Zineskola: filmekin ikasi

2026/02/18

Euskarazko kultur ateraldi huts bat baino gehiago, Zineskola egitasmoak haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako irakasleei, kalitatezko film baten inguruan sekuentzia pedagogiko bat eraikitzeko aukera eskaintzen die. Helburu horrekin, irakasleei formakuntza egun bat eskainia izan zitzaien joan den urtarrilaren 28an. Egitarauan, egitasmoaren baitan aurten proposatuak diren bi filmen (Kerity, ipuinen etxea (CP-CM2) eta Laban, mamu txikia (haur hezkuntza) inguruan gelan lantzeko eskuragarri diren tresna pedagogikoen ezagutza.

Zineskola: filmekin ikasi
CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

Tresna horiek hainbat egituren arteko elkarlan estuaren emaitza dira: Euskal kultur erakundea, irakaskuntza publikoko, katoliko pribatuko eta Seaskako aholkulari pedagogikoak, MadamaK kolektiboa, Cinéma & Cultures eta IKAS euskal pedagogia zentroa.

Euskal kultur erakundearen helburua, irakasleei jarduera batzuk proposatzea da, ikasleekin proiekzioa prestatzeko eta zinema ateraldiaren ondoren filma lantzeko aukera ukan dezaten.

CC-BY-SA - ICB - Lucie Lohier
CC-BY-SA - ICB - Lucie Lohier

Aurtengo bi filmentzat (Kerity, ipuinen etxea, eta Laban, mamu txikia), aitzineko lanketa hiru galderen inguruan antolatua da: Nortzuk dira pertsonaiak? Non eta noiz gertatzen da ekintza? Zein dira kontakizuneko gertakariak?

Galdera horiei erantzuteko eta filmari buruzko hipotesiak eraikitzeko, hiru elementu nagusiren inguruko jarduerak proposatuak dira: afixa, trailerra eta pasarte bat edo gehiago. Filmeko hiztegia lantzeak, irudi heziketara sentsibilizatzeak eta pertsonaien problematikak ezagutzeak ikasleen ulermena errextuko dute proiekzioaren unean. Era berean, beren hipotesiak zuzenak diren ala ez egiaztatu beharrak ikusle aktiboago bihurtuko ditu ikasleak.
Proiekzioaren ondotik, film bakoitzarentzat sormen-jarduera bat proposatua izanen da.

CC-BY-SA - ICB - Lucie Lohier
CC-BY-SA - ICB - Lucie Lohier

Tresna guziak aholkulari pedagogikoekin elkarlanean sortuak izan direnez, ariketak eskola-programetan oinarritzen dira eta ikasleen gaitasunak lantzea ahalbideratzen dute: hiztegi berria eta gramatikako nozio berriak erabiltzea, irudiaren eta soinuaren azterketa, interpretazioa eta ondorioak ateratzea… Jarduera bakoitzari azalpen-fitxak eta ebaluazio-fitxak eransten zaizkio.

Gehiago jakin

 

Argazki galeria

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)