Marko Armspach

Marko Armspach

"14 urterekin jada, banekien irakurtzen nituen istorioak, nik marraztuko nituela noizbait"

  • LaukitikAt
  • 2020/01/31
  • Hizkuntza: Euskara

"Marko" marrazkilari izena gaztetik aukeratu zuen Marc Armspach (Bordele, 1969)  artista Baionesak; 14 urterekin jada argi zuen, hark ere istorioak marraztuko zituela, miresten zuen Franquin egileak bezala. Hamar urte beranduago Parisen lortzen zuen lehen lana Babar elefanteen estudioan. Gaur egun, bizpahiru komiki sortzen ditu urtean Frantziako argitaletxe ezberdinentzat. Uztaritzeko bere tailerean, komikiaren urtea izendatu den 2020  hastapen honetan, lanean karraskan baina denbora hartzeko gogoz harrapatu dugu Marko.

Haurtzaroan, albumak ikusi eta arkatzak eskatu diezu burasoei marrazten hasteko?

Arkatz bat eskuan sortu naizela erraten didate beti... Espero dut amarentzat ez zela horrela gertatu, min hartuko zen bestenaz... Seriosago, bai egia da, betidanik izan dut nahi hori, gaur egun oraindik ez dakit nondik datorren. Dakidana da 14 urte ditudanetik marraztea izan dela nire helburu finkoa, irakurtzen nituen istorio horiek, noizbait nik marraztuko nituela banekien, jakin gabe zer ofizio zen, jakin gabe nire biziaren bilakaera nolakoa izango zen... Hastapenean, Spirou eta horrelakoak irakurtzen nituen; nire anaiak aldiz Estatu Batuetako komikiak zituen gustuko; Strange eta Marvel etxekoak irakurtzen zituen, baina hori ez zen nire mundua... Nerabe, etxean nituen komikiak mozten  eta ikasten nituen, jada banekien ikasi behar nuela, zerbait egiteko. Orduan biñetak mozten nituen, koadro orokorrak, koadro hurbilak, onomatopeiak ikasten nituen. Garai hartan ere, egileen sinadurak ikasten eta berregiten nituen (irriak); oraindik gordetzen dut egileen sinadurekin osatu nuen liburu hura! Ez nekien orduan, urte batzuen buruan, marrazkilari horiekin harremanetan egonen nintzenik.

Elkarrizketaren bideoa

Kontaiguzu zure ibilbidea.

14 urterekin jada, banekien irakurtzen nituen istorioak, nik marraztuko nituela noizbait.

Gaur, gazte bat etorriko da estudiora nire lana hurbilagotik ezagutzera eta hori erranen diot: "Pasio bat, gogo bat duzunean, ez da nahikoa gogoa edukitzearekin bakarrik, motibazio handi bat behar duzu, eta hura, soka luze bat bilakatuko da zure ibilbidean, soka finkoa, zeinen gainean bermatuko zaren aitzinatzeko". Lana, lana eta lana behar da, egiten dena ikusi eta besteei motibazio handia erakutsi behar diezu ere; ez duzu bidea bakarrik egiten, inguruan duzun jendea erakarri behar duzu zure mugimendura. Nire funtsezko gogo bat izan da hasieratik, baina ez naiz bakarrik egon. Lizeoko arte irakasle bat nire atzetik egon zen garai batean, nire burasoak ere hor egon dira beti. Hori izan da lehen urratsa. Bigarrena, nire familia da, nire emazteak lagundu nau asko, berak lan finko bat edukiz, lan honetan ditugun gora beherak gainditzen lagundu nauelako.

Eta formakuntza?

Pasio bat edukitzea ez da nahikoa, motibazio handi bat behar duzu, eta lana eta lana behar dira.

