea ez bada maite, hobe margolari ez izatea! Tailerreko espazioa, unea, oso berezia da. Hor, bakardadea beharrezkoa zait, jakinmina pizteko. Eta, momentu batean, erabaki behar duzu margoa bukatua dela. Hor, bakarrik izan behar dut. Edo lan bat uzten dut pausatzen, txoko batean, eta hilabete batzuk berantago, berriz hartzen dut, so berri bat ekarriz. Erabat desberdina da. Ukatzen baldin badut, gehienetan ezabatzen dut. Edo, ardo xaharra bezala, ondu dela iruditzen zait, eta izenpetzen dut.

Zergatik erakustearen beharra etortzen zaizu?
Partekatzeko. Momentu laketsuak eskaintzen ditu erakusketak. Harreman interesgarriak lotzen ahal dira. Pertsona batek zure lan bat baitezpada eskuratu nahi badu, nahiko hunkigarria da... Sentitzen duzu ez duzula denborarik galdu! Agian inportanteena hau da: partekatzea.

Hurrengo erakusketak, bat bertzearekiko arras desberdinak dituzu...
Bai, lehena dut Ziburun, Recollets kaperan, agorrilaren 15a airean. Margo erakusketa kolektiboa da. Duela hiru urte, leku berean, argazkiak erakutsi nituen. Ez naiz zinezko argazkilaria, baina egiten ditudan argazkiak, portukoak dira.
Bigarrena dut Senpereko Larraldean, agorrilaren 30etik irailaren 23a arte. Larraldea, toki erraza da erakusketak egiteko. Bada giro berezia. Eta erakusketak egiteko, toki interesgarri guti dago. Gisa guziz, nik hautatu dudan bidea, ez da arrakastatsua izateko modurik hoberena.

Zergatik, ote?
Ez da hain erraza ene obran sartzea. Eta artisten mundua, oso korapilatsua da... Modak badira, diruak, espekulazioak erabakitzen dituenak. Gaur, horrelako munduan bizi gara, baina bihar, ez dakigu... Arrakasta komertziala behar da pixka bat, ez da gauza txarra. Baina arriskutsua ere izan daiteke, batez ere sorkuntzarako, norberaren sormenerako. Motibazioa beti baldin baduzu, eta gogoarekiko plazerra, lor dezakezu zerbait. Ahal bezain urrun jarraituz, iraupenaren ildotik da zure obra ontzen ahal.

Elkarrizketa gehiago

Elsa Oliarj-Inès

Elsa Oliarj-Inès

"Trankil zarelarik tradizioekin, sorkuntza sar dezakezu"

Ttitto Aguerre

Ttitto Aguerre

"Zizelkaritza, loturen egitea da"

Zoe Bray

Zoe Bray

"Artea eta antropologia, bizitzeko eta bizitzaz hausnartzeko, tresna osagarriak eta ezinbestekoak dira"

Adur Larrea

Adur Larrea

"Euskal Herrian oso marrazkilari onak badira eta hautua egin dute euskaraz lan egiteko"

Elkarrizketa gehiago