Jakes Larre
2022/09/14
Ipar Euskal Herriko lehen mailako eskolei kalitate handiko euskarazko animazio filmak eta laguntza pedagogiko egoki bat eskaintzeko asmoz, Euskal kultur erakundeak eta bere partaideek Zineskola euskarazko irudi heziketa dispositiboa berriz bultzatzen dute 2021-2022 ikasturterako. Dispositiboan parte hartu nahi duten irakasleek 2021eko azaroaren 17a arte dute EKE-ri izena emateko.
Zineskola dispositiboa Euskal kultur erakundeak du antolatzen ondoko partaideekin: Cinéma & Cultures, Cinévasion, Zineuskadi, IKAS euskal pedagogia zerbitzua eta Hezkunde Nazionala. Helburuak: euskarazko animazio film interesgarriak proposatu euskara irakasleei eta beren lehen mailako ikasleei, laguntza pedagogiko egoki bat eskaini, eta euskara eskolatik kanpo erabiltzeko parada eman.
Osasun krisiak azpikoz gora ezarri dituen bi edizioen ondotik, EKE-k eta bere partaideek 2022ko martxotik apirilera zinema geletara itzultzeko parada eskainiko diete ikasleei hiru filmekin: Harri Zopa, Ernest eta Celestine, eta Lur eta Amets.
Usaian bezala, irakasleei formakuntza saioak eskainiko zaizkie filmen edukiak ikasleekin lant ditzatzen. Parte hartu nahi duten irakasleek 2021eko azaroaren 17a arte dute Maitane Hernandez-i izena emateko.
2017 – Frantzia – 40 min – 3-6 urtetara (1. zikloa)
Zuzendaria: Arnaud Demuynck, Frits Standaert, Samuel Guénolé, Clémentine Robach eta Pascale Hecquet
Esku artean daukazuena kondairak eta mundu osoko neska-mutilen ohiturak bilzen dituen laburmetraia sorta da. Nork ez ditu lokartzeko ardiak zenbatu? Nork ez du trikota alderantziz jantzi eskolara joan aitzin? Edo nork ez du harri zoparen kondaira ezagutzen? Zinemaren hontzak xarmaz, fantasiaz eta umorez apaindutako bost istorio aurkezten dizkigu; hontza izanen da, gainera, istorio guzien arteko zubi lana eginen duen pertsonaia.
2012 – Frantzia – 80 min – 6-9 urtetara (2. zikloa)
Zuzendaria: Stéphane Aubier, Vincent Patar eta Benjamin Renner
Ernest basoan bizi den hartz handi bat da, musikaria ogibidez. Neguko lozorro luzetik esnatu denean, goseak amorratzen abiatu da hirira sabela betetzeko zerbaiten bila. Baina musikak ez dio jatekorik ematen, eta zaborrontzietan jaki bila ari dela, hara non topatu duen Celestine sagutxoa. Bai Ernestek bai Celestinek, elkarren laguntza beharko dute euren bizimodua aldatzeko. Hartzak goian eta saguak behean bizi diren gizarte zorrotz eta zurrunean, bi lagunok hainbat arau puskatu eta inguru osoa hankaz gora jarriko dute euren laguntasunari eusteko.
2020 – Euskal Herria – 83 min – 9-11 urtetara (3. zikloa)
Zuzendaria: Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce
Lur eta Ametsen burasoek asteburu honetan ezkontza dute eta bikiak amona Andereren etxean utzi dituzte asteburu pasa. Baina Andereren eta bere katu Baltaxarren boterei esker, ez da asteburu arrunta izanen. Bidaia batean murgilduko dira, garai eta sasoi desberdinetan abentura gazigozoak bizituz, gure historian zehar bidaiatuko dute. Beti izanen dira beraiek protagonistak, Andere eta Baltaxarren laguntza ordaingabearekin. Baina, tamalez, gaiztoak, sasoi eta garai desberdinetan, kasik beti izanen dituzte gibeletik.
Xehetasunak