LUMI taldea IPARHOTS egonaldi artistikoen irabazle
LUMI taldea Euskal kultur erakundeak, Atabal aretoak, Kulturaz Kultur Kooperatibak, Musika Bulegoak eta Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duten Iparhots egonaldi artistikoaren programan parte hartzeko hautatua izan da. Ekimen honen hirugarren edizioa da. Ekhi Lambert eta RTZ kolektiboa izan ziren azken edizioetako saridunak.

Donibane Lohizuneko taldeak, 2023an Ekhi Lambertek eta 2024an RTZ Kolektiboak burutu zituzten egonaldien proiektuari segipena emanen dio.
Egonaldi artistikoen inguruko elkarlan honen helburua musikariei, sortzaileei eta Ipar Euskal Herriko musika eragileei proiektu berriak sortzeko eta lantzeko espazioa, baliabideak eta laguntza eskaintzea da.
Bi zatitan banatutako egonaldiak bi eguneko lan saioak izanen ditu:
- Urrian (datak baieztatzeko) - Dinamoa sormen gunean (Azpeitia)
- Azaroaren 24 eta 25ean - Atabal-en (Biarritz)
- Horretaz gain, 2026ko lehendabiziko sei hilekoan LUMIk kontzertua eskainiko du Bartzelonako Euskal Etxean
Nahia Zubeldiak (ahotsa, makinak) eta Manu Matthysek (makinak) osatzen dute Donibane Lohizuneko LUMI elektro-pop esperimental bikotea, 2014az geroztik. LUMIk bi mundu ezberdin uztartzen ditu : Nahiarena, euskal kantuen eta folk melodien ingurukoa, eta Matthysena, arrunt elektronikoa. Urtez urte, soinua gero eta gehiago landu, eta aldi berean, organikotasunera bideratu dute. Lehen EPa 2014an atera zuten, eta Itzal zikinak izeneko lehen LPa 2019an, biak Moï Moï diskoetxearekin.
Bezperen Dirdira azken lanean (Usopop Diskak, 2022), bikoteak jendeen eta makinen arteko miraila sekula baino gardenagoa bilakarazi zuen: inoiz baino boz polimorfoagoa erritmo-konposizio organikoetan dantzan ibiliz.
Bikoteak hainbat kontzertu eman ditu, bai Euskal Herrian (Dominique A aitzin Biarritzeko Gare du Midin eta Sébastien Tellier aitzin Biarritzeko Atabalen), bai Parisen (Trois Baudets areto famatuan), baita nazioartean ere: besteren artean, 2018an bere musika Japoniara eraman zuen, 8 kontzertuko bira baten karietara, baita Bogotako Teatro Mayor prestigio handiko aretoan euskal musika ordezkatzeko, 2022an.
2025ean, LUMIk bere ondoko diskoa eta dagokion zuzenekoa prestatuko ditu, bereziki Iparhots egonaldiei esker.
Gehiago jakin
- Harremana: frank.suarez@eke.eus / 05 59 93 38 76
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)