EKE-k euskal zinemarekin bat egiten du kultur ekitaldiak ber abiatzeko garaian

2021/06/09

Badu zenbait urte euskal zinema Euskal kultur erakundearen lehentasun nagusienetarik bat dela. Maiatz bukaeratik ikusleak zinema geletara itzultzen ari direlarik, uda honetan euskal zinemaren arloan antolatuko diren hainbat ekitaldi EKE-ren partaidetzarekin aurkeztuko dira.

EKE-k euskal zinemarekin bat egiten du kultur ekitaldiak ber abiatzeko garaian

Joan den maiatzaren 19ko zinema gelen ber idekitzearekin, Euskal kultur erakundeak koordinatzen duen irudi hezkuntzarako Zineskola dispositiboa berriz bultzatu du Iparraldeko 43 herritako 92 ikastetxe parte hartzaileengan. Horrela, ekainaren 29a arte, 5 200 ikaslek Arratoi pirata, Kérity eta Lur eta Amets filmak ikusteko parada dute lurraldeko hamar zinema gelatan.

Bestalde, EKE-k euskal zinemaren hedapenerako ekartzen duen laguntzari esker, izan zinema festibalen edo euskal zineari dedikatu gaualdien bidez, publikoen eta filma egileen arteko topaketak bultzatzen ditu.

Halaber, Atalante zinema gelak urtero antolatzen duen zinema independenteari eta sorkuntzari buruzko "Rencontres sur les Docks – Docketan Topa" ekitaldi nagusia sostengatuko du, ekainaren 23tik 26ra. Usaian bezala, festibal horrek toki zabala eskainiko dio euskal zineari, jardunaldi profesional batekin - Hemendik egonaldia barne - edo Nora eta Akelarre filmen estrenaldien karietara Lara Izaguirre eta Pablo Agüero egileekin antolatu topaketa batzuekin, bi film hauek Jokin Etcheverriak sortu "La Fidèle Production" ekoiztetxeak laguntzen dituelarik. Bestalde, Iratxe Fresnedak Irrintziaren oihartzunak dokumentala bertan aurkeztuko du ere, emazteek euskal zinean duten tokia galdezkatuko duen mahai ingurua aitzin.

Halaber, EKE-k film batzuen aurkezpen birak lagunduko ditu ere, egileen presentzian iraganen diren gaualdi berezi batzuen bidez. Horrela, Txaber Larreategi eta Josu Martinezen Caminho Longe dokumentala Baionako Atalante gelan ikusgai izanen da ekainaren 18an, eta ondotik gure lurraldeko hainbat zine gelatan ibiliko da (emanaldien agenda ikus); Pablo Agüeroren Akelarre filmaren estreinaldia Donibane Lohizuneko Le Sélect gelan programatua da, ekainaren 27an; eta hainbat aldiz saristatua izan den Oskar Alegriaren Zumiriki filma Donibane Lohizuneko Le Sélect (uztailaren 9an) eta Mauleko Maule Baitha geletan (uztailaren 10ean) aurkeztua izanen da ere.

Eta azkenik, euskal zinemaren bizkortasuna erakusten duen datua: uda bukaeran, hiru euskal film Frantziako pantailetan ikusgai izanen dira: Pablo Agüeroren Akelarre agorrilaren 25etik goiti, Eugène Greenen Atarrabi eta Mikelats irailaren 1etik goiti, eta Lara Izaguirreren Nora irailaren 8tik goiti. Film horiek Iparraldean antolatuko diren zine gaualdi berezi batzuetan aurkeztuak izanen dira Euskal kultur erakundearen laguntzarekin.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)