Polo Garat

Polo Garat

"Irudia, adierazpen modu bat da, nire haserreak agertzen ditut iruditan, nire maitasun kontuak, nitaz ari naiz nonbait"

  • LaukitikAt
  • 2020/07/07
  • Hizkuntza: Frantsesa

Barkoxen, aitaren beribildegi aitzinean finkatu digu hitzordua Polo Garatek (Donapaleu, 1967). Bertan konpondutako motorren burrunbek zerikisua omen dute, argazkilari xiberutarrak tresnen mekanikarekiko duen zaletasunarekin. Mendien maitale, itsasoa du amets eta bere Harleyren doinuak du bidaiarazten irudizalea. Tolosako estudiora itzuli aitzin, Kapera auzora eraman gaitu kafea hartzera.

Barkoxetik Tolosara, kondaiguzu zure bidea.

Maiz nabil joan etorrian Barkoxetik Tolosara. Okzitaniako hiriburu erdigunean da nire argazki estudioa. Bertan merkataritza argazkiak eta nire proiektu pertsonalak lantzen ditut, baina Barkoxtarra naiz eta biziki lotua natzazio inoiz utzi ez dudan herriari. Xiberutik 17 urterekin joan nintzen Tolosara argazkilaritza ikasketak egitera eta bertan egon nintzen gero lan egiteko. Tolosa aukeratu nuen Parise edo Bordelera ez bait nuen joan nahi, agian uso eta onddo kontuengatik. Tolosa hobetsi nuen ere kultura aniztun izateagatik eta rokarengatik baita ere. Erran daiteke musika eta bereziki punk-roka estiloa deskubritu izanak urrundu nauela muino hauetatik, musika barnakiago bizitzeko. Agian hastapenean, argazkilaritza burasoei saldutako aitzakia baizik ez zen izan.

Elkarrizketaren bideoa (frantsesez)

Lan egiteko zer nahiago, xiberuko bazter zabalak ala Tolosako estudioa?

Gaztetan Barkoxen ez nuen kasik argazkirik egiten, berrikuntza behar nuen eta ez nuen ikusten begi aitzinean nuen altxorra.

Barkoxeko pentze lasaiak nahiago lanerako. Tolosa ez dut baitezpada argazkitan hartu; ongi kokatua da, Bartzelona ondoan da eta bereziki Pirineoak hurbil ditu, beranduago ulertu dut hurbiltasun horregatik aukeratu nuela. Anitzendako Bordele da Euskal Herritik hurbilago Tolosa baino, itsasaldeko eta « Sud-Ouest » delako kutsuarengatik agian. Niri zaila egiten zait Tolosa hego mendebaldeko hiri kontsideratzea. Hemen ere gauza berdintsua gertatzen da gure kokapenarekin, Euskal Herri iparraldean gara eta batzuentzat, Frantzia hegoaldea da; Hegoaldekoekin gauza bera.

Bestalde kontrasteak gustuko ditut; Barkoxetik alde egin nuenean, Tolosako Empalot auzo minberara joan nintzen bizitzera, bertako dorre altu batera; kontrastea asko gustatu zitzaidan, argazki andana egin nuen auzo horretan. Gaztetan aldiz Barkoxen ez nuen kasik argazkirik egiten, berrikuntza behar nuen eta ez nuen ikusten begi aitzinean nuen altxorra, egunerokotasunean itoa zen, eta jende guztia berdin pentsatzen zuela iruditzen zitzaidan. Nik nere burua ezberdin ikusten nuen, ezberdin pentsatzen nuela uste nuen. Baztertua sentitu nintzen ere hizkuntza ez jakiteagatik, izan ere eskolara oso gazte joan nintzen eta garaian debekatua zen euskaraz aritzea, inguruko baserrietako lagunak zigortuak ziren euskaraz aritzeagatik. Horrek itxi ninduen erabat, euskara ele-itsusiak bezala ikusten nuen. Gero hutsune hori saiatu nintzen betetzen pilotan edo dantzan arituz, maskaradan kantiniertsa gisa. « Kantiniertsa-punk » deitzen ninduten zeren 12 urterekin The Clash eta Sex Pistols taldeen musika ezagutu nuen, ihardokitze giro hori; askatasun horrek bidelagun izaten jarraitzen du beti.

