"Hogei'ta" euskal idazle egonaldia 2011

2011n, lehen ediziorako, aurkeztu ziren bost euskal idazleen artean, "Hogei'ta" literatura egonaldiaren antolatzaileek Fernando Morillo azpeitiarraren proposamena dute hobetsi.

Fernando Morillo
Fernando Morillo
Hogeita bost liburutik gora idatzi ditu, gehien bat haur eta gazte literaturaren esparruan. Anitzetan gazteen mundua literaturaren eta zientziaren paisaietara erakartzera saiatu da bere obretan. Fernando Morillo-k Abbadia eremuko Nekatoenea baserri eraberritu iraganen du bere egonaldia, 2011ko urriaren 17tik azaroaren 20ra. Euskarazko eleberri bat idatziko du tarte horretan, Abbadiako eremua esparrutzat hartuz, halaber Txingudiko badia edo euskal erlaitza, historiek Antoine d'Abbadie ikertzailearen bizia ere gurutza dezaketeelarik.

Fernando Morillorekin hizketan

Xan Aire-k egin elkarrizketa

Xan Aire: Ttipitan, izarrei begira egoten omen zinen... Fernando Morillo: Ez bakarrik izarrei ! Garbigailuari begira ere egoten nintzen, gurasoak kezkatuta nituela... Baina bai, izarrak, gaua beti gustatu izan zaizkit, txinparta horiek, zer dira, nondik nora doaz, noiz arte, etengabe galdetzen nuen. Ez dakit zer ikusirik duen literaturarekin, baina bai zientziarekin. Txikitan, beti pentsatzen nuen astronauta edo izarrak aztertuko zituen zientzialaria izango nintzela.

Bazenekien mundu honetatik ihes eginen zenuela... F. M.: Bai ! Mundu errealean beti galdu izan naiz. Baina ez modu figuratiboan, bakarrik ! Kotxean, bat-batean deskonektatu egiten zait burua, eta ez dakit gehiago non nagoen. Broma ematen du, baina ez ! Libre baldin banabil, arazorik ez, baina hitzorduren bat baldin badaukat, tentsioa sortzen zait ! Orduan bai, askoz erosoago nago izarrei begira...

Zer zinen, haur bakartia? F. M.: Suerte ona izan dut lagunekin, oso onak izan baititut txikitatik. Ez nintzen bakartia, baina bakardadea bilatzen nuen askotan. Bakarrik egon behar banuen ordutan, lasai asko egoten nintzen, istorio baten asmatzen edo. Baina lagunekin ere gustura egoten nintzen. Hori bai, jende gutxirekin. Jende asko izaten denean, nahiz eta lagun minak izan, estutzen hasten naiz ! Hori ez zait aldatuko.

[+] Segi elkarrizketa irakurtzen !...

Beste elkarrizketa bat

Eric Dicharry, IAEZIko lankideak Fernando Morillorekin egin zuen elkarrizketa.

"Sorkuntza" hitza edo konzeptua, gustatuko litzaidake jakitea zer den zuretzat ? Zure sorkuntzako bideak edo sorkuntzako ekaiak zeintzuk dira ?

Ez da erraza azaltzea. Ehunzango dantzariaren ipuina datorkit burura, dantzan ondo egiten zuena… nola egiten zuen ulertzen saiatu zen arte. Zer da niretzat sorkuntza? Hasteko, sukar moduko bat. Niretzat analogiarik hurbilena mendia da. Mendira joatean, nekatu egin zaitezke, galdu, min hartu, lokaztu, euritan blaitu… Baina osotasunean hartuta horrek guztiak merezi du. Erabat! Arnasa sakondu, paisaia ezkutuak aurkitu, tontorrak eta altzoak, zeure burua gainditu behin eta berriro… Harago. Gorago. Biziago. Sorkuntza etengabeko bilatzea da. Norantz ez dakizu, eta batere ondo ezagutzen ez duzun mapa bat arakatzen ibiltzen zara. Ideiarik ez duzu bide berri bakoitzean urrezko altxorra topatuko duzun… edo basamortu bat baino ez. Dakizun bakarra da bila aritu behar duzula. Hartuko zaituzten eremu soil guztiak zeharkatzeko, eta noizbehinkako oasiak aurkitu (edo sortu!) ahal izateko. Ura edan. Freskatu. Horietan sentitzen naiz bizirik. Oso bizirik. Askotan entzuten da sortzeak min egiten duela. Ez da gezurra. Basamortuak ez direlako gutxi. Eta hala ere, ezin eutsi: bila eta bila jarraitu behar duzu. Neurri batean, XIX. mendeko esploratzaileen modura ibiltzea da (Antton Abbadia barne):  zergatik joaten ziren, esate baterako, Afrikaren arriskura, deserosotasunera, gaixotasunera? Zientzia jartzen zuten aitzakia, baina esango nuke arrazoia funtsezkoagoa zela: abenturaren sua bilatzen zuten. Harago iristea. Harago ikustea eta sentitzea. Azken batean, beste sorkuntza mota baten bila.

