Milesker Terexa, ongi etorri Argitxu!

2025/06/10

Nola ez eskertu Terexa Lekumberri gure lankidea. Euskal kultur erakundean sarturik duela 32 urte Etnologia & Ondarea poloa kudeatzeko, 2007tik goiti Eleketa bilketa programa erraldoiaren eramailea izan da, Euskal etnopoloaren arduraduna bilakatuz 2017an. Merezitako erretreta hartuko du orain Terexa lankideak. Argitxu Camus Etchecopar-ek hartua du bere segida.

Milesker Terexa, ongi etorri Argitxu!
Argitxu Camus Etchecopar eta Terexa Lekumberri © Lorentxa Saragueta

Pazientziarekin, besteak entzuteko dohainarekin eta jendetasunarekin, Terexa Lekumberrik XX. mendea zeharkatu duten pertsonen bizi zatiak biltzen jakin du, horrela lurralde honen historia eta bilakaera ikusaraziz.

Milesker Terexa! Izan ere, zure lanarekin eta izateko manerarekin, transmititzeko gosea eta engaiamendua gorpuzten dituzu, bi balore horiek gure hizkuntzaren eta kulturaren biziraupenerako ezinbestekoak direlarik.​ 

Hemendik aitzina Argitxu Camus Etchecopar ikerlariak hartuko ditu bere gain Terexa Lekumberrik zituen ardura horiek. Ongi etorri Argitxu! 

Hemen Daniel Landartek idatzitako bertsoa

Daniel Landart idazlea EKE-ko zuzendari-ordea egon da 1990etik 2010 arte.

Terexa Lekumberri

Euskal kultura garatu nahiz Erakundea zen sortu
Eta segidan Uztaritzeko Lota etxean kokatu.
Zortzi sail handi kudeatzeko denak baikinen adostu
Gogoak sutan, itxaropentsu, lan zailari ginen lotu!

Sail handietan “Hizkuntza eta Ondarea” juntaturik
Arduraduna behar genuen norbait zinez kapablerik
“Etnologian doktorea da, euskaltzalea errotik”
Postu horrentzat ezin zen aurki Terexa baino hoberik!

Eginbeharrak eraman ditu “jaka-jaka” arizanik
Zenbat bilkura, zenbat itzulpen, ez zuen falta kemenik!
“Goazen goxoan, arrastak laxoan!” usu errepikaturik
Uzta ederra uzten duela ez dugu duda izpirik!

Nola ez aipa Irisarriko Ondarearen Egunak?
Eta geroztik abiarazi munta gaitzeko programak:
Etnopoloa ta Eleketa baita beste lan sakonak
Transmisioa segurtatzeko garrantzitsuak direnak!

Orain Terexa tenorea da zure obra eskertzeko
Egun bortitzak, otoi, ahantzi, onenak atxikitzeko…
Eta Ortzaizen, badakigu bai, ez duzula ahantziko
Hain maite duzun Euskal Herria zerbitzatzen jarraitzeko!

Daniel LANDART
Bazkoz (2025/4/20)       

Daniel Landart © Lorentxa Saragueta
Daniel Landart © Lorentxa Saragueta

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)