Maialen Maritxalar

Maialen Maritxalar

''Estetikari garrantzia ematen diot, ideiari, eta nortasunari''

  • EKE - Xan Aire
  • 2011-05-04
  • Hizkuntza: Euskara

Maialen Maritxalar (1984, Donibane Lohizune, Lapurdi) grafista gaztea bere kontu ari da lanean. 2011ko udaberri honetan estreinatu duten Niñika antzerki eta dantza ikusgarriko estetika jostea galdegin dio EliralE konpainiak. Lanean pragmatikoa izanez, ikusgarria eta ikuslea magian murgiltzea izan da artistaren desafioa.

Xan Aire: Zure haurtzaroa aurkezteko, zer kolore, forma, materia erabil zenezake?
Maialen Maritxalar: Giro euskalduna zen, familia giroan oso ongi... Baina kolore aldetik... Behar bada arrosa! Nahiko neskatxa nintzen. Musika anitzez inguratua... Amak Oskarbi taldean kantatzen du, aita kantari eta gitarrista da. Pantxoa eta Peiorekin aritu da, besteak beste, baina bere kabuz ez sobera. Ez da aski saltzaile ona, nahiko diskretua, baina musikari trebea. Orduan hara, gauza hori guziei esker, haurtzaroa kolore guzietakoa izan dudala erran nezake, forma borobilak eta leunak... Kultura munduan murgilduak, kantu eta dantza ingurumenean, antzerkian gutxiago, nahiz eta nik biziki maite izan. EliralE konpainian gozatzen dut orain, baina orokorki jende irekia da antzerki mundukoa, inprobisatzen eta aritzen direnak. Askatasun hori maite dut.

Eta askatasunez ari zara lanean...
M.M.: Orain bai! Baina saltzaile lanetan ere ibili naiz lehenik. Baina etxean beti konfiantza egin didate, eta horrek anitz lagundu eta laguntzen nau. Eta pixkanaka gogoak nire kontu lanean hastera bideratu nau. Behar bezala bizitzeko gogoak. Momentuko dena ongi pasatzen da... Gero ikusiko, baina saiatua izanen naiz, bederen! Ohartzen naiz betidanik bakarrik lan egin nahi izan dudala, ahal bezainbat sortuz, nahiz eta bezeroak duen azken hitza...

Zerk inspiratzen zaitu, sortzeko unean?
M.M.: Interneten harrapatzen diren gauzek, bertzeen lanek! Hori ez dut gordeko. Biziki ideia onak badira, formak, koloreak... Gauza garaikideak kristorenak izaten ahal dira! Ez dut maisu berezirik, baina inspirazioa horrela biltzen dut. Gero oihal munduan ere murgildua naiz, nire ikasketak horretan egin ditut, eta garrantzi handia du nire lanean. Hala ere, oso kritikoa naiz nire lanarekin.

Zer harreman duzu kritikarekin?
M.M.: Artista gehienak bezala, ez naiz sekula oso pozik geratzen nire lanekin. Nik maite dut besteen lana kritikatzea. Gero, ez dut maite hurbileko jendeak nirea kritikatzea! Ez dira konstruktiboak! Pasa dituzun orduak kontutan hartuz, gehiago entzun nahiko nuke "bikain, segi horrela!". Nola ni, nire buruarekin aski kritikoa naizen, ez dut baitezpada besteena entzuteko gogorik. Baina kasu egiten diet, hala ere.

EliralE konpainiarekin nola hasi zinen lanean?
M.M.: Erran dudan bezala, antzerki munduak beti gogoa ematen zidan. Baina Hego Lapurdiko Herri Elkargoko Patxi Bellyk egin zuen lotura Pantxika Telleriarekin. Otto ikusgarriarentzat irudia lantzen zuen norbait bilatzen zuen. Hasieran erakusketa bat muntatzea zen xedea, eta azkenean jokoak fabrikatu ditut. Antzerkia den oro, jokoak egiten ditut haurrekin. Eta EliralErekin segitu dut, lan ttipiak eginez, web orriaz arduratu, mintegiak eramanez... Haurrekin bikain pasatzen da, nahiz eta batzuetan zaila izan erakaslearena egitea!