Noiz pentsatu duzu lehen aldiz argazkilari izan nahi zenuela?

Izan da momentu erabakigarri bat; Oloroeko kolegioan nintzenean, laugarrenean, apezek, ikusentzunezkoen ezagutzeko aste bat proposatu ziguten zeinean argazkilaritza edo bideoaren artean hautatzeko galdegin ziguten. Hor, ikasgelatik at, argazki makina eskutan topatu nintzen. Atera berri zen Canon AE1 tresna eta errebelazioa hor ukan nuen. Herrian pasa genuen eguna argazkiak hartzen eta ondoren garatu genituen. Aurretik gogoetatxo bat ukan genuen argazkiak nolanahika ez ateratzeko eta horrela ezagutu nuen lanbidea. Agian horren alde mekanikoak ere erakarri ninduen nonbait izan ere mekanizient semea naiz eta mekanika ederrak gustoko ditut biziki; orduan argazki tresna esku artean, nahi nuen guztia egiteko mekanika polita baten aurrean nintzela pentsatu nuen. Eta halaxet izan da anitzetan, bizitzeko, bidaiatzeko, jendea ezagutzeko askatasun handia eman dit, biziki gauza gutti egin dut gogoz kontra. Hastapen-hastapenean agian, argazkilari gazte zarenean eskaera batzuk erdi inposatzen dizkizute, baina denborarekin, gustora egiten den lana da, merkataritza alderaino. Horrek nire argazki pertsonala garatzen lagundu nau bide batez. 13 urte nituen argazkilari izan nahi nuela ohartu nintzenean baina berehala jakin nuen ez nituela ezkontza edo kiroletako argazkiak egin nahi; garai hartan jada kolegioaren ondoan lapurtzen ohi nituen aldizkarietan agertzeko argazkiak sortu nahi nituela argi nuen. Hilabatero, Zoom edo Photo aldizkariak ateratzea goaitatzen nuen, argazkilari libre eta konplexurik gabekoen lanak ikusten nituela iruditzen zitzaidan.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Prentsako erreportari grafikoa, arte argazkilaria? Nola definituko zenuke zure burua?

Etiketak jartzen dizkigute, baina nik ez dut bihi bat ere aldarrikatzen, ni argazkilari naiz. Artista naizela diote hortik, eta egoki iruditzen zait, izan ere artea berezkoa da, pertsonala eta ni zintzo izaten saiatzen naiz egiten dudan guztian. Batzuetan arrastak jartzen dizkiot nire buruari inor ez mintzeko; argazkiak hartu egiten ditut nahiz eta jakin gero ez ditudala denak agertuko. Irudia, adierazpen modu bat da ere, nire haserreak agertzen ditut iruditan, nire maitasun kontuak, nitaz ari naiz nonbait. Artista bat bere buruaz ari dela uste dut, bestela ez da egiazko artista.

Zure nortasunak zure lanean eraginik duela uste duzu?

« Kantiniertsa-punk » deitzen ninduten zeren 12 urterekin The Clash eta Sex Pistols taldeen musika ezagutu nuen.

