Jakes Larre
2021/02/04
"Euskal etnopoloa" labelaren baitan, Euskal kultur erakundeak eta Giza Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskolak ondarearen eta sorkuntzaren arteko harremana galdezkatzen dute. Clarenza kultura zentroarekin partaidetzan, Zapat(h)ari deitu ikerlari/artista egonaldi partekatu proiektuak zientziak eta artea uztartuko ditu, Hazparneko iragan industrialaren inguruan.
"Euskal etnopoloa" labelak, 2017ko urtarrilaren 12an eskuratua eta lau urteko iraupen batentzat emana izan dena Euskal kultur erakundea (EKE) eta Giza Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskolari (EHESS), bi egitura horiek eramaten duten lanaren ezagutza ekartzen du, Euskal Herriko ondare inmaterialaren baloratzeko eta arlo horretan egin ikerketaren aberasteko.
2007az geroz, EKE-k ahozko ondarearen bilketa lan handi bat eramaten du Eleketa programarekin. EHESS-ekin batean, bilketa horrek, ondare inmateriala eta euskal sorkuntza garaikidearen arteko loturaren inguruan gogoetatzera eraman du. Ondorioz, orain duela zenbait urte, ondarearen eta sorkuntzaren arteko harremana Euskal etnopoloak ikertzen duen gai nagusia bilakatu da, ikuspegi ezberdinetatik eta partaide ezberdinekin.
Eleketa funtsa, interes handiko baliabide bat da, bai ikertzaileentzat bai eta sortzaileentzat ere. 2019-2020ko beraz, Hazparneko zapatagintzaren inguruko egonaldi partekatu bati buruz joatea pentsatua izan da, 2011n bildu lekukotasun batzuetatik abiatuz.
Clarenza ahozkotasunaren bastidak, ondare inmaterialaren, materialaren eta ingurumen ondarearen balorapenean lan egiten du. Eragile hori LagunArte konpainiaren eskutik sortu da, Bastidako herriaren laguntzarekin. Lurraldearen eta biztanleen arteko konexioak aztertzen ditu, artisten eta biztanleen arteko esperimentazio artistiko partekatuen bidez. Bakoitzari bere askatasuna uzten dio, osatzeko eta jendartean kokatzeko aukera emanez, hemen eta orain.
Euskal etnopoloak eta Clarenza kultura zentroak perspektiba horretan lan egiten dute elkarrekin, Hazparneko zapataren industriaren inguruan zientziak eta artea uztartuz.
Abentura honen xedea, iragan industrial horren eta gaurko Hazparneren arteko erresonantziak entzutea eta atzokoaren eta gaurkoaren artean dabiltzan ezin ikusizko harien identifikatzea da.
Hiru hurbilketa gurutzatu, ezberdin eta osagarri, bat bestearen ondotik edo bat bestearen gainetik etorriko dira datozen hilabeteetan.
Hiru hitzordu nagusik egonaldi partekatu hori puntuztatuko dute (2019ko neguan, 2020ko udan eta udazkenean).
Lehena ondoko abenduaren 19ko aurreikusia da, ostegun arratseko 19:00etan Hazparneko Les Tilleuls ostatuan. Gaualdi horretan, Aitzpea Leizaolak Eleketa programaren baitan Hazparnen bildu lekukotasunen lehen irakurketa antropologiko bat eskainiko du Hazparneko zapatagintza ahozko lekukotasunen bidez izeneko mintzaldi batekin. Denbora berean, Polo Garat argazkilariak egin dituen lehen argazkietatik batzuk erakutsiko ditu.
Gaualdi horrek hasiera emanen dio abenduan hasi eta 2020ko iraila arte Hazparneko biztanleekin garatuko den proiektu parte hartzaileari.
Xehetasunak