Orain, Niñikaren aldi...
M.M.: Bai, hutsetik hasi naiz. Estetikaren inguruan aitzin lan bat egitea galdegina izan zitzaidan. Book bat egin nuen, jokoekin, irudiekin, formekin, koloreekin, eta ludikotasuna bilatuz, haurrentzat. Jantziak eta eszenografia landuak izan dira gehien, kasu egin behar da, urrunegi joan gabe, praktikotasunari. Talde lana ere dela erran behar da! Gero, sortu nahi genuen giroaren arabera, zuria eta gorria izan dira gure kolore nagusiak. Sasoiak irudikatu behar izan dira jantzien bidez: pisuak ziren neguan, eta, biluztuz bezala, dantza eta dantzaria arintzen dira, baina oholtzan den zuhaitza beztituz doa... Jantzien istorioa ere aipatua da... Afixa egiteko, aldiz, niñika hitzak berak inspiratu nau, eta behingoan pozik geratu naiz! Zailena da sinple ateratzea.

Horretan da zure lanaren giltza?
M.M.: Hori da. Ez kargatzea... Baina jendeak gauza pisuak eta ulerkorrak nahi ditu. Baina logo ona da galderak pausarazten dituenak, ahal bezain forma gutikoa, eta buruan egoten dena, kantu baten gisan. Aldi berean abstraktua da eta karratua. Muga hori ez da beti erreza harrapatzea, batez ere bezeroek nik gustukoak ez ditudan gauzak hautatzen dituztenean! Horrela da, ez da kartel lehiaketetan parte hartuz bizitzen ahal. Gainera, horrelakoetan, grafista gutik parte hartzen du. Afixa lehiaketa polita da, ezagutarazteko ere laguntzen ahal du, baina hara... Gero, ez dut erran nahi sosaren gibeletik nabilela, baina gure ofizioaren ezagupenerako, ez da bidea. Jendea ez da ohartzen zenbat denbora pasatzen ahal den, azken finean logo ttipi bat ateratzeko.

Zure eremuan ere, kultura arloan bezala, "hartu, erabili, eta bota" fenomenoa gertatzen da?
M.M.: Ez dakit xuxen hala den. Menturaz halako iraunkortasuna badugu oraino... Izatekotan, grafismo artistikoan da. Nik bide horri lotu nahi dut. Estetikari garrantzia ematen diot, ideiari, eta nortasunari. Objektu zaharrak, historia duten gauzak, biziki maite ditut. Eta horrelakoak egin nahi ditut hemendik goiti. Horregatik, gauza hondatuak lantzea, oihal zaharrak harrapatzea gustukoa dut. Hemen ere, aitatxiren tailer zaharrean, gustura naiz! Naturalki naiz hemen, familiari esker, hala ere. Baina toki honek nire antza du.

Baina leku guti du itxurak manatzen duen mundu honetan...
M.M.: Lekua egin behar zaio! Adibide bat hartzeko: jantzi tradizionalak birmoldatu nahi ditut, nire kutsua eman, garaikidetu... Beharra badute, gehiago agerian beharko lukete! Ihauterietako jantziak, adibidez. Baina jantzien historiari kasu eginez lanean aritu nahi dut, erran-nahiak eta estetikak zainduz. Lehen, kristoren estetika zuten! Baina euskal kulturaz, nortasunari lotuak den gauzarik ez da ageri gure herrian. Aitzineko galderari erantzuteko, irauten dituen bisualak eskas dira, bai, egia da. Gure esku da hori dena aldatzea!

Elkarrizketa gehiago

Marko Armspach

Marko Armspach

"14 urterekin jada, banekien irakurtzen nituen istorioak, nik marraztuko nituela noizbait"

Jean Louis Iratzoki

Jean Louis Iratzoki

"Objektuen bidez istorio bat kontatzen dugu"

Gonzalo Etxebarria

Gonzalo Etxebarria

"Bizi garen krisi garai hauetan, arteak oinarrizko funtzio bat betetzen du, jendeen nortasuna, humanitatea agertzeko"

Elkarrizketa gehiago