Zurentzat zer da idazle bat ?

Istorioak bilatzen ditugu. Guztiok bilatzen ditugu. Ia-ia jaiotzen garenetik. Istorioekin ulertzen dugu mundua. Fabulak, mitoak… Idazleari dagokionez, konpultsio hori bortitzagoa da. Eutsiezinagoa. Hobeto (edo bestela) idazteko teknika asko daude (asko-asko-asko), baina horien guztien aurretik, idazle bihurtzeko, ezinbestekoagoa da obsesioa. Bada jende ugari idazle bikaina izan litekeena, gaitasunagatik, ezaguera edo dohainengatik… baina ez dute hainbeste jasaten idazlearen monomania, eromena eta egoskorkeria itsua. Bilatzeko, tronpatzeko, jarraitzeko, jarraitzeko, jarraitzeko. Autosuntsitzerainoko kalentura. Sortzeko irrika, premia, keria eta gogo bizia. Orduetan eta orduetan. Ondorioz, ez dute sortzeko behar absoluturik. Eta berez ahalko luketen arren, ez dute pausoa ematen. Idazleak ezin ditu begiak itxi. Setak eta lilurak salto egitera eramaten du, batzuetan amildegira bada ere. Zergatik «gaixotasun» hori? Ezta ideiarik ere. Idazteko asko utzi behar duzu bidean… Baina obsesioak hartzen bazaitu, ez duzu aukerarik. Erremedio bakarra sortzea da. Edo ez duzu bizi-taupadarik sumatuko zeure baitan. Urik gabeko arrosa baten moduan zimeltzen zara. Niri pasatu zait. Tarteka horrela geratzea, porru eginda. Barruan lehertzen zitzaizkidan istorioak idazten ez nituen bakoitzean. Idazle izaten jarraitu nahi izango dut. Gehiegi maite ditut taupa-taupa horiek. Erabat bizirik sentitzeko nire modurik gordinena da.

Zer da idazle bat izaitea ?

Niretzat bizitzeko modua da. Egunerokotasunean ez naiz eroso ibiltzen. Oso erraz ahazten zaizkit funtsezko gauza asko, oso erraz joaten zait burua txoritegira, barrutik etengabe etortzen zaizkidan istorioak dastatzera eta antolatzera… Arazo larria izan dut hori urte askoan: nola jardun ninteke lantegi batean, irakaskuntzan… hari bati heltzeko gauza ez banintzen? Ez luzean, behintzat. Edo nola egin gure modernitateak eskatzen dituen hamaika bilera, konpromiso eta egiteko sozial, ez gutxitan hamargarren minututik aurrera fisikoki bakarrik egoten banintzen haietan? Burua beste galaxia batzuetara joaten zitzaidan berehala. Horrelakoa nintzela kontuan hartuta, niretzat idaztea ezinbestekoa izan da. Hor erabili ditzaket nire barruko mundu horiek guztiak! Zorte ikaragarria izan nuen: gorabehera askorekin bada ere, hortik ogia irabazteko modua izatea sekulakoa izan da. Oraintxe, zer da niretzat idazlea izatea? Ikasten jarraitzea. Nola konta dezaket istorio bat hobeto? Modu erakargarriagoan? Nola irakatsi dezaket (batez ere gazteei dagokienez), irakurlea irakurtzen ari denik ere konturatu gabe? Nola lor dezaket irakurlea jolasean sentitzea, aldi berean bere burua janzten ari dela ohartu gabe? (Ikasteko modurik ederrena). Niretzat irakurtzea hori baita: istorio batean erabat murgiltzea. Hori litzateke nire idazle-helburua: irakurlea guztiz murgilduko den mundu oso bat sortzen asmatzea.

Zurentzat zer da literatura ?

