Aurten ere gure elkartekideek eraman 150 egitasmo inguru lagunduko ditugu

2026/02/10

Dirulaguntza publikoen apaltzea pairatuko dugu 2026an ere. Hala eta guztiz ere, joan den otsailaren 7an Euskal kultur erakundearen administrazio kontseiluak bozkatu duen egitasmoaren baitan elkarte proiektuei banatzen zaien laguntzen heina mantentzea erabaki da. Hautu estrategiko horri esker gure elkartekideek eraman 146 egitasmo sustatuko dira, sorkuntzaren, transmisioaren edota hedapenaren arloetan.

Aurten ere gure elkartekideek eraman 150 egitasmo inguru lagunduko ditugu
"Xebastian Mintza Hadi" ikuskizuna (2025eko agorrila - Armendaritze) - CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

Gure aurrekonduan eragin zuzena duen dirulaguntza publikoen apaltze bati aurre egiteko (2026. urterako 80.000 eurokoa izanen dena, Estadoaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren erabakien arabera) aurtengo kultura egitasmoa egokitu behar izan dugu hautu estrategikoak eginez.

146 elkarte egitasmo sostengatuak: 31 sorkuntza egitasmo, 21 transmisio ekintza, 82 hedapen ekintza eta Iparraldeko artisten mugikortasunarekin zerikusia duten 12 proiektu.

Lehentasuna lanpostuei eman nahi izan diegu, urteetan bildu gaitasunak eta esperientzia atxiki nahiz, baita ere urtero egitasmo deialdi baten bidez elkartekideei ekartzen diegun sostenguari (240.000 euroko diru-zama mantenduz, 2025ean bezala).

Hautu estrategiko horien bermatzeko lantaldearen barne-antolaketa berrikusiko da (postuen bilakaera eta misioak), kanpora azpitratatzen ziren zonbait lan gure gain hartuko ditugu eta finantzamendu osagarriak bilatuko (egitasmo berezi batzuen eramateko).

2026ko egitasmoa 2023-2026ko bide-orriaren hiru ardatzen garapenean oinarritzen da:

  1. Bildu eta ikertu 
    Etnopoloaren dinamika atxikiz eta dagozkion iharduerak garatuz, erronka nagusia Eleketa ahozko memoriaren ikus-entzunezko bilketaren geroa segurtatzea izanen da, Departamenduko artxibotegiarekin partaidetza berri bat plantan emanez.
  2. Transmititu eta komunikatu 
    Euskal kultur erakundeak estrategikotzat dauka belaunaldi gazteak jomugan dituen sentsibilizazio ardatz hori, eta, ondorioz, indarrak emanen ditu hainbat ekintza eta partaidetza garatzen.
  3. Lagundu eta egituratu
    Urteko deialdiarendako baztertzen dugu diru-zama mantenduz, euskal elkarte munduaren egituraketa, sustapena eta hedapena bultzatuko ditugu, erakundeekin eraman lankidetza eta osagarritasuna azkartuz.
    2025ean, EKE-ko elkartekideen kopuruak 230eko langa sinbolikoa gainditu zuen (233 elkarte kide dira gaur egun), euskal kulturaren dinamikaren eta aniztasunaren adierazle.

Oharra: egitasmo baten/batzuen eramateko partaidetza eskaera helarazi diguten elkartekideek gure deliberoa zehazten duen erantzun bat eskuratuko dute emailez ondoko egunetan.

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)