Ez dut formakuntzarik eduki. Nirekin motibazio izeneko soka luzea nuen... Lizeoan, arte eta literatura sailean hasi nintzen baina ez nuen bukatu, ez nuen brebeta eduki ez eta baxoa. Noizbait erran zidaten Pauen bazela eskola berezi bat guztiz egokia niretzat, "Arte ederrak" eskola. Baina hori ere ez nuen bukatu izan ere Parisen onartu ninduten marrazki bizidunetan lan egiteko eta Les GOBELINS eskolan parte hartzeko. Azken horretan ez nuen segitu ez baitzen ongi pasatu hango nagusiarekin. Aldiz, hor erakutsi nuen motibazioari esker, nirekin zegoen mutil batek gonbidatu ninduen bere lan estudiora. Hamar egunen buruan, Pariseko estudio bateko azken solairuan nengoen nire lehen marrak ikasten egiazko marrazkilari mahai baten gainean; eginez ikasi dut beti eta horrela funtzionatzen segitzen dut, lankideekin beti. 

Zein izan da zure lehen lan ordaindua?

Orain aipatu dudan Pariseko hura izan da, Babar elefantea marrazki bizidunaren lan taldean. Gero armada egitera deitu nindutenean, kontzientzia eragozle gisa sartu nintzen Haize Berri elkartean Izuran eta bertan muntatu nuen nire lehen ateliera. Lehen afixa egin nuen Iparrokentzat, garai hortako barnealdeko festibalarentzat. Gero denetarik egiten nuen hor, kartak, afixak, ...

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Eta Napartheid?

Napartheid bidegurutze handi bat izan da nire bizian, bertan ezagutu ditudalako marrazkilari eta lagun famatu eta maitagarriengatik noski, baina ez bakarrik. Napartehid izan da Euskal Herriko kultura eta mugimenduarengana hurbildu naizen garaia. Hor ikasi nuen euskara eta hemengo marrazkilarien mugimendua eta indarra ezagutu nituen ere; zenbat gauza sor daitezkeen hemen, eta zein energiarekin. Horren erakusle, duela gutxi marrazkilarien izenpetze zabal bat antolatu dugu Baionan, eta horretarako deitu ditudanean, duela 30 urte ezagutu taldekide guzti horiek baietz erantzun didate berehala, energia hori hor dago beti. Duela 30 urte Naparteheidekin ezagutu dudan momentua handia izan da niretzako, bai.

Napartheid bidegurutze handi bat izan da niretzako.

Bestalde, Napartheid garaian eta beranduago ere, kontatzen genituen istorioak Euskal Herriaz, politikaz, presoei buruzkoak, errepresioaz, Euskadi eta Askatunari buruzkoak ziren ia beti. Gaur egun atera gara gai horietatik, egileak edozein gaiez ari gara. Ikusten da gaur egun marrazkilariak kanpoan ari direla ere, irekitze handi bat izan da... Irekitze hori ez zen gauzatzen ahalko energia handi bat izan ez balitz hastapenetik.

Nola sortzen da komiki bat?

Goiz honetan Interneten ikusi dut komiki hutsak ateratzen hasi direla, alegia, marrazkiak dituzu eta zuk bete behar dituzu burbuilak, zure istorioa sortuz… Gure lana ez da hori, gure lana ez da bakarrik binetetan marrazkiak sortzea. Sekulako lana eta prozesu zabal bat dago komiki baten atzean. Prozesu hori segitzen dut nik, lehenik testua ezagutuz, gero horren inguruko dokumentazioa, informazioa bilduz, egileen arteko harremana edukiz, erran nahi dugunaz, ideiak adierazi nahi ditugun moldeaz, eta guzti hori. Izan ere komikien egiazko hizkuntza bat dago, hori jakin behar da, ni gidoilari ezberdinekin ari naiz eta harreman ezberdinak ditut bakoitzarekin, lan molde ezberdinekin. Anitzetan, testua hartzen dut, lehen marrazkia egiten dut, onarrarazten dut, eta hura behin onartuz geroz, bukatzen dut guztia marrazten. Aldiz, Le jour où le bus est reparti sans elle komikiarekin, ez da horrela gertatzen; testua pasatzen didate, elkarrekin hitz egiten dugu, adierazi, pasarazi nahi dugunaz, ondotik nik marrazten dut, bukatzen dut nire marrazkia, asumitzen dut nire lana eta erakusten diet. Ados bagara, bai marrazkiarekin, estiloarekin eta bai eta ere intentzioarekin, ongi pasatzen da, onartzen da eta segitzen dugu. Beste gidoilariekin, testua dut, zirriborroa egiten dut, onartzen da edo aldatzen da eta bukatzen dut. Azkenik, hirugarren pausu bat bada, koloristarena. Inportantea da jakitea komikia hiru pertsonekin egiten dela: gidoilaria, marrazkilaria eta kolorista. Koloristak ekartzen du beste irakurbide bat, beste dimentsio bat, eta gaur egun dugun borroka, haien lana baloratzea da.

Zenbat denbora behar da komiki bat bukatzeko?

Komikigintza merkatu bat da. Nik batzuetan artistaren kasketa jartzen dut eta bestetan ere komertzialarena. Gero lan egin behar dut epe laburretan, urtero album bat atera behar dut. Orain, lanbide honetan 30 urte betetzen ditudanean, nekatua sentitzen naiz, azken bi urteetan bereziki nekatua naiz. Garai hauetan, hitz egiten ari garen egun hauetan hain zuzen, pentsatzen ari naiz nire albuma ez bada ateratzen heldu den urtean, mundua ez dela lehertuko, badago beste arazo larriagorik! Erran diet jada argitaletxekoei ez naizela epeetan izango. Baina printzipioz erraten da album batek urtebeteko lana eskatzen duela.

Ordenagailuan lan egiteagatik, begiak funditu ditut, gorputza eta eskua kurubilkatu zaizkit eta konfiantza galdu dut.

Nik gainera ez dut album bat egiten bakarrik, parte hartzen dut beste albumetan, lagun batzuk laguntzen ditut, beti proiektu ezberdinak ditut esku artean. Bestetik hemen atelieran, marrazteko lekua da, baina etxean beste leku bat dut ere idazteko, atzo justu egokitu nuena. Duela 30 urte nuen energia ez da gelditu, akituago naiz, baina ez da gelditu, nahia hor dago beti. 

Marko marrazkilariak bere burbuilak bete ditzake orduan noizbait?

Bi lan ezberdin dira eta momentuz aski dut marraztearekin beste zerbaitetan egiteko. Testua beste zerbait da, baina nire burua konfrontatu behar dut noizbait momentu honekin, leku berezi batean, marrazkirik gabe, musikarik gabe, irudirik gabe, bakarrik, nire paperaren aitzinean idazteko. Horrek ez du erran nahi album bat idatziko dudanik, baina konfrontazio hori nahi nuke. Errango nuke ez naizela idazten hasiko niretzako beste mundu bat delako. Ohartu naiz ere, idazten hasi naizenean noizbait, irakurri behar izan dudala asko eta asko. Eta gaur egun ez dut nahiko astirik behar den bezala zerbait idazteko. Hor adibidez testu txiki bat idatzi behar dut eta eta hemen estudioan ezin dut. Istorio txiki batzuk nahi nituzke idatzi ere, baina ez dut astirik, lan gehiegi dut marrazkigintzan gaur egun.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Marko marrazkilaria non da ezagunago? Euskal Herrian, Frantzian? 

Marrazkilari edo gidoilari batentzat ez dago proiektu handirik hemen bizitzeko.

Errango nuke energia hemen, Euskal Herrian hartzen dudala, entseatzen naiz hemengo energian parte hartzen ahal bezain bat. Baina bizi behar da, jan behar da ere eta diru gutxi da hemen, bereziki marrazkilarientzat, nahiz eta gauzak emeki emeki aldatzen ari diren. Marrazkilari edo gidoilari batentzat ez dago proiektu handirik hemen bizitzeko. Batzuek Euskal Herrian egoteko eta euskaraz lan egiteko hautua egin dute, beste batzuk ez. Nik zabaltzeko hautua egin dut eta horrela gertatu da, kontaktuak banituelako kanpoan. Agian horrek ere, kanpokoei Euskal Herriaz beste ikuspuntu bat ematen die. Gero, interesgarri litzateke jakitea nork irakurri nahi dituen komikiak euskaraz Euskal Herrian orokorrean? Badakigu antzerkiak, bertsuak, dantzak edo kantuak ongi funtzionatzen dutela hemen, baina komikia zailagoa da. Halere hasten da, argitaletxeak agertzen dira, mugimendu bat badago eta marrazkilari asko atxikitzen dira hemen zerbait egin nahi dutelako; hemen gelditzen diren heinean, hemen sortzen dute eta hori garatzen ari da segur.

Burbuilez kanpo, Kukuxumusutik Mike Oldfiel-era… zure lankidetzak aipa ditzagun.

Ez naiz komiki egile arrunt bat, ni marrazkilari bat naiz. Betidanik gustatzen zait afixak, "stripak" edo karikaturak eta abar egitea. Berriki egin ditut ilustrazioak Claude Labat-en azken liburuan. Beti izan dut besteekin lan egiteko gogoa eta sare handia osatu dut ondorioz. Internet gure bizian sartu denetik mundura zabaldu da sare hori eta horrela ezagutu nuen Olivier Lebras, San Diegon bizi den laguna eta Mike Oldfield-zale handia. Honek, artistari buruz sortu duen webgune ez-ofizialean hasi nintzen egunero marrazki bat egiten. Beti sortzen dira hari batzuk jendea harremanetan sartzeko eta bide berriak zabaltzeko. Kukuxumusun sartzeko asmoa ere aspalditik nuen baina zaila izan zen hastapenean; beharrik Asisko Urmeneta laguna hortik pasa zen eta haren bidez nire lan bat proposatu nuen behin, gero beste bat eta horrela gertatu zen, gero hamar, hogei. Agian sortze mailan ezatu ditudan hamar urte interesgarrienak izan ziren ilustrazio aldetik. Askatasun osoa genuen, marrazkilari gisa pisu berezi batean ginen, nahi genuena egiten ahal genuen eta inguruan genuen lan taldea oso ona zen, bai komertzialak, salmentak... Istorioa bukatua zen baina niretzako handia izan zen. Gainera Kukuxumusuren arrakasta nazioartean kontutan harturik, bertako marrazkilari bat izateak bazuen harro izateko puntu bat.

Marko estilo bat badela erran daiteke?

Nire estiloa kokatzen da Franquin-en eskolaren inguruan, baina ez dut uste nire estiloa denik. Aldiz, Le jour où le bus est reparti sans elle albumean, errango nuke nire estiloa dela gehiago. Gero, ez dakit nire lana aski ezaguna den, norbaitek, egin dudan beste marrazki bat ikusi eta nire estiloa ezagutzeko, ez dut uste.

Markoren marrazki ugari ere ikus daitezke sare sozialetan... Teknologia berriak lanbidea aldatzen ari dira?

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Xantier handi bat zabaltzen duzu hor. Bai egia da, sare sozialak gure bizian eta nire bizian sartu dira bereziki. Gero eta gutxiago parte hartzen dut baina azken hamarkadan erran daiteke egunero marrazkiak zintzilikatu ditudala hamar sare sozial ezberdinetan. Gaur egun oraindik Instagram, Twitter edo Facebook-en nago oraindik. Horietan, edukiak etengabean sortu behar dira, egun batez deus zintzilikatu gabe egoten bazara, hilko zarela sentsazioraino iritsi arte. Eta ez, ez gara hiltzen. Gertatu zait ere marrazki bat egitea goizean eta hamar minutuen buruan kentzea inork ez zuelako ezer erantzun. Harritzen naiz batzuetan zein zikloan sartu naizen ikustean, zertarako egiten dudan hori... Batzuetan nire plazerarentzat egiten dut bakarrik; ez dut pipatzen orduan marrazten dut. Katuaren GIF animatuak egiten ditut hamar minutu baino gehiago ez didatelako hartzen. Nonbait, mundu honetan bizi naizela erakusteko egiten dudala uste dut ere.

Garai batean, egunero, hamar sare sozial ezberdinetan zintzilikatzen nituen marrazkiak.

Bestaldetik, ordenagailuen erabilerari doakionez, hemen estudioan ukan nituen hezetasun arazo handien ondorioz baztertu behar izan nituen papera eta tinta, eta hor hasi nintzen ordenagailu bidez marrazten. Lehenik eskua, gero besoa eta azkenean lan guztiak egiten ditut modu honetan. Eta gaur egun ohartzen naiz horrek dituen bi ondorio nagusiez. Lehenik, asurantza galdu dut; lehen, papera, pintzela eta tinduarekin, eskuz egiten nuen lehenbiziko marra onartu behar nuen eta kitto, ez nuen erraz ezabatzen ahal, orduan beste konfiantza bat, beste kontzentratzeko modu bat zen. Orain aldiz, egin, ezabatu, egin ezabatu, marra bat hamar aldiz errepika dezaket, gustatu arte. Konfiantza hori galdu dut. Bigarrenik, beste gorputz postura bat hartzen da ere pantaila aitzinean. Paperaren gainean, marrazkiak bere neurriak ditu eta horiek marrazteko, postura zabala eduki behar dut. Aldiz, pantaila batekin, marrazki hura, nahi heinean handitu dezaket eta ondorioz, nire eskuen eta hatzen mugimendua askoz txikiago da, zentimetro bateko marrak egiten ditut. Horrek, ondorio ezberdinak ekarri ditu: begiak funditu ditut, gorputza eta eskua kurubilkatu zaizkit eta nik uste konfiantza galdu dut. Horrek beldurtu nau. Orain, gero eta gehiago kenduko nuke parte hori baina zaila da, merkatuan naizelako eta ordenagailuz egiten hasi naizen komikien segida errespetatu behar dudalako. Ezin dut bat-batean aldaketa egin. Horregatik Claude Labatekin egin dudan azken lana, sorginkeriaz, absolutuki eskuz egin nahi nuen, akuarela erabiliz paper gainean, ohitura eta konfiantza berpizteko.

Eta Vivre avec?

Vivre avec? (irriak) Nola sortu den azaltzeko, errango nuke marrazkilari batekin bizitzea ez dela beti gauza erraza, bereziki egunerokoa partekatzen dutenentzat. Orduan hastapenean besteari lekua berriz emateko modu bat bezala sortu zen, bestea argian emateko. Hasi nintzen Vivre avec un dessinateur (marrazkilari batekin bizi) sailarekin, nire lagunak nire ondoan bizi duena agertzeko. Hori egiten nuen dohain, egunero, plazerarentzako. Gero nonbait ere, familia terapia bat bilakatu zen, bai egiazki! Gero Facebook-en lortu zuen arrakasta handia ikusirik, sare sozialetako jarraitzaileei bikotekidearen ogibidea galdegiten nien eta pixkanaka Vivre avec saila agertu zen.

Nolakoa da marrazkilari baten egunerokoa?

Komikigintza merkatu bat da. Batzuetan artistaren kasketa jartzen dut eta bestetan komertzialarena.

14 urterekin ez nuen batere aurreikusten zenbat denbora pasako nuen kanpoan lan honetan. Uste nuen marrazkilariak atelieran lan eginez pasatzen zuela eguna, ez da batere horrela. Promozio anitz egin behar da, bereziki hastapenean, zure lehen albumak ateratzen dituzularik, kasik astero atera behar duzu etxetik, urtean hogeita hamar bat aldiz. Familia batzuk lehertzen dira ere momentu horretan, izan ere bikoteak ez du erritmoa soportatzen. Orain, ni gero eta gutxiago ateratzen naiz. Bestetik, ni ez naiz artista handi bat, ez naiz inspirazioa noiz nahi heldu eta edozein momentuan lan egin dezaketela erraten duten horietakoa. Ni, gaur egun, goizeko 6:30etan jaikitzen naiz, 7:00etan atelieran naiz, marrazten dut eguerdi arte, gero arratsaldean, 18:00ak arte ari naiz lanean eta gero hesten dut ateliera. Nire lan errutina badut. Aldiz beti ditut liburu batzuk etxean eta kaier batzuk ere, edozein momentuan marrazteko. Ez da horrela izan hastapenetik, prozesu bat izan da, gaur egun horrela da. 

Eta marrazten ez duzunean?

Lo egiten saiatzen naiz, izan ere momentu honetan goizeko 3:00etan esnatzen naiz, burumuina pizten zait eta ohe ondoan dudan kaierean marrazten dut agertzen zaidan ideia hori. Orduan denbora librean, buruan ditudan ideiak bakean uztea nahi nuke, burumuina pausatzeko. Marrazten ez dudalarik inguruak begiratzen ditut ere, tresna handiak diren nire begiak erabiltzen ditut asko. Eskua zaindu behar dut bestalde izan ere nire lan tresna bakarra da eta jadanik arazoak izan ditut. 25 urtez etengabean erabiliz, eskua akitu zait eta gainera informatikak egoera okertu du. Mendian ibiltzea maite dut ere, familian egotea. Hastapeneko urte gogorren ondoren iritsi da orain, denbora familiari itzultzeko garaia, mendira joanez adibidez. Garai batean bonsaiak zaintzen nituen ere bai, kanpoan ikus daitezke. Bestalde irakurri nahi nuke, irakurri eta pausatu. 

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Norbaitekin lan berezi bat egin nahi zenuke?

Orain, nahi nuke gazte garaiko amets sinple hori bete, haurren ikuspuntua berriz atzeman.

Claude Labatekin nahi nuke zerbait egin, komiki bat alegia. Ari gara zerbait pentsatzen jada, arazoa da ez dakigula noizko eta nola, lanez gainezka gaudelako. Bestalde ere gogoeta batean nago murgilduta, alegia zer bilakatu da 14 urterekin nuen nahia? Nahi nuke gazte garaietan nuen amets sinple hori bete berriz gaur, haurren ikuspuntua berriz atzeman. Hori bilatzen dut album bat egitea baino. Ateliera honetan ikus dezakezu, 14 urte nituenean Franquin egileak izenpetu zidan Gaston Lagaffen marrazki bat, honelako hitzekin: "Un grand bonjour Marc, Franquin 1983". Horrek piztu zuen nire nahia eta momentu hori dut xerkatzen orain, zeinean marrazkilari izateko, nire ametsa betetzeko aukera sentitu nuen, deus jakin gabe ondotik zetozen lanaz, zailtasunez, diru arazoez eta abar. Haurtasun hori, inozentzia hori atzematen saiatzen naiz.

Onartuko ez zenukeen lan bat?

Bai badira, baina lehenik saiatzen naiz gustuko ez dudan gai hori interesgarri bilakatzeko ikuspuntu bat bilatzen. Adibidez, gerla eta armada ez dira berez gustuko ditudan gaiak, baina Les Godillots proiektuan atzeman dudan ikuspuntuarekin pozik naiz, balio zuen egiteak.

Ondare immateriala garrantzitsua da zuretzat? Zer gorde, zer ez?

Orain marrazki guztiak birtualak dira, denak, bits, octet, megapixel batzuk baizik ez dira, hori da nire ondare immateriala!

Berriz ere informatikaz ariko naiz izan ere segurtasuna eta osasuna galtzeaz gain, nire lan originalak ere galdu ditut! Orain dena birtuala da, nire marrazki guztiak birtualak dira. Denak, bits, octet, megapixel batzuk baizik ez dira, ez da gehiago paperik. Beraz hori da nire ondare immateriala! Aldiz duela gutxi Komikigunea ireki dute Donostian, egiazko biltegi batekin eta dei bat zabaldu dute Euskal Herriko komiki funtsa bat sortzeko. Nik 1200 originala eman ditut, Asiskok 800 eman zituela jakinik, gehiago eman behar nituen (irriak)!

Bukatzeko galdegin ez dizudan gairik aipatu nahi zenuke?

Ez dut deus gehiago gehitzeko, milesker etorririk.

Elkarrizketa gehiago

Sabine Cazenave

Sabine Cazenave

"Museoa horretarako da, haria ez apurtzeko, iragana, oraina eta deus ez dakigun etorkizunaren artean, eragile tinkatua da"

Polo Garat

Polo Garat

"Irudia, adierazpen modu bat da, nire haserreak agertzen ditut iruditan, nire maitasun kontuak, nitaz ari naiz nonbait"

Maddi Ane Txoperena

Maddi Ane Txoperena

"Hedabideak ez dira komunikatzeko bakarrik, diskurtsoak, errealitate bat sortzeko gaitasuna ere badute"

Elkarrizketa gehiago