Literatura aurpegi ugaridun izakia da. Batzuetan aterpe, batzuetan akuilu, batzuetan dibertsio, edo informazio. Baina batik bat magia. Ilusioa. Indarra. Abentura eta bidaia. Horiekin, beste edozer sar dezakezu. Horiek gabe, adreilu polita lortzeko arriskua duzu. Beti imajinatu dut literatura sutondoan sortzen den magia gisa. Joan gaitezen duela ehun mila urtera. Tribu txiki batean bizi gara. Ehiztariak hor nonbait ibili dira, haragi bila, eta arratsaldean itzuli dira bizilekura. Zaindariak, haurrak, edadetuak… Apurka, denak suaren ondoan biltzen dira. Norbait jaikitzen da. Beharbada ehiztarietatik traketsena, beharbada tribuko emakume zaharrena. Istorio bat harilkatzen hasten da. Egunean zehar gertatutakotik abiatu, eta etorkizunak eta amestasunak ekartzen ditu. Eta tribuak entzun. Eta ametsak elikatu. Eta bizirik sentitu. Hori da niretzat literatura. Istorio gordina. Artifiziorik gabea. Beste nonbaitera eta norabaitera eramaten gaituena, gu konturatu ere gabe.

Zer eragin(ak) ukan zituen literaturak zeure bizitzan, zure izaeran, zure pentsatzeko eran, zure pentsatzeko maneretan... ?

Hasieran, noski, «kontsumitzailea» nintzen. Irakurlea. Haur eta gazte nintzeneko liburuek bestelako mundu batzuk zabaldu zituzten nire buru hasiberritxoan. Geroago, sortzen hasi nintzen. Neuretzat. Nire barruko gose bat asetzearren. Irakurtzen nituen istorio asko modu desberdin batean kontatzeko, edo buruan sortzen zitzaizkidanak azaleratzeko. Konturatu nintzen idaztea ia arnasa hartzea bezain ezinbestekoa zela niretzat. Apurka, ipuinak idatzi eta lehiaketa batzuetara bidaltzen hasi nintzen, lagunen animoei kasu egiteko. Sari txiki batzuk eman zizkidaten. Gehiago idatzi nuen. Hor abiatu zen nire oraingo bidea. Idazten ari nintzen, baina ez niretzat bakarrik, beste irakurle batzuentzat ere sortzen nuen! Horrek, noski, etengabeko autoazterketa batera eramaten zaitu. Istorio bat kontatu nahi duzu, baina gero eta garbiago izanda beste norbaitentzat ere badela. Argi izaten ahalegindu behar duzula, testua ez delako zeurea bakarrik izango. Zeure barneko zirrikituak erabili ditzakezu, baina betiere ulergarri bihurtuta. Literaturak erakutsi didan punturik garrantzitsuenetariko bat, beraz, argia izaten saiatzea izan da. Esan behar dena, ahalik eta komunikagarrien esaten. Funtsari (istorioari) begiratzen, eta artifizioak eta urre-antzeko kimera faltsuak (naturaltasunik gabeko lerroak) ezabatzen eta kontuan ez hartzen. Neurri handi batean, literaturak nire bizitza aberasteaz gain, sinplifikatu ere egin du.

Asmatzen edo sortzen dituzun testuek nola asmatzen edo sortzen zaituzteten ?

Idazteko orduan, edozer idazteko, bilatu egin behar duzu. Ideiak, koloreak, formak. Kanpora eta barrura begiratu behar duzu aldi berean. Kanpora, munduaren ezusteak eta ezagutzen ez duzunak harrapa zaitzan. Bizitzaren adar eta txoko guztiak astindu, eta zer gertatzen den ezagutu behar duzu. Baina barrurantz ere egiten duzu, noski. Eta hor datoz elikagai interesgarrienak. Idaztean, zeure barruko ahotsak ateratzen direnean, batzuetan ez dituzu ezagutzen. Konturatzen zara zeure alderdi batzuk ez zenituela uste bezain mendean. Arrotzak egiten zaizkizu. Zeure barrua zaizu arrotz! Jakina, etengabe aritzen zara kolpeka, ahots horiek guztiak ateratzeko. Badakizulako horrela egiazkoagoak izango direla hitzak. Indartsuagoak. Badakizulako soka hobeak lortzen direla hari horiekin. Eta, arian-arian, ia konturatu gabe, zeure burua hobetzeko tresna ikaragarria da idaztea. Zeuk asmatutako testuak zeurerantz eramaten zaitu. Zeure golkoa hain garbi ikusteak aldatu eta eraldatu egiten zaitu. Ezinbestean. Behin eta berriro ezagutzean, behin eta berriro asmatzen zara. Horregatik bakarrik balitz ere idatziko nuke. Nire izaera kaotikoa kontuan hartuta, ez zait modu hoberik bururatzen!

