Elgar ulertzea

2006/09/28

Georgiako piaiak segitzen du, eta egun guziz Georgiarren bizimoldea, pentsamoldea, ahantzi gabe musika, piska bat gehiago deskubritzen dugu. Arras untsa errezebituak gira joaiten giren leku guzietarat, beren dantzak, kantuak, jakiak, arnoak ezagutarazten dauzkute.



Asteazkenean Tbilisiko polifonia sinposiumean parte hartu dugu. Bertan kantatu dute atzerriko baita Georgiako talde batzuek. Momentu xoragarriak pasatu ditugu zinez. Georgiako eskualde desberdinetako taldeak entzun ditugu, baita adin desberdinetakoak ere. Xahar ala gazte denek beren herriaren tradizioa kantatu dute baita dantzatu ere.

Bainan ez da uste izan behar talde famatuek baizik ez dituztela ezagutzen doinu xaharrak eta jotzen bertako musika tresnak. Hemen egun guziz ikusten duguna da kultura bat bizirik dena, ahoz aho etxen, karrikan, mahain inguruan transmititzen dena.

Kantari bakotxa etxe batean errezebituak gira, eta denek ikusi ditugu familietako haurrak, nerabeak, aitamekin batean kantu xaharrak polifonian kantatzen, horietarik batek txonguri edo panduri soka tresnak jotzen duela.

Georgiarrek ainitz aipatzen dauzkute beren herriak pairatu dituen gorabeherak eta dudarik gabe bertakoen ikusmoldea entzutea baino gauza hobeagorik ez da.

Azkenik, esplikatu daukute berentzat balore inportanteenak direla amaherria, eta hizkuntza. Horregatik gure ama Euskal Herria eta euskara aipatzen ditugularik identifikatuak senditzen dira. Eta ene ustez hortik hasten da elgar ulertzea...