Mintzalasai festibala 2022

2022/09/13

Aurten ere, 7 egunez 53 aktibitatez gozatzeko aukera eskainiko digu Mintzalasai festibalak 11. aldiz. Testuinguru berezi huntan, egitarau berritua eta erakargarria eraiki dugu tokiko 45 eragileren laguntzari esker. Elkartzeko eta euskaraz gozatzeko aukerak ez dira faltako.

Mintzalasai festibala 2022
©️ Mintzalasai
Euskal kultur erakundeak Mintzalasai festibala sostengatuko du aurten ere, artisten programazioa lagunduz. Besteak beste, irailaren 21ean goizeko 10:30tan Biarritzeko mediatekan programatua den "Xana eta Sudur gorri magikoa" ipuinaldi dantzatua 4 urtetik gorakoentzat , Dantzalai konpainiak emanik.
 

Bateratu eta Boteretu

Garenaz eta ingurumena aldatzeko dugun gaitasunaz jabetu gaitezen okindegira sartzean, autobusera igotzean, administrazioko harlekuan, haur parkean, ezezagunekin harremantzerakoan… Aska ditzagun korapiloak eta has gaitezen euskara beti eta denekin partekatzen. Hartara gomitatzen gaituen ekimena ere bada gure festibala.

Parentesietatik oasietara

Urtero parentesia linguistiko ederrak zabaltzen ditugu, euskaraz mintzatzeko ohitura ez duten pertsonak elkarren artean bilduz eta urtean zehar frantses hutsean bizi diren tokietara euskara ekarriz. Eta ez da gutxi! Baina magikoak badira ere, zabaldu bezala itxi ohi dira parentesiak. Egoera normalizatzeko bidean, dinamika iraunkorra eta urte osoko eskaintza ehuntzera pasa beharko dugu.

Bizi dugun egoera diglosikoa iraultzeko, eredu berriak asmatu beharko ditugu elkarrekin. Euskara norma eta inklusiorako giltza izango diren espazioak, garaiak, aukerak, ohiturak. Bihotza edo trikitixaren mugimenduak inspiratu behar gaitu: zabaldu... eta trinkotu! Izan gaitezen beraz sortzaile eta ausart, bateratzaile eta boteretzaile, erakargarri eta t(r)inko!

Iturria: Mintzalasai 

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)