EATB-ko artxiboak

EATB ipar Euskal Antzerki Taldeen Biltzarrearen xedeetariko bat zen artxiboak biltzea. Lana Heletako egoitzan hasi ondoan, arduradunek erabaki zuten artxiboak Euskal kultur erakundeak bere gain har zitzan. 2008az geroztik, EKE-n dira.

EATBko artxiboak Euskal kultur erakundean. Arg. Maite Deliart (EKE)
EATBko artxiboak Euskal kultur erakundean. Arg. Maite Deliart (EKE)
Hasiera

Antzerki testuen biltzeaz eta prentsa agirien zaintzeaz, gehienik arduratu zen Daniel Landart. Jakinik Mayie Choribit hazpandarrak, Janamari Malharin andereak eta Eskualdun Gazteria kristau gazteen elkarteak antzerki obrak bazeuzkatela, haietarik eskuratu zituen ale zenbait.

Geroago, 1981ean, Heletako auzapezak onartu zuen EATB Iparraldeko adarrararen egoitza soziala udaletxean izan zedin. Hitzarmen bat izenpeturik, artxibategi txikia baita jokalarien jantziak bertan ezarri zituzten.
Frantses Gobernuak, 1982an, eman diru laguntza bati esker, Menane Oxandabaratz-ek, urte batez, EATBrentzat lan egin zuen idazkari gisa, batez ere artxibategia osatuz eta argazkiak bilduz.
Garai hartako dokumentuen arabera, 136 paperezko antzerki testu bazeuden Heletako udaletxean.
Gero, urteak jin, urteak joan, beste hameika kezkari ezin buru eginez, eta aitor dezagun, elkartekide oso guti izanez, ez zen inor, zorigaitzez, artxibategiaz behar bezala arduratu.
Gehiago dena, taldeetako jokalariak zuzenean joaten ziren Heletako artxibategira, eta aldiro, bizpalau testu hartzen zituzten, hitzemanez itzuliko zituztela, baina batzuen ezaxolkeriaz, asko antzerki testu desargertu dira.
Egoera deitoragarri hura ikusiz, EATB-ko azken arduradunek galdegin zioten Euskal Kultur Erakundeari artxibo haien bere gain hartzea. Eta beraz, 2008az geroztik, EKE-n dauzkagu.

Zer dago gaur EATBko artxiboetan?

  • Paperezko testuetan 60 obra. Idazle batzuren izenak, adibide bat emateko: Lafitte, Iratzeder, Dufau, Guilsou, Larzabal, Monzon, Landart, Etxaide, baina obra batzuk anonimoak dira, hain segur ere itzulpenak daitezke edo arramoldaketak. 
  • Argazkiak, talde ezberdineko antzerkilari batzurenak.
  • Artikuluak, euskaraz eta frantsesez, Herria, Herriz-Herri, Argia astekarietan agertuak, baita Basque-Éclair eta Sud-Ouest kazetetan.
  • Zinta grabaketak eta bideoak, halaber Maite Barnetche zenak FR3 frantses telebistako 3. katearentzat egin bizpahiru emankizun.
  • Artxibo horietan daude ere garai hartako propaganda paperak, kartelak, eskuprogramak, 1984tik 1994 arte antolatu zuten "Galarrotsak" festibalaren egitarauak, etb. Ahaztu gabe, EATB elkartearen administrazioko papereria nasaia.

Dokumentu horiek guztiak nahas-mahas daude, sailkatu eta txukundu beharrekoak.

Beste artxibo batzuk

Euskal Kultur Erakundean dauden artxiboez bestalde, non aurki ditzakegun antzerki testuak eta dokumentalak:

  • Gure Herria aldizkariak argitaratu zituen Jean Barbier, Léon Léon, Piarres Lafitte, Etienne Salaberry, Piarres Larzabal, Paul Guilsou apezen obra batzuk (1922 eta 1975 bitartean).
  • Elkar argitaletxak Piarres Larzabalen 42 obra, Piarres Xarriton euskaltzainak biduak. Lehen bi tomoak agertu ziren 1991ean, beste biak 1992an.
  • Monzonen obra osoa ere argitaratuta dago.
  • Egan aldizkariak, bere aldetik, Landarten hiru obra.
  • Eusko Jaurlaritzako Antzerti Zerbitzuak ere Iparraldeko idazleen lanak argitaratu zituen, hala nola: Landart, Guillaume Irigoyen, halaber Maitz argitaletxeak ere aspaldian toki bat ematen die antzerki testuei.
  • Kutxak: Antton Luku, Pantzo Irigaray, Mattin Irigoyen, obra saristatuak.
  • Ikas Pedagogia Zerbitzuak haurrentzat idatzi antzerkiak badauzka, hala nola Kattalin Sallaberryrenak.
  • Bideo sailean Aldudarrak Bideo sozietateak antzerki asko grabatu ditu.
  • Pirineo-Atlantikoetako Departamenduak 2011tik daraman artxibo soinudun eta ikusentzunezko numerizazio programan, grabaketak badaude (antzerkiak, "Galarrotsak" festibala, etab.).

Zerrenda luzatzen ahal genuke…

Baina jakin behar dena, Eugenio Arozena Oiartzuarra aspaldian hasia dela, Iparraldeko dokumentuen grabatzen eta digitalizatzen. Hark dauka, gaur egun, altxorrik osatuena.

Daniel Landart, bere aldetik, 2014an ikerketa lan baten bukatzen ari da: Komediaz komedia Lapurdin eta Baxenabarren. Bi zati dauzka: Herria astekaria ikertuz (1945-1965) eta Oroitzapenak gogoratuz (1966-1995). Euskal antzerkiaren 50 urteko historia, xehetasun andana batekin.