Bai erabat, hark erabakitzen du guztia izan ere usnak bultzatuta lan egiten dut, prestakuntzarik gabe. Bidaiatzen dudanean, zerbait prestatzen dut, baina gero ez dut bide hori segitzen, topaketen, intuizioaren arabera ari naiz. Nire baitan dauden tradizioen eginmolde bat dela uste dut. Argazkilaritza hautatze kontua da gehienetan, kuadroa hautatu behar da, argia, eta gero goaitatu behar da argi hori lortu arte. Presarik gabe lan egitea nire nortasun kulturalaren parte da ere nonbait, funtsezkora jotzea, apainkeriak baztertuz, nire xiberutar, baserritartasunaren alde dira. Kostaldeko jendea azkarrago bizi dela iruditzen zait, baina ez Tolosa edo Bordele bezalako hiri handietan bezain bat halere. Uste dut Xiberuan jende irekia dela, gauza ezberdinetan interesa du, nahiz eta anitzetan kontrakoa dirudien. Horrek ere itxuratzen nau. Barkoxen, Topet Etxahun herritar gisa ukateaz harro gira, eredugarri da niretzat, gizonak maitasunez hil du eta hori gauza azkarra da. Agian bakardadeak, denborak, isiltasunak eskaintzen digute beha egoteko gogoetatzeko, sortzeko aukera.

Irudi batek berez zerbait adierazi behar du?

Bestetik, argazki bat arma arriskutsua bihur daiteke, hedabideetan adibidez.

Nire ustez bai, zerbait kontatu behar du berez, horregatik hautatzen dituzte tarteka. Bestalde nire irudiak azaltzea gustatzen zaio jendeari, testuinguruaz, adierazi nahi izan dudanaz hitz egitea; agian garaiak du hori eskatzen, gauza asko kontatzen dira egiten denaz, niretzat ez da beharrezkoa. Nire lanaz biziki gutti mintzo naiz, are guttiago nire buruaz, horregatik ateratzen ditut argazkiak, adierazpen modu bat da niretzat eta horrekin aski dut normalki.

Nondik hartzen duzu inspirazioa?

Irudia, adierazpen modu bat da, nire haserreak agertzen ditut iruditan, nire maitasun kontuak, nitaz ari naiz nonbait.

Musikatik nagusiki, doinu batzuk, hitzak, musika mota bat, horiek dira irudi serie bat sortzeko ideia emaileak. Argazkiak ateratzen ditut eta aitzinean ditudanean hasten naiz gogoetatzen; nahiago dut egiteko molde hori. Anti-eskolarra izan naiz beti, zailtasunak ditut betidanik agintearekin. Argazki formakuntza egiten hastean, izpiritua irekitzeko parada eskainiko zidala uste nuen eta horren ordez, teknika ikasteko araudi uholde bat topatu nuen, gauza gehiegi ikasteko. 17 urterekin ez nuen hori nahi, bizitza irentsi nahi nuen, hori nola egiten zen azaltzeko inoren beharrik gabe. Beharrik, formakuntzaren ondoren, argazkilari batekin ikasi nuen teknika. Irudi kultura ez zidala eginen erran zidan, hori nire eginbeharra zela argudiatuz. Bestalde, arte ederretara joateko proposatu zidaten baina uko egin nuen. Nire artea egin nahi nuen, arrakastarekin edo gabe, hori ez zen inportantea. Fakturak ordaintzeko eta jateko merkataritza argazkiak egiten ditut eta hori interesgarria iruditzen zait, edo espirituarentzat ez dela hain kaltekorra behintzat. Zailtasunak ditut horien burua artistatzat soilik ikusten duten argazkilariekin; modan dauden gaiak bakarrik lantzen dituztela ikusten dudanean ez dakit lan hori diotena bezain zintzo izaten den beti. Ni zintzo izaten saiatzen naiz.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Zein da argazkilari baten kalitate nagusia?

Uste dut urritasuna dela gaur egun aurrera ateratzeko modu bakarra. Beha egoteak, pausatzeak, zure lanari zerbait ezberdin emanen dio. Maite ditut ezberdintasunak.

Zapeta onak edukitzea, ibiltzeko eta denbora hartzeko. Baina batzuetan argazkilari batzuk dena berrosatzen dute, beste batzuek inguruan duten mundua erabiltzen dute. Baina denbora hartzen jakin behar da, zozotu gabe. Eskaera bati erantzunez, denbora murritzagatik presaka egindako lan pertsonal anitz ikusi ditut eta emaitzan agerikoa da. Bestetik, argazki bat arma arriskutsua bihur daiteke, hedabideetan adibidez. Hortaz hitz egin dezaket ez bait naiz prentsa argazkilaria. Nik potreta anitz egiten ditut eta potretak tangoa bezalakoak dira, bikotean dantzatzen dira, argazkilaria inoiz ez da bakarrik. Lehenik egoa bazterrean uzten dugu, umilak gara pertsonaren parean, gustatzen zaidan parte psikologiko bat dago ere eta gehienetan biziki ongi pasatzen da, uste dut on egiten diogula elkarri. Trukatze bat dago, nik trukatzeak gustoko ditut.

Hemengo argazkilariekin harremanik duzu?

Argazkilari batzuk ezagutzen ditut baina nongoak diren ez zait interesatzen, hori ez da inportantea. Euskalduna izateak naizen horretan du garrantzia niretzat, baina horrek ez du nire lana mugatzen, eskualdetzaile bihur nazake eta hori ez zait interesatzen. Festibaletan munduko bazter guztietako jendearekin topo egiteko aukera izan dut eta biziki gustatu zaizkit horien lanak, nahiz eta euskal kulturatik oso urrun izan. Ni irudi maitalea naiz zinez. Berehala ikusten dut zerbait gustatzen zaidan edo ez eta bost axola egilearen jatorria, alderantziz hori jakiteak eragin lezake, orduan nahiago dut mintzaira unibertsala.

Inoiz ez zait turismoa gustatu, herriaren menpekotasuna dakar, ohiturak, folklore bilakatzen ditu.

Euskaltzale, abertzale naiz, hori ez da sekulan aldatuko. Hizkuntza ez dut menperatzen baina argazkiari esker, euskaldun, frantses, ingeles, espainol edota italiarrekin hitz egin dezaket eta alde unibertsala hori gustoko dut. Agian euskara ez jakiteak suposatzen zuen pizuagatik joan nintzen ere herritik; adibidez, kantiniersa gisa besteekin eleketan zinela bezalako momentuetan; nahiz eta haria segitu, iristen da galtzen zaren momentu bat. Hegoaldera joaten ginenean dantzatzera, okerrago zen, izan ere bertako jendea euskaraz zekiten dantzariengana hurbiltzen ziren eta bakarrik gelditzen nintzen. Euskal Herriak baliabideak jarri behar ditu haurrak bertan egon daitezen. Agian ezkorra naiz gai horrekin baina ikusten dut gauregun herri honek muturreko liberalismoaren aldeko apostua egin duela eta apostu horrek hizkuntaren desagerpena ekarriko duen beldur naiz. Kostaldean galdu da jadanik eta ez dezagun aipa ingurumena, naturarik gabeko bazterrak, eraikinak eta abar, itsuskeri bat da. Ber denboran, itsasoaren zale amorratua naiz; amaren errautsak Santa Barbaran bota genituen, nire txokoa da. Nire amak leku zoragarria eskaini zigun baina ez zuen aurreikusi udan, ezingo genuela bertaratu, kanpotarrenagatik. Eromena da, inoiz ez zait turismoa gustatu, herriaren menpekotasuna dakar, ohiturak, folklore bilakatzen ditu eta lana bi hilabetez ematen du bakarrik, horretan aritzea erabaki dutenei bakarrik. Bitartean, molda zaitezte.

Zein da esku artean duzun proiektua?

Aitaren autotegi izandakoan bizitzera nator eta argazki estudioa muntatuko dut, argazki galeria batekin, partekatze leku bat izanen da. Bestalde Barkoxen argazki festibal bat antolatzeko proiektua dut, mundu osoko argazkilariak gomitatzeko eta herriko auzo guztietan erakusketak proposatzeko.

Bilakaera teknologikoak bizitza aldatu dizu? Eta lan egiteko moldea?

Analogikoan lan egiten dut galeriatan edo erakusketetan agertzen diren nire lan pertsonaletan. Lanmoldea erabat ezberdina da, denbora gehiago hartzen dut, emaitza erabat ezberdina da. Numerikoaren emaitza ez da ona, batez ere potretak egiten dituzunean. Numerikoan aritzea galdegiten digute, bezeroek dirua aurrezteko. Niri lan denbora bikoizten dit horrek, irudiak sailkatzeko eta post-produkzioan, zeren nire irudi numerikoei analogikoaren kutsua ematen saiatzen naiz, koloreetan eta analogikoaren kontrasteetan.

Baina ber denboran, teknologiari esker itzuli ahalko naiz Barkoxera, Interneti esker lan egin dezakedalako hemendik eta irudiak bidali ere. Horrek, Xiberuan, lasaitasunean, isiltasunean eta denborarekin lana hobe egiteko parada ematen dit. Teknologiak trukean aritzea ahalbidetzen dit ere bai; lehen ezinezkoa zen irudiak beste zerbaitekin, janariarekin edo trukatzea, izan ere pelikulak, garatzeak eta gastu teknikoak orohar altuegiak ziren. Orain numerikoarekin, gero eta jende gehiagok irudiak behar ditu webguneetan saltzeko edo zerbitzuak proposatzeko; argazki anitz egiten ditut sare sozialentzat ere. Pertsonalki Instagram kontua erakuslehio bat da niretzat. Blog bat ere badut zeinean lan komertzialak agertzen ditudan. Nire webgunean erakusketentzako irudiak agertzen ditut. Horretan, alde bat gustatzen zait nonbait, bezero batzuekiko harreman hurbilak ditudalako. Aldiz ez naiz hasiko jaten edo egiten dudana argazkitan hartzen Instagramera igotzeko. Egiazko merkataritza tresna bat da, onuragarri izan daitekeena.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Photoshop, gutti, anitz, batere ez?

12 euro ordaintzen ditut hilero etxean ukaiteko, ongi engainatu gaituzte! Kontrasteak egokitzen ditut, argi pixka bat gehitzen, tarteka eskutoki edo argi buttu bat ken dezaket, eta kitto, ez dut ezer aldatzen pertsonen irudietan. Garatzeko eta irudiak hobetzeko baliatzen dut izan ere irudi numeriko gordina ez da nahikoa niretzat, nahiz eta batzuk den bezala erabili. Ez dut muntaketarik egiten Photoshopekin, anitzetan bezeroek egiten dute nire argazkiak jaso ondoren baina hori beste lan alor bat da. Analogikoan lan egiteak irudiaren mugatze zehatzak egitea eskatzen dizu, argi egokiaren zai egotea ondoren gehitu behar ez izateko. Zai egotea garrantzitsua da.

Uste dut urritasuna dela gaur egun aurrera ateratzeko modu bakarra. Beha egoteak, pausatzeak, zure lanari zerbait ezberdin emanen dio. Maite ditut ezberdintasunak.

Zertan dabil Polo Garat, argazki makinik gabe?

Mendialdekoa naizelako agian eta hankak lurrean behar ditudalako, baina itsasoak, ametsak sortzen dizkit.

Argazkitan zer aterako duen beha dago, gogoetan, eta lagunekin momentuak pasatzen ditu. Ez naiz shooter amorratua, ez dut argazki pila ateratzen. Denbora anitz pasatzen dut hurbilketan, gogoetan, jendea ezagutzen argazkiak atera aitzin. Denbora hartzen du ez huts egiteko, izan ere lan txar andana ikusi dut magazinetan. Nik tarteka lan egiten dut aldizkari batzuekin baina oso guttitan aktualitateko gaietan, epe luzeko lanak izaten dira gehienetan, hamar irudiekin guttienez, zeinetan gaiari hurbiltzeko lana ikus daitekeen.

Bestalde motoekiko dudan zaletasuna argazkiarekikoa bezain garrantzitsua dela erratea ahaztu zait. Biak batera doaz niretzat, motoan aske naiz, gauza asko pasatzen zaizkit burutik, askotan gelditu beharko nuke agertzen zaizkidan gauza guztiak notatzeko.

Bidaiak?

Argazkiak bizitzeko, bidaiatzeko, jendea ezagutzeko askatasun handia eman dit.

Asko, gehiegi bidaiatu dut garai batean eta galdu egin naiz. Ondorioz egazkinik gehiago ez hartzea eta nire Harley gainean bakarrik bidaiatzea erabaki dut. Nire zakua moto gainean lotua daramat eta hurbilago sendi dut nere burua. Bidaiatzen nuenean, norbait ezagutzen nuen leku bat hautatzen nuen beti, momentuak partekatzeko eta turista soil gisa ez ibiltzeko ere nonbait, nahiz eta bidaiatzean, beti turistak garen nolazbait. Aldiz bidaiatzeari esker ukan dut Barkoxe edota nire inguruko jendea argazkitan hartzeko gogoa, oroitzapenak biltzeko. Europa osoa zeharkatzeko gogoa ukan dezaket, gasolina eta argazki pelikulekin, motoaren gainean, gelditzeko eta argazkiak hartzeko edozein momentuan, gogoa dudanean, helburu eta helmuga zehatzik gabe.

Zuri eta beltza? Kolorea?

Mundua koloretsua da, orduan zuri eta beltza, betaurreko beltzak jartzea bezalakoa da. Hastapenean anitz egin ditut baina gero dokumentatu nahi izan dut. Zuri ta beltzez, nire argazkiak zein garaikoak diren ez dakidala iduritzen zait; kolorez aldiz berehala asmatzen da noiz ateraiak diren, markatua da. Hunkitzen nauen poesia bat bada zuri eta beltzean aritzea, baina inor ikusi gabe gelditu nahi dudanean, betaurreko beltzak jartzen ditudan momentuak bezalakoa da. Entrabalekoa naiz, egia, baina zentzu aniztasun hortaz baliatzen naiz nire irudietan gauzak adierazteko.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Zer diozu ondare immaterialaz? Garrantzitsua da zuretzat?

Biziki inportantea iduritzen zait. « Nora joan jakiteko, nundik jin jakin behar », ez dut nik erran hori, baina ezin hobeki adierazten du pentsatzen dudana. Nire erroek egin naute, Barkoxen hazi naiz eta nire ondare immateriala baserritarra da; hiriak ez du arrastorik utzi, eta gaur egun beti Barkoxtarrago naiz Tolosako baino. Ondarearen beste alde bat aipa dezakegu ere, alde teknologikoa, baina ez dut uste ondareaz hitz egin daitekeenik hain joankor izanki.

Bukatzeko galdegin ez dizudan zerbaiti erantzun nahi zenioke agian?

Gustatuko litzaidake galdegitea ea interesatuko litzaidakeen apartamendu txiki bat alokatzea kostaldean, urte osoan. Estudio txiki bat eduki nahi nuke itsasoari beha egoteko, Bidarte eta Getari aldean, ontzeko, gogoetatzeko, lan egiteko. Itsasoak erakartzen nau biziki, gogoan ditut aldegin dutenak zorte bila, batzuk itzuli dira, beste batzuk inoiz ez, istorio andana kontatzen diot nire buruari. Itsasoa, telekate gustokoena dut, agian mendialdekoa naizelako eta hankak lurrean behar ditudalako, baina itsasoak, ametsak sortzen dizkit.

Elkarrizketa gehiago

Marko Armspach

Marko Armspach

"14 urterekin jada, banekien irakurtzen nituen istorioak, nik marraztuko nituela noizbait"

Jean Louis Iratzoki

Jean Louis Iratzoki

"Objektuen bidez istorio bat kontatzen dugu"

Gonzalo Etxebarria

Gonzalo Etxebarria

"Bizi garen krisi garai hauetan, arteak oinarrizko funtzio bat betetzen du, jendeen nortasuna, humanitatea agertzeko"

Elkarrizketa gehiago