Asmatzen edo sortzen duzun literaturak nola asmatzen edo sortzen zaitun ?

Zertan aldatu naute sortutako testuek? Filosofo askoren modura, nire iritziak kontu handiagoz erabiltzen irakatsi didate. Zenbat aurpegi gordetzen ditut aitortu nahiko ez nituzkeenak? Zenbat dominatu ditzaket? Ba ote aurpegiren bat ni dominatuko nauena? Testuak adreilu dira, literatura etxea. Etxe horretan sentitzen naiz gustura. Harresiak ez direlako itxiak. Etengabe mutatzen direlako. Etengabe bizitzaren borrokaren erdira eramaten nauelako asmatzeak: denetariko teknikak erabili izan ditut neure barruko ahotsak astintzeko. Beldurraren letaginak ezagutu nahi ditut, plazerak eta tontorrak, zirrarak eta erronkak. Ondo egiten badut, hitzen musika entzutea lortzen badut, gustura geratuko naiz. Bitartean, ez naiz geratuko. Istorioak asmatzen jarraituko dut, neure isla guztiak ezagutu arte. Literaturak behar bezainbeste eraldatzen nauen arte. Bitxia da, baina txikitan irakurtzen nituen musen kontuak gero eta hurbilagoak ditut. Musa horiek xuxurlatuta sortzen zela irakurri nuen. Ipuin polita iruditu zitzaidan. Orain badakit ez dela egiatik oso urruna. Lortzen duzunean zintzo idaztea barrutik ateratzen zaizuna, lortzen duzunean gainerakoen iritziak saihestea eta zeureari heltzea, orduan sortzen duzun literaturak sortu egiten zaitu aldi berean. Eta barruko xuxurla batek aitortzen dizula ematen du. Txikitan entzundako musen kantua ote?

Asmatzen edo sortzen dituzun lekuek edo inguruneek nola asmatzen edo sortzen zaituzteten ? Egonaldia eginez geroz, "Abbadiako eremuak nola asmatuko zaitun" jakinen dugu...

Idazteko, mapa eta motxila behar dira: egitura orokorra bat eta leku ezezagunak bisitatzeko erabakia. Mapak lagundu egingo zaituelako, baina lekuak eta paisaiak berak eramango zaitu egia gordinago batera. Mapa zuzentzera eta gainditzera. Zerbait idazteko orduan, beraz, lehenbizi mapa zehatz bat prestatzen dut. Asko-asko-asko irakurtzen dut gai eta pertsonaien inguruan. Haiek bihurtzen saiatzen naiz. Esate baterako, hori ari naiz egiten Abbadiarekin. Milaka orrialde irakurri ditut jadanik Abbadia eta Abbadiatarren inguruan, haien gurariei eta ekaitzei buruz. Lan mardulak, artikuluak, iritzi handiak eta txikiak… (bide batez, nolako altxorrak dauden liburutegi fisiko eta birtualetan! Anttonek eskura izan balu gaur egun dugun aukera!). Honekin hitz egin, harekin alderatu… Hori litzateke maparen prestakuntza. Ondoren, motxilaren ordua etorriko da. Aurreko adibideari helduz, oso laster (!) Abbadiaren eremuan bertan izango naiz. Handik eta hemendik ikasitako guztia barruan izan, baina belarriak eta begiak luzatzen saiatuko naiz. Hori batik bat. Abbadiaren unibertsoaren zatiak “entzuten” ahaleginduko naiz. Hango txoko bakoitzak nire aurre-maparen datuak aldatuko ditu. Mapa zehatza garrantzitsua zen hasieran, baina oraingoan istorioak hartu beharko du lehentasun osoa. Orduan erabaki behar duzu zein diren erakutsi beharreko datuak… eta ezin baztertu behar diren. Ez da erraza. Dena jarri nahi izaten duzu… baina hori guztiz kaltegarria da (nobela bat lortu ordez, entziklopedia akademikoa lortzeko arriskua duzulako). Jolas horretan, maparen eta motxilaren arteko dantzan, etengabe zabiltza zeure asmamenaren eta ahotsen artean. Itsaso horrek olatu zailak bezain ederrak ditu. Eta hor igeri egitea sekulako pribilegioa da. Nola aldatuko nau Abbadiako eremuak? Oraingoz esan dezakedana da Abbadiatarren unibertsoa aurretik uste nuena baino are aberasgarriagoa iruditzen zaidala. Anaien arteko harremana, grina, gogortasuna, ametsa… Haiei buruz idazteko haiek bihurtu behar dut orain. Musei ideiak proposatu, eta haien erantzuna entzun. Eragin-truke horretan nolako Fernando itzuliko den… amaitu ondoren esan beharko.

Zure sorkuntzan, zer harreman motak dituzu paiasaiekin ?

Paisaiak ezinbestekoak dira… batez ere zentzu zabalean hartuta. Pertsona batekin hitz egitean, nahi gabe ere, haren “energiak” margotzen aritzen naiz nire baitarako. Begiradak, janzkera, ahotsa, ametsak, pizteak eta itzaltzeak… Niretzat, pertsona batekin aritzea paisaia berri baten aurrean egotea bezala da. Pertsona batzuk zelai bare eta berdea dira, brisa fresko batez jantzita. Beste pertsona batzuk ekaitzaren bihotza izaten dira, lehergarriak, kementsuak, arriskutsuak onerako eta txarrerako. Edo basamortuak, erreka bazterrak edo mendi tontorrak. Zer esanik ez benetako paisaiekin. Asko, izugarri gustatzen zait paisaia ezezagunetan ibiltzea. Izadi guneak, hiri modernoak edo zibilizatu gabeak, edo gainbeheran eroriak, euriaz blaituriko itsaso zuri bat… Paisaia horiek barrura egiten dute, kontzienteki eta inkontzienteki. Bat egiten dute zeure izaerarekin. Eta idazteko orduan burutxoa ateratzen dute. Zirrara sorrarazten digun edozer da inspirazio gune. Horregatik, askotan ezkondu egiten dira gune horiek: esate baterako, pertsonak eta paisaiak musika ere badira. Doinu jakin batzuk. Idaztea bera, azken batean, beste era bateko musika sortzea da. Erritmoa, melodia, barruko oihartzuna…Laburrean, beraz, paisaiak erabateko garrantzia dauka nire sorkuntzan. Batez ere zentzurik zabalenean hartuta.

Noiz hasi zinen idazten eta zergatik ?

Ia jaio bezain laster hasi nintzela esango banu… ez litzateke gezurra izango. Oroitzen dudanetik ari nintzen istorioak asmatzen. Edo ez, ez da guztiz zuzena. Ez nituen asmatzen. Barrutik ateratzen zitzaizkidan etengabe. Nora begiratu, hara bide desberdinak, fantastikoak. Txikitan zuhaitzekin hitz egiten nuen, gauarekin, nire irudimenak sortutako hamaika izakirekin. Horregatik, ezingo nuke zehaztu noiz “bihurtu” nintzen idazle, betidanik ibili naizelako asmatzen… idatzi aurretik bazen ere. Paperean hasi nintzenean (berezko idazle esan daitekeena), gaztea nintzen. Nerabea. Nire penak, ez-jakintzak, zalantzak… eta neskak. Horiek guztiak ziren nire gaiak. Neuretzat idazten nuen. Ez neukan inori erakusteko asmorik. Poesiak zirriborratzen nituen, ipuintxoak… eta betiere kaxoi batean sartzeko. Idazteak elikatu egiten ninduen. Batzuenta lasaitu, bestetan aztoratu. Baina beti suspertu. Beti beste era batzuetan begiratzera animatu. Apurka, ipuintxoak luzatuz joan ziren. Ugarituz. Lagun batek baino gehiagok ipuinak “munduratzera” animatu ninduen. Zergatik ez erakutsi? Zergatik ez argitaratu? Ni ez nengoen ziur. Nire kontuak ziren! Nire ametsak. Erakutsi nahi al nituen? Gutxi batzuk bidali nituen… eta sekulako ezustea jaso nuen. Saritu egin zizkidaten. Gehiago eskatu zizkidaten. Eta ipuinen kaxoia husten joan nintzen. Liburu bat etorri zen, bi, lau… Konturatu nintzen idaztea zer zen sakondu behar nuela. Idazteko hamaika tresnak eta bideak ezagutu nahi nituela. Barruko istorioak ahalik eta ondoen erakusteko. Apurka, idazle nintzela erabaki behar izan nuen. Ez baizen berehalako mugimendua. Idazten nuen, liburu argitaratuak nituen, baina ez nintzen idazle sentitzen. Orain, urte batzuk igaro ondoren, neure buruari esan diezaioket, azkenean: zer demontre naiz idazle ez banaiz?

Gehiago jakin: