Segi-sega, segi-sega...

Segi-sega, segi-sega...

Poza eta lasaitasuna. Huna belar moztu berriaren usaintzeak gogorat ekartzen didaizkidan sentimenduak.
Belarrean etzan, begiak etsi eta usain goxo horrek ene gorputz osoa betetzen du, eramaiten nu zelai berde eta zabaleetarat, gizakiak oraino ez dituen sobera kutxatuzko eremuetarat.
Urrunetik heldu den soinu atsegingarria entzuten dut, hurbiltzen da, ene gainetik pasatzen da eta urruntzen da. Berriz ere heldu da, zeharkatzen nu eta abian da. Zer ote da ?
Entegabeko mugimendua da. Haizea belar izpiekin jostatzen da, doinu baten sortzen ari da : belar firfiraren doinua, zinez miresgarria !
Laster haizeak ni ere estaltzen nu. Ez dakit norat eramango nauen. Enekin jostatzen da orai, belar izpi bat bezala senditzen niz haize hufada epelaren azpian.
Arin arina niz, luma bat bezala ibiltzen nu haizeak, urrun igortzen nu, urrun..
Bat batean haizea gelditu da, pausatu nu lurrean, bere firfir eztia isildu da.

Orai entzungarri diren azantzak bortitz, azkar eta zorrotzak iduritzen zaizkit. Oihuak dira, bai, gizon oihuak.
Oihu horien artean soinu berezi bat agertzen da, hunat ekarri ninduen haize firfiraren idurikoa.
Oihuetaz hurbiltzen niz, jakin-mina pizten dait soinu berezi horrek. Erritmo erregular batean segitzen du jotzen…
Oihuka ari diren jendeen artean entseatzen niz pasatzera, garrasiek aspertzen naute.
Azkenean entzuten dutana begietara heldu zait… bai, hori da, segalari bat da soinu horren sortzailea, belar segalari bat !
Segaren xaflak belar izpiekin bat egitearekin sortzen duen soinu ederra da.
Ala haizeak norat eraman nauen : belar mozte lehia batetara. Herritarren oihuek dioten bezala Joakin deitzen da musikalari berezi hau.
Bere doinuan jarraitzen du, segi-sega, segi-sega… Ene bihotzaren taupadeekin batean, segi-sega, segi-sega, segi-sega…
Joakin gelditzen da, herritarreri behako bat, kuraiez bete eta berriz musika jotzen hasi. Segi-sega, segi-sega…

« 3 miñutu » diote oihuek « 3 ». Urteak eta mendeak zeharkatu dituen jestuak, udako igande atsaldetako animazio arrunta bat bilakatu ote dea ? Gure arbasoek zer pentsa lezakete lehia hortaz ? Hain segur ments batzu beizik ez girela holako lehien antolatzeko !
Belar moztea, herri kirol guziak bezala garaiean egiten ziren jestu eta ohiturak dira.
Gaurko egunean, ohitura horiek, herri kiroletan beizik ez dira agertzen, eguneroko bizian maxina eta nik dakitan zer gauza berri eta bitsiekin ordezkaturik izan diren.
Herri kirolak orroitzapenen lekukoak dira, istorioaren lekukoak, iraganaren lekukoak eta gure arbasoen memoriaren lekukoak.
Zer plazerra, Joakin so egitearekin, asmatzea gure aintzinekoak hor zirela, pentze hortan, duela zonbait urte eta mende, ber jestuaren egiten, lasaiki.
Eta zer ohorea pentsatzea, jestu ttipi batzuen bidez gure kulturaren lekuko izaiten ahal girela, gu ere, gure heinean.

3 miñutuak bukatuak dira, Joakin gelditu da. Uros niz pentsatuz denak irabazle izango girela, gizon ala emazte, belar mozte lehiaren mezua gogoan ukanez.
Iraganetik heldu zaukuna biziaraziz, mihian eta eskuen artean ditugun altxorrak babestuz, gure haurrek, bihar ere, belar moztu berriaren usaintzean arro izan diten heien nortasunaz.
Denek segi dezagun belar mozten, segi-sega, segi-sega eta segi-sega…

Haizeak berriz ene lekura eramaiten nu, berriz ere bere soinu miresgarria dut beharrietan, iratzartzen niz, belarrean etzanik; amets egin ote dut ? Ez dakit bainan nik ere nahi dut belarra